2025eko udazkeneko monografiak

Elkanoren herriari bueltaka / Ander Izagirre; Julen Gabiriaren itzulpena

Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zion bidaiaren bosgarren mendeurrena dela eta, Ander Izagirrek bidaia bat egin du bizikletaz Euskal Herrian zehar, eta horretarako, Elkanoren jaioterria, Getaria, aukeratu du bidaiaren abiapuntu eta helmuga gisa. Bidaia hori aitzakia izan da duela bostehun urteko istorio harrigarriak eta Agirrek berak bizi izandakoak liburu batean kontatzeko, eta bertan, irakurleak hainbat pertsonaia aurki ditzake: nabigatzaileak, esploratzaileak, esklaboak, iraultzaileak edo enperadoreak, meatzariak, etorkinak, arotzak, arkeologoak, sukaldariak, eskultoreak...

Izagirreren testuak bi euskal gizarteren (lehenengo mundu biran parte hartu zuena eta gaur egungoa) arteko kontrasteak eta antzekotasunak, kulturen nahasketa eta esploraziorako grina nabarmentzen ditu. Bidaia-kronikaren, abentura-narrazioaren, azalpen historikoaren eta entseguaren arteko nahasketa bat da liburua, kazetaritza-lanen ukituarekin.

Mauro / Mikel Guerendiain

Mikel Guerendiainen Mauro lehenengo eleberriaren abiapuntua Europako espetxe-ihes handienetako bat da: 1938ko maiatzaren 22an, zortziehun preso inguruk ihes egin zuten Iruñeko kanpoaldeko San Kristobal espetxetik. Preso batek ere ez zeukan odol-deliturik. Haietako asko ihes egin eta hurrengo orduetan hil edo atxilotu zituzten, baina beste batzuek lortu zuten ihes egitea Frantziako mugara oinez iristeko asmoz. Zenbait egunez, mendietan iheslarien ehizaldi bat egon zen, eta bertan, iheslariak eta jazarleak ez ezik, mugako herrietako biztanleak ere tartean izan ziren. Eta herri horietako biztanleen bizitzak dira, hain zuzen ere, eleberri hau osatzen dutenak.

Guerendiain 1983an jaio zen, Ziaurritzen (Nafarroan), eta egun haietan erail zituzten iheslarietako lau bertan daude lurperatuta. Eta Mauron ihesari buruz etengabe hitz egiten bada ere, liburu honetan ez dago gertakari horren bertsio ofizialik, hori ez baizen egilearen asmoa; izan ere, berak haratago joan nahi zuen. Mauro fikzioa da, eta eleberri guztiek bezala, badauzka lizentzia narratibo batzuk.

Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras / Gasteizkoak

Azken hamabost urteetan, hirukoiztu egin dira Euskal Herriko armagintza osatzen duten enpresak, zentroak eta entitateak, eta gaur egun berrehun dira. Obra horren bidez, azaldu nahi digute zer aldatu den gure gizartean gizarte-arbuio esanguratsu bat zeukan sektore hori hazteko, eta zein diren berrehun enpresa horiek, non dauden eta zer ekoizten duten. Horretaz gain, ikertzen dute zer aukera dagoen egungo produkzio-sistema zalantzan jarri eta sektore hori gizarte-onurako ekoizpen zibil bihurtzeko.

Gasteizkoak talde antimilitarista 1991n sortu zen, intsumisio-mugimenduaren babespean, eta bat egiten du Gasteizko langile-mugimendu beteranoarekin. Harrezkeroztik, militarismoaren aurkako salaketa ugariren protagonista izan dira, eta konplexu militar-industrialaren interesak eta egon litezkeen alternatibak aztertu dituzte.

Barreiatutako paisaiak : Gerardo D'Abrairaren industria-marrazketa = Paisajes desvanecidos en el aire : dibujos industriales de Gerardo D'Abraira

2024ko uztailaren 14tik azaroaren 2ra bitartean, Bilboko Ondare aretoan, Balmasedako La Encartada fabrika-museotik ekarritako obren erakusketa egin zen, Barreiatutako paisaiak izenburupean. Erakusketak, Bilboko Gerardo D 'Abraira marrazkilariaren obra ezezagun baten bidez, industria-iraganaren begirada eskaini zigun. Artista hori dokumentalista zorrotz bihurtu zen; fabriken esentzia kapturatzeaz gain, maila goreneko profesionala zela frogatu zuen, zehaztasun teknikoarekin eta lerroaren, kolorearen eta xehetasunen tratamenduan sotiltasunarekin.

D´Abrairak lortu zuen ospea dela eta, penintsulako beste industria-eremu batzuetatik ere deitu zioten mota horretako irudiak marraz zitzan; izan ere, halakoak ezin lor zitezkeen aireko argazkien bidez garai haietan. Nolanahi ere, 60ko hamarkadatik aurrera, airetiko argazkigintzak zokoratu egin zuen azkenean D’Abrairaren modukoen lana: industria modernoaren esparruan, eskulana, artea, marketina eta ikusizko komunikazioa uztartzen zituen lanbide bat.

Liburu horretan, aipatutako erakusketaren irudiak daude bilduta, eta Javier González Duranaren testuekin batera jarri dira, margolana testuinguruan kokatzeko.

Tolstói o Dostoievski / George Steiner; itzultzailea: Agustí Bartra

1929an jaio zen, Parisen, familia judu-vienar batean. Steinerrek hezkuntza poliglota jaso zuen frantsesez, alemanez eta ingelesez. Geroago italiera, greziera klasikoa eta latin klasikoa ikasi zituen. Zalantzarik gabe, horri esker lortu zuen mendebaldeko ia literatura guztia menderatzea. Ipar Amerikako eta Europako unibertsitate nagusietan (Harvard, Chicago, Princeton, Oxford eta Cambridge) ikasle eta geroago irakasle izan zen. Genevako Unibertsitatean behin betiko ezarri zen, eta han Literatura Konparatua irakatsi zuen. Ezaguna izan zen komunikabide hauetan parte hartzeagatik: The New Yorker, The Times Literary Supplement, The New York Times, The Observer edo The Economist

1959an idatzitako lan horretan, Steinerrek mendetako bi literatura-tradizio aztertzen ditu: epika eta munduaren ikuspegi tragikoa. Bere lanean, bizi-ibilbide luzea zorrotz ikertzen du, Homerotik Tolstoiraino eta Edipo Erregetik Karamazov anaiakeraino. Steinerrek Jainkoaren eta munduaren kontrako bi ikuspegi horiek erabiltzen ditu, Europako eta Ipar Amerikako nobelaren bilakaera  haren figura garrantzitsuenen bidez argitzeko. Liburu hau Agustí Bartrak 1968an jatorrizko testutik abiatuta egindako itzulpenaren edizio berria da.

Lan honen lehen esaldia literatura-kritikariaren bokazioa laburbiltzeko aipu ospetsu bihurtu da: "Literatur kritika maitasun-zor batetik sortu beharko litzateke". Aipu horren bidez, Steinerrek uste zuen kritikariak gogoko eta miresten dituen obra eta egileei buruz, batez ere, idatzi behar duela, haiek hobeto ulertzen saiatzeko eta beste pertsona batzuekin partekatzeko.

El malestar de los varones en tiempos de oscuridad / Alejandro Vainer, Carlos Barzani

Bizi dugun garai historiko honetan, hainbat gertakari nagusitzen dira: emakumeen borroka, egitura patriarkalak zalantzan jartzea, askotariko identitateak aldarrikatzea eta genero-politikei eraso egiten dieten ideologia berrien sorrera. Testuinguru horretan, maskulinitate tradizionala krisian dago. Saiakera horretan, gaur egungo gizonek dituzten kontraesan, frustrazio eta erronkei heltzen zaie. Egileek (Alejandro Vainer eta Carlos Barzani) ondoeza diagnostikatzeaz gain, testuinguru sozial, politiko eta psikologiko batean kokatzen dute, eta biktimismo erreakzionarioei zein kontzeptu-sinplifikazioei egiten diete aurre.

Alejandro Vainerrek eta Carlos Barzanik deseraikitze maskulinoaren mitoa desmuntatzen dute prozesu indibidual gisa, eta patriarkatuak gizonei ere ezartzen dien sufrimenduaren irakurketa politikoa planteatzen dute. Maskulinitate hegemonikoaren kontraesanak eta boterearen eta hauskortasunaren arteko lotura aztertzen dituzte, eta, horretaz gain, mendekotasun-zikloa hausten duten izaerak irudikatzeko beharrizana.

Obrak bi ardatz nagusi dauzka: bata, historian zehar gizonezkoen maskulinitatea nola eraiki den, eta bestea, ondoeza deseraikitze bihurtzeko proposamen bat.