Esku-hartze sozialeko SENDIKO Proiektua

Helburuak

  • Gurasotasuna lantzea, bai eta adingabeen hazkuntzarako gurasoen gaikuntza ere.
  • Familia-loturak eta harreman-ondasunak erreparatu, hobetu eta indartzeko sostenguak garatzea (honako termino hauetan adierazten dira: entzutea, aintzatespena, errespetua, konfiantza, babesa, afektua, zaintza, segurtasuna, konpainia, doakotasuna, elkarrekikotasuna…).
  • Gurasoei entrenamendua ematea adingabeentzako loturazko eremu seguru eta babesgarriak eraikitzeko.
  • Familiaren beharrizan afektibo, emozional, erlazional eta sozialei heltzea.
  • Hezkuntza arloko talde profesionalei tresna egokiak eskaintzea ikasleen beharrizan emozional eta loturazkoak ulertzeko eta hobeto artatzeko.
  • Hezkuntza-komunitatearen eta gizarte-zerbitzuen sistemaren erantzun integratuak esperimentatzea (arreta-ibilbide partekatuak), adingabeen harreman positiboak garatzeko gaitasunak eta trebetasunak hobetzeari begira.
  • Genero-ikuspegia txertatzea familiekiko esku-hartzeetan, emakumetasuna desabantailan jartzen eta gutxiagotzen duten egoerei antzeman eta aurre egiteko, baita genero-estereotipoei ere.

Gauzatuko den jardueraren hartzaileak

Programa zuzenduta dago gizarte-kalteberatasun handiko 35 familiari, zeinek ezaugarri hauek baitituzte:

  • Familia-testuinguru biolentoa edo oso konfliktiboa.
  • Egitura gabeko familia (antolaketa egokiarena, komunikazioarena, harreman positibo eta egokiena, babes-funtzioarena…).
  • Lotura osasuntsu eta positiboen beharrizana indartzeko sostenguen premia duen familia.
  • Adingabearen egoera emozional, akademiko edo erlazionalean eragin dezaketen desoreka familiarrak.

Jarraipen taldeak hautatuko ditu familiak, ikastetxeek proposatuta, eta, jarduera gauzatzeko, ikastetxeak familia-sistema osoari laguntzeko esku-hartze bat eskainiko dio familiari, familia barruko atxikimendua indartzeko eta ikasgelan adingabearen harreman positiboak ezartzeko helburuarekin.

Jarduera

Programak Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuko 2.7.3.1 fitxa garatuko du: «Familiekin gizarte- eta hezkuntza-arloan eta/edo arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak».

Zerbitzu horiek prestazio erlazionalen multzo bat osatzen dute, familia- edo bizikidetza-unitateei sostengu sozioedukatiboa eta/edo psikosoziala ematera bideratuta dagoena, helburu hauekin:

  • Laguntza ematea beste egokiago batzuekin ordeztu ditzaten aztura, portaera, pertzepzio, sentimendu eta jarrera desegokiak, bai eta eskura edo gara ditzaten behar dituzten gaitasunak (jarrerak, ezagutzak, irizpideak, jarraibideak, trebetasunak), euren konturako pertsonekiko bizikidetza egokia eta/edo zaintza egokia ahalbidetzeko, eta, hala badagokio, aldatu ditzaten gurasoen, familien eta bizikidetzaren eginkizunak eta erantzukizunak behar bezala betetzea zailtzen duten alderdiak.
  • Bizikidetza-testuinguruaren areagoko narriadura eragoztea, eta portaera moldakaitzei edo krisi-egoerei brida jartzen eta aurre egiten saiatu.

Hiru lan-eremu definitzen dira:

  1. FAMILIA (banakakoa/taldekoa)
  2. ESKOLA (irakasleak eta eskola)
  3. KOMUNITATEA (familiaren inguruko baliabide eta sare komunitario guztiekiko sostengua, lotura eta koordinazioa)

Esku-hartze psikosozial eta sozioedukatiboa bideratuko da familiek ahalik eta potentzial pertsonal eta sozial handiena gara dezaten hezkuntza-eredu inklusibo batean, arreta berezia jarrita bizitza erlazional osasuntsu baten eraikuntzan eta garapenean.