2024ko udako monografiak

Paul Auster

Joan den apirilaren 30ean, Paul Auster idazle estatubatuar ospetsua hil zen. Autore emankor hark literatura-genero guztiak landu zituen, baita zinemarako gidoiak idatzi ere. Oso ospetsu egin zen bere eleberriei esker, zeinetan irakurlea, Sagar Handian barneraturik, hiriko kaleetan paseatzen baita, eta bertako asfaltoa, zarata eta etxe-orratzen handitasuna sentitzen. New Yorkeko trilogia izeneko eleberriak eta Smoke filmak, besteak beste, eman zioten kultu-idazlearen estatusa Austerri.

Zoriaren eta kontingentziaren idazlea da, inor bada. Bere obran, hitz-erdika aipatzen ditu batzuetan bere bizitzari buruzko zertzeladak. Haren estiloa soila da itxuraz, baina narrazio-arkitektura konplexua ostentzen du, non nagusi baitira digresioak, metafikzioa, istorio habiaratuak eta ispilatzeak. Berak aitortzen zuen idazle oso zehatza zela, eta ordu asko ematen zituela orrialde bakoitza taxutzen, soiltasun-itxura hori lortu arte.

Bizkaiko Foru Liburutegiak erakustoki bat eskaini dio, haren zenbait obra libreki begiratzeko, eraikineko 3. solairuan. Euskarazkoak Oskar Aranak itzuli ditu. Besteak beste, eleberri hauek aurki daitezke:

Agotak : berditansunaren alde borrokalari / Josu Legarreta, Xabier Santxotena

2018an, Josu Legarretak eta Xabier Santxotenak El orgullo de ser agote argitaratu zuten (hura ere Bizkaiko Foru Liburutegiaren bildumakoa). Argitalpen horren ondorioz, egileei askotan galdetu zieten ea zein hizkuntzatan mintzo ziren agotak. Horregatik erabaki zuten lan berri hau euskaraz argitaratzea.

Lan honekin, orobat, egileek alde batera utzi nahi izan dute agotak kataroen jarraitzaile izateagatik diskriminatuak eta jazarriak izan zirelako ustea. Ez da hori erabateko egiatzat hartzekoa, baldin kontuan hartzen badira XIII. mendeko Europako nazioarteko harreman politiko, ekonomiko eta erlijiosoei buruzko estudioak. Oraindik aztertu gabe dago nola sortu eta hedatu ziren herrien iruditerian katarismoa eta haren jarraitzaileenganako gorrotoa. Ez du hain azterketa sakona egitea xede, baina lan honi esker hipotesi berri batzuk planteatu daitezke agotak gure inguruneko lurretara etortzeko arrazoiari buruz.

Gainera, egileen arabera, agoten bizitza, historiako beste kontu asko bezala, egungo metodologien bidez esplikatu behar zen: haien bizimoduak beti azaldu izan dira era gehienbat negatiboan edo ikuspuntu antropologikotik, baina haiek pentsatu zuten bazela ordua izan zituzten bertuteak erakusten hasteko, berdintasunerako eskubidea lortzeko egin zituzten ahaleginak eta ekintzak ikertuz eta zabalduz.

Bibliotecas : una historia frágil / Andrew Pettegree, Arthur der Weduwen ; traducción de Enrique Maldonado Roldán

Liburutegiak memoriaren erakundeak dira gizarteentzat, eta mundu ezagun guztian ospetsuak. Liburutegi terminoak oso kontzeptu desberdinak biltzen ditu, hala sabaiak urre-xaflaz eta freskoz ohoragarriki apainduak zituzten toki bikain haiek, nola pufez eta umeen marrazkiz beteriko areto modernoak. Saiakera honek liburutegien eta haiek eraiki zituzten pertsonen historia liluragarria aztertzen du, antzinarotik aro digitaleraino. Toki horiek pasioak pizten dituzte, bai erakunde erraldoien artean, beren funtsez harro ageri baitira, bai bildumagile pribatuen artean, beren liburuak arretaz bildu eta gordetzen baitituzte.

Andrew Pettegree eta Arthur der Weduwen historialariek, orrialde hauetan, zenbait antikuario eta filantropo aurkezten dizkigute, munduko bilduma handiak taxutu eta moda literarioen gorakada eta gainbehera bideratu zituztenak, eta, gainera, eskuizkribu bitxien bila egindako zenbait gaiztakeriaren berri ematen digute.

Lan honek liburutegien hauskortasunaren paradoxa zertan den azaltzen du; izan ere, egun bakar batean suntsi daitezke, eta askotan hamarkada gutxian hondatzen dira, baina liburutegiaren ideia oso iraunkorra da, zeren eta belaunaldi bakoitzak erakunde hori sortu eta birsortzen baitu.

Palestina / Joe Sacco ; traducción del inglés Julen Gabiria

1990eko hamarkadaren hasieran Joe Sacco gazteak egindako bidaiatik, Palestina komikia sortu zen. Fantagraphics argitaletxeak 1996an argitaratu zuen lehenengoz, ingelesez, eta American Book saria irabazi zuen liburuak. Bidaia hartan, kazetari-marrazkilaria merkatuetan paseoan ibili zen, presoei elkarrizketak egin zizkien, manifestariekin solasean aritu zen, nekazariekin bazkaldu zuen, ospitaleetako gaixoak bisitatu zituen, eta, finean, Gaza eta Zisjordaniako herritarren bizitzan eta kulturan murgildu zen.

Palestina izan zen Joe Saccoren aurreneko obra politiko eta historiko handia. Harrezkero, Sacco Kazetaritza Berria deritzonaren sinonimo bihurtu da, eta Art Spiegelmanekin konparatu izan dute; Maus: bizirik irtendako baten kontakizuna obraren egilearekin, alegia. Obra hori Kazetaritzako Pulitzer saria jaso zuen aurreneko komikia izan zen. Palestina, dokumentu etnografiko aparta, garai hartako kronika garratza eta denboran gehiegi luzatzen ari den gatazka bati buruzko ikuspegi ezin pertsonalagoa izateaz gain, zinez liburu baliagarri eta esanguratsua da Ekialde Hurbilak geopolitika garaikidean jokatzen duen rola ulertzeko. Hitzaurrea Edward Saidek idatzi zuen. Said ingelesezko literaturako eta literatura konparatuko irakasle izan zen Columbia Unibertsitatean, eta Palestinako eta Estatu Batuetako nazionalitatea zuen.

Astiberrik lehenengoz argitaratu du obra Julen Gabiriak ingelesetik euskarara itzulita.

Ciudad glocal : globalización y proximidad / Nerea Aranbarri Kortabarria (ed.)

Errealitate konplexu batean bizi gara, zeren eta munduan gertatzen den guztiak eragina baitu gure egunerokoan, eta, aldi berean, gure eguneroko bizitzak eragina baitu planetaren etorkizunean. Munduaren, hirien, lurraldeen eta komunitateen globalizazio lasterrak mehatxuak eta aukerak dakartza. "Globalki pentsatu eta lokalki jardun" klasikotik glokalki pentsatu eta jardun beharrera igaro gara. Hala ere, uste sendoak talka egiten du elementuen antolamenduan nagusi den logika tradizionalarekin, zeren eta baliabideak eta boterea, gehiegitan, arazoaren guneetatik eta arazoak pairatzen dituzten herritarrengandik urruntzen baitira.

Lan honetan hiri glokalaren kontzeptuari buruz hausnartzen da. Kontzeptu hori globalizazioaren eta hurbiltasunaren arteko konbergentzia eta dibergentzia puntuen emaitza da. Lanak gobernantza-eredu demokratikoagoak sortu nahi ditu, hirien, lurraldeen eta komunitateen garapen gizatiarrago eta jasangarriago bat lortzera bideratuak.

Nerea Aranbarri Kortabarria arduratu da talde-lan honen edizioaz. Arkitektoa da, Deusto Cities Lab katedrako ikertzailea eta Erasmus Mundus RePIC (Re-designing the Post-Industrial City) baterako masterreko zuzendaria. Beraren ikerketa-jardunaren ardatza hiri-garapen jasangarri integratuaren gobernantza da, bai eta hiri-laborategi bizidunak ere, giza garapenaren gakoetan integratutako hiri-berroneratzeko prozesuak sustatzeko bitarteko gisa.

Bilbao : un paseo en acuarela = ibilaldi bat akuarelaz = a stroll in watercolour / Elena Ciordia

EObra honetan zenbait akuarela bildu dira, Bilboko txokorik ospetsuenak ilustratzen dituztenak. Oso leku ezagunak topatuko ditugu, hala nola Arriaga antzokia edo Plaza Barria, baita Bilboren nortasun modernoa finkatzen lagundu duten eraikin berriak ere.

Elena Ciordia, Ortuellan jaioa eta Gorlizko bizilaguna, Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, Pintura espezialitatean. Banakako hogei erakusketa baino gehiago egin ditu estatu osoan, eta hainbat talde-erakusketatan ere parte hartu du. Zenbait erakunderen aginduz ere egin ditu lanak, hala nola Jaéngo Nazioarteko Naïf Museoaren, Madrilgo Posta eta Telegrafia Museoaren eta Bilboko Basurtuko Ospitalearen aginduz. Gaur egun, liburuak ilustratzen dihardu; besteak beste,30 emakume ahaztezin, Guggenheim Bilbao Experience edo Baginen: Euskal Herriko historia emakumeen bitartezazken hau, Cira Crespok idatzitakoa). Aipatutako liburuak Bizkaiko Foru Liburutegian daude.