Eralan

Eralan

EraLan proiektuaren liburua argitaratu da, lehenengo fasearen emaitzekin

EraLan deritzon proiektuaren lehenengo faseko ondorioak dituen liburua argitaratu da Soziolinguistika Klusterrak sustatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak finantziatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Hizkuntza normalizazio planak dituzten lan munduko erakundeei zuzenduta dagoen lan hau euskararen erabileran eragiten duten aldagaiak identifikatzeko eta horietan positiboki eragiteko metodologia gorpuzteko helburuarekin garatu den proiektua da.

EraLan izenak adierazten duena, "laneko erabilera" da; lan munduko euskararen erabilera. Eta horren atzean, bi lan nagusi egon dira: Laneko erabileran eragiten duten aldagaien identifikazioa eta aldagai horietan eragiteko interbentzioak diseinatzeko metodologia zehaztea eta aplikatzea.

Ikerketaren kokapen mugak "hizkuntza normalizazioa" eta "lan munduko erakundeak" dira; ikergaia "erabileran eragiten duten aldagaiak" eta lortu nahi izan den emaitza "eragiteko metodologia".

Proiektuaren emaitza nagusia interbentziorako metodologia, EPEsA (euskara planetan esku-hartze analitikorako) metodologia izan da.

Anbizio handiko proiektua izan da EraLan. Era honetan Euskal Herrian egin den lehena. Berritzailea. Berritzailea planteamenduan, ikergaian, metodologian eta osaketan. Euskararen erabilera laneko esparruan aztertu du. Analisi egituratuan oinarritutako ikerkuntza partehartzailearen enfokea erabili du. Ezagutza arlo ezberdinen arteko transferentzia bideratu du. Bilketa, sistematizazio eta metodologia produktu berriak eskaini ditu. Eta eragile mota ezberdinen arteko lan eta hausnarketa partekatua bideratu du, proiektuan parte hartu duten erakundeak izan baitira unibertsitate arlokoak, administrazioak, aholkularitzak, kluster erako agrupazioa edota sindikatu eta enpresa. Eta, zentzu horretan, eredugarria izan da; bidea zabaldu die etorkizunean etor daitezkeen beste ikerketa proiektuei.

Eskuartean duzun liburuan, EraLan ikerketa honetan egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri jasoko duzu. Lehen atalean, ikerketaren kokapen teorikoa eta proiektuaren garapenaren kronika aurkituko dituzu artikulu banatan. Bigarren atalean, proiektuaren emaitza nagusia izan den interbentziorako metodologia proposamena aurkezten zaizu, EPEsA (euskara planetan esku-hartze analitikorako) metodologia deitu duguna. Hirugarren atalean, berriz, proiektuan zehar erakunde ezberdinetan egin diren ikerketa-interbentzioen artikuluak aurkituko dituzu, zazpi guztira. Laugarren atalean, proiektuan landu eta erabili diren diziplinarteko hainbat adituren erreferentzia teorikoak jaso ditugu. Eta, bosgarren eta azken atalean, proiektuan sortu edota egokitu diren materialak bildu ditugu eranskin gisa hiru azpiataletan banatuta: EraLanek sortutako produktuak, EPEsA metodologiarako prestatutako fitxa ereduak eta psikologia sozialetik egokitutako diagnosi-tresnak.

Ikerketa-lanaren emaitza nagusia, hain zuzen, EPEsA metodologia pdf formatuan duzu hemen eskuragarri [PDF 1,63 Mb].