Udaberriko monografiak 2024

El hombre de la guerra / Ramiro Pinilla

Ramiro Pinillaren jaiotzaren mendeurrenarekin batera autore getxoztarraren hil osteko lan hau argitaratu da. Idazleak, Nadal Saria, Kritikaren Saria, Narratibaren Sari Nazionala eta Euskadi Saria irabazi zituenak, argitaratu gabe utzi zuen eskuizkribu hau, ziurrenik 1972 eta 1974 artean idatzia, orain arte galduta egon dena.

Nobelak Urko Pínagaren istorioa kontatzen du. Txikitan Ingalaterran erbesteratu behar izan zen eta hogeita hamar urte baino gehiago igaro ondoren Getxora itzultzen da. Lanak izeba Floraren gutun desesperatuaren inguruko polizia-bilbe batean murgiltzen gaitu; kontua da izeba Florak garaiz itzul dadila eskatzen diola Urkori, agintariek etxea eraitsi ez dezaten. Nobelaren gai nagusia Gerra Zibilak pertsonaien bizitzan utzitako aztarna ezabaezina da.

El hombre de la guerra / Ramiro Pinilla

Maleficium : Nafarroa eta sorgin ehiza, XIV.-XVII. mendeak / Jesús M. Usunariz

Aro modernoan Nafarroako Erresuma histeria kolektiboko hainbat gertakariren lekuko izan zen, eta horrek kezka handia sortu zuen herritarrengan eta agintariengan. Gertakari horiek ondorio lazgarriak izan zituzten sorginkeriaz akusatutako gizon eta emakumeentzat. Zugarramurdiko 1609ko gertakariak garai nahasi honen amaiera markatu zuen, baina lehenago beste jazarraldi batzuk gertatu ziren Nafarroako mendietako hainbat eremutan, are emaitza tragikoagoekin.

Argitaratu berri da Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak 2020an antolatutako erakusketaren emaitza den katalogo hau. Egileak, Jesus M. Usunarizek, Historia Modernoan katedraduna Nafarroako Unibertsitatean, sakon eta zorrotz berrikusten du Artxiboan gordetako dokumentazio ugaria, sorginkeriaren fenomenoa hainbat ikuspegitatik aztertzeko.


Bizkaiko Foru Liburutegiak gaztelaniaz ere badu lan hau.

Maleficium : Nafarroa eta sorgin ehiza, XIV.-XVII. mendeak / Jesús M. Usunariz

100 años de música : 100 urte Bilbao Orkestra Sinfonikoa / Kike Infame

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren lehen kontzertua 1922ko martxoaren 8an izan zen, Arriaga antzokian, eta taldearen lehen zuzendaria izan zen Armand Marsickek zuzendu zuen. Bilboko Orkestraren mendeurrena dela eta bere historia kontatzen duen komiki honen 850 ale argitaratu dira. Komikia, euskarazko eta gaztelaniazko edizio elebiduna, hiru ataletan egituratuta dago: haria, haizea eta perkusioa. Binetak Kike Infamerenak dira eta gidoia Luis Javier Pérezen testuetan oinarritzen da.

Lanak BOSen historian funtsezkoak izan diren hiru izen berreskuratzen ditu: Juan Gortazar, Javier Arisqueta eta Lope Aranarenak, "El Cuartito" izeneko lokal batean kontzertuak eta hitzaldiak programatzen hasi zirenak. Bilboko "musikaren hiru apostoluak" izenez ezagunak, Bizkaiko Musika Akademiaren (Musika Kontserbatorio bihurtu zena), Elkarte Filarmoniko eta, ondoren, BOS bultzatzaileak izan ziren, eta gaur egunerako 4700 kontzertu baino gehiago eskaini ditu.

100 años de música : 100 urte Bilbao Orkestra Sinfonikoa / Kike Infame

Black is beltza II : Ainhoa / Fermín Muguruza, Harkaitz Cano, Isa Campo

Lan hau Black is Beltza komikiaren bigarren partea da. Lehenengo zatian, Fermin Muguruzak hirurogeiko hamarkadako mugimendu iraultzaile asko aztertu zituen, Estatu Batuetatik Aljeriaraino. Bigarren ale honetan, Ainhoarekin, lehen zatiko protagonistaren alabarekin, bidaiatuko dugu. La Paz hirian jaiotako emakumea da, baina kubatarra adopzioz, uharteko bi bisitariei esker euskara ikasten duena. Lanak laurogeiko hamarkadan Libanon, Kabulen, Turkian edo Kurdistanen izandako iraultzak erakusten ditu, eta haien emakumezko gerrillak ere bai.

Ainhoan emakumeak dira protagonista. Obra Susanna Martínek ilustratzen du, eta gaztelaniaz eta katalanez ere aurkitu daiteke Bizkaiko Foru Liburutegian.

Black is beltza II : Ainhoa / Fermín Muguruza, Harkaitz Cano, Isa Campo

Este barrio de barro : una historia del chabolismo en Bilbao / Iñigo López Simón

Bilboko Etxola Batean liburua, Elkar argitaletxeak 2021ean argitaratua, joan den mendeko Bilboko txabola auzoei buruzkoa da. Jatorriz euskaraz idatzia, Bizkaiko Foru Liburutegian ere badagoena, orain gaztelaniara itzulita argitaratzen da.

Berrogeita hamarreko hamarkadan 25000 pertsona bizi izan ziren Bilbo inguratzen duten mendietan; Bilbora iristean bizitzeko leku bat behar zuen jendea. Eskari hori konpontzeko hasiera batean Otxarkoaga eraiki zen, baina ez zen nahikoa izan. Migrazioak jarraitu egin zuen eta beste auzo batzuk eraiki behar izan zituzten, hala nola Rekaldeberri, Zorrotza, Uribarri... periferiako auzo guztiak. Bizitoki-premia larri horrek hirigintza oso eragabea, gutxi planifikatua eta oso prekarioa ekarri zuen.

Iñigo López Simón Historia Garaikidean doktorea da UPV/EHUn. Hiri-marjinalitatea eta gazte-delinkuentzia ditu ikergai, eta hainbat artikulu idatzi ditu aldizkari desberdinetarako gai horiek jorratuz. Autoreak defendatzen duenez, historiografia ofizialak ez du kontuan hartzen txabolismoa; baina errealitatea bestelakoa da, fenomeno honek, Bilboko hirigintzan ez ezik, bere izaeran, soziologian eta politikan ere eragina izan zuelako.

Este barrio de barro : una historia del chabolismo en Bilbao / Iñigo López Simón<

La mujer y su expresión : apología de un feminismo original / Victoria Ocampo

La mujer y su expresión, Buenos Aireseko Editorial Sur argitaletxeak 1936an argitaratu zuen liburua da eta hiru saiakera biltzen ditu: La mujer y su expresión, El esbozo de una vida eta La mujer, sus derechos y sus responsabilidades. Lan hau intelektual bikain bat eta bere ikuspuntu berezia ezagutzeko aukera da: emakumeen emantzipazioa lortzeko, gizonaren eta emakumearen arteko hurbilketa oso, garbi eta kontzientean konfiantza zuen Ocampok.

Victoria Ocampok, askotan bere biografia propiotik abiatuta, orrialde asko eskaini zizkion emakumeak gizartean bizi izan zuen egoeraz eta esparru publikoan izan zuen parte-hartzeaz hausnartzeari. Bere programaren faktore erabakigarria hezkuntza zen. Bere ustez, emakumearen eta gizonaren irakaskuntzaren artean zeuden ezberdintasunak eta estereotipo batzuk ziren haien mendekotasun sozialaren eragileak.

Victoria Ocampo, idazle bikaina, Argentinako Letren Akademian onartutako lehen emakumea izan zen. Bere saiakerak, kalitate handikoak, estilo dotore bezain adierazkorrean idatzita daude.

La mujer y su expresión : apología de un feminismo original / Victoria Ocampo

Itzulerak / Miren Agur Meabe

Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra orain arte burutu duen ibilbideaz harro egon daiteke, Haur eta Gazte Literaturako hiru Euskadi Sari eta 2021eko Poesiako Sari Nazionala jaso dituelako, azken sari hori euskaraz idatzitako lan bati eman zitzaion lehena. Gainera 2023ko apiriletik euskaltzain oso da.

Bere azken lana eleberri bat da, Itzulerak, non benetako bizitzako pertsona baten istorioa erreskatatzen duen: Martija de Jauregi, 1582an Inkisiziotik ihes egin behar izan zuen sendatzaile nafarra. Meabek denboran zehar bidaiarazten du bere pertsonaietako bat, Katalin, eta XVI. mendean kokatzen du, Martija ezagutuz.

Nobelak superstizioak, herri-jakinduria eta mitologia uztartzen ditu abentura geografiko eta espiritual baten barruan, eta hori guztia indarkeriaz, iruzurrez, samurtasunez, ausardiaz, maitasunez, traizioz eta leialtasunez hornitura eskaintzen du.

Itzulerak / Miren Agur Meabe

Bihotz-begietan eta gainerako olerkiak: (euskara batura hurbilduak) / Jose Maria Agirre Egaña Lizardi

Euskaltzaindiak Xabier Lizardiren Bihotz-begietan eta gainerako olerkiak antologia aurkeztu du; Lizardi, Lauaxetarekin batera, gerra aurreko literaturako euskarazko poetarik adierazgarriena izan zen. Karlos Otegi da edizio honen arduraduna, eta dagoeneko ezagunak diren 56 poema biltzen ditu. Horiei Inazio Agirre Zubiak, poetaren bilobak, aurkitutako bi poema berri eta argitaratu gabe gehitu zaizkie.

Karlos Otegik euskara batura egokitu ditu olerkiak, errimak, metrika eta sonoritatea errespetatuz, eta lanaren hasierako 76 orrialdeko ikerketa kritikoaren egilea ere bada.

Azken orrialdeetan pertsonen eta lekuen esamolde eta izen propioen hiztegi batek osatzen du lana.

Bihotz-begietan eta gainerako olerkiak: (euskara batura hurbilduak) / Jose Maria Agirre Egaña Lizardi

El malestar en la turistificación : pensamiento crítico para una transformación del turismo / Ernest Cañada, Clément Marie dit Chirot, Ivan Murray (eds.)

Ikertzaile talde batek turismo-egoera globala aztertzen du eta turismo-eredu alternatiboak proposatzen ditu, hala nola, turismo soziala eta hurbileko turismoa, lurraldea orekatzen laguntzen duena eta herri-sektoreei mesede egiten diena. Ikerketak fenomeno konplexua ulertu nahi du turistifikazio-prozesuen inplikazioei aurre egiteko.

Autoreen arabera, turistifikazioa eraldaketa sozioespazialeko prozesu bat da, jarduera turistikoen hazkundearen ondorioz, beste behar eta erabilera batzuk mugiaraziz eta lekualdatuz, bizitza ekonomiko eta sozial osoa jarduera horien mende jartzen duena. Prozesu honek lehengaien eta energiaren ekarpen handia behar du, biztanleria flotatzailearen hazkundeen kontsumoari eutsi ahal izateko; baliabide horiek lurraldetik bertatik ateratzen dira, gainustiapena eta degradazio progresiboa eragozteko mugarik gabe.

El malestar en la turistificación : pensamiento crítico para una transformación del turismo / Ernest Cañada, Clément Marie dit Chirot, Ivan Murray (eds.)