Gizarteratze alorreko Programa Espezializatuetarako sarbidea

1.- Egonaldi ertaineko eta luzeko programetarako sarbidea.

Erabiltzaileak.

  1. Zerbitzuen erabiltzaile izan ahalko dira, eskaria aurkezten duten unean, honako betekizunak betetzen dituztenak:
    1. Baldintza orokorrak.
      1. Adina: 18 urte baino gehiago izatea.
      2. Administrazio betekizunak: Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea eskaria egiten den unean.
      3. Beharrizanei lotutako baldintzak:

        Diagnostikatutako egoera eta kategoria:

        Gizarte bazterketako diagnostiko kategorian egotea edo kategoria horretan egoteko arriskua izatea, Gizarte Bazterketa Baloratzeko Tresnaren I. irizpidea dela-eta, horretarako, beharrezko balorazioko foru aginduaren bidez egiaztatu beharko delarik egoera, II. tituluan xedatutako prozedurarekin bat eginez.

        Intentsitatea:

        Gizarteratze alorrean, bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuen esku-hartzea behar izatea, laguntza intentsitate handiarekin edo ertainarekin.

    2. Baldintza espezifikoak.
      1. Bere egoeraz jabetzea eta egoera hori aldatzeko motibazioa izatea, hau da, pertsona hori prest egotea bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuen laguntza eta esku-hartzea eskatzeko eta onartzeko, hain zuzen ere, lehenengo mailako gizarte zerbitzuetan hasitako prozesuari jarraikortasuna emateko.
      2. Ez behar izatea gizarte zerbitzuetako sareko zuzkiduren irismenetik eta aukeretatik kanpo dagoen osasun laguntza berezirik eta/edo laguntza iraunkorrik.
      3. Gizarte bazterketa, desgaitasun eta/edo menpekotasun arriskuak dituzten pertsonen kasuan, espezializatutako gizarte diagnostiko baten bidez egiaztatu egin beharko da gizarte bazterketa hori dela bere egoeraren faktore erabakigarria.
      4. Gaixotasun mentala diagnostikatuta duten pertsonak, egonkortasun klinikoko egoeran egon beharko dira, gizarte alorretik pertsona horiekin esku-hartze profesionala egin ahal izateko.
      5. Gizarteratzeko prozesuan parte hartzeko konpromisoa hartzea, arreta espezializatuko planeko xedapenekin bat eginez.
      6. Komunitate alorreko esku-hartzea mantendu ahal izatea ezinezko egiten duten espaziorik eta/edo euste neurririk behar ez izatea.
  2. Era berean, zerbitzua egokia izan beharko da erabiltzailearen beharrei erantzuteko, egokitasun hori justifikatu egin beharko delarik espezializatutako balorazioa eta gizarte diagnostikoa egin ondorengo orientazioan edo jarraipen balorazioa egin ondoren.
  3. Edonola ere, eta indarrean dagoen araubidean aurreikusitakoan oinarrituz, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonek, eskubide subjektiboa eta lehentasuna izango dute plaza esleitzean eta plaza jasotzean, hala, I. irizpidea kontuan hartuz, arrisku egoerako balorazioa jaso dutenen aurretik esleituko zaielarik plaza, betiere, zerbitzuak eskuratzeko irizpide espezifikoak betetzen badituzte.
  4. Era berean, lehentasuna izango dute beti dagokion zerbitzuko itxarote-zerrendan.

    Ondorioz, gizarteratze alorreko zerbitzu espezializatuen sarean ez dira egongo I. irizpidea dela-eta gizarte bazterketa egoeran egoteko arriskuaren diagnosi kategoria duten pertsonak, betiere, itxarote zerrendan, egiaztatutako gizarte bazterketako diagnosi kategoria duten pertsonak egonez gero.

    Prozedura hastea.

    Prozedura hasi aurretik, erabiltzaileak eskaria aurkeztu beharko du gizarte bazterketa aintzatesten duen ebazpenaren indarraldiaren barnean, normalizatutako ereduarekin bat eginez, eta, hala badagokio, bertan jasotako atxikitako dokumentazioarekin, dokumentazio hori gizarte bazterketa alorrean eskumenak dituen sailean ez baldin badago.

    Eskariaren edukia.

    1. Plaza eskaria gizarte bazterketa egoeraren balorazio prozesuan gauzatzen denean, 22. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, ez da dokumentazio osagarririk aurkeztu beharko.
    2. Eskaria gizarte bazterketa egoeraren balorazioaren indarraldian egiten denean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
      • Ordezkaritza emanez gero, ordezkaritza boluntarioaren inprimakia, ordezkaritza ematen duen pertsonak eta ordezkariak sinatuta.
      • Balorazioaren indarraldian pertsona horren ezgaitasuna gertatzen denean, legezko ordezkariaren egiaztagiriak.
      • Eskatzailearen errolda ziurtagiria, egoitzazko udalerrian altan eman zen eguna egiaztatzen duena.
      • Eskaria oinarrizko gizarte zerbitzuetatik edo Bizkaiko Foru Aldundiaren bestelako arreta espezializatuko zerbitzuetatik etorriz gero, eguneratutako gizarte txostena.

    Ebazteko epea.

    BI (2) HILABETE.

    1. Gazteei zuzendutako arreta programan parte hartzea.

      Programan parte hartzeko aukera hauek daude:

      1. Gizarte bazterketa baloratzea eta espezializatutako gizarte diagnostikoa izatea, II. tituluan aurreikusitako terminoetan, betiere, kontuan hartuz, pertsona horrek hurrengo artikuluan adierazitako adinaren baldintza bete beharko duela.
      2. Bizkaiko Foru Aldundiaren haurtzaro eta nerabezaro alorrean eskumenak dituen zerbitzuak bideratuta, hurrengo artikuluan jasotako xehetasunekin bat eginez. Kasu horietan, bideratzea zerbitzu horretako arreta bukatu baino hiru (3) hilabete aurretik gauzatuko da.

      2. Kasu bietan, beharrezkoa izango da pertsona horrek programako plazaren eskaria sinatzea eta honako agiriak aurkeztea:

      1. Plazaren eskaria gizarte bazterketaren balorazio prozesuan egiten denean, balorazio eskarian aurkeztutako agiriez gain, ez da beste agiririk aurkeztu beharko.
      2. Plaza eskaria haurrei eta nerabeei arreta emateko eskumenak dituen zerbitzuak egiten duenean, horretarako onetsitako eskaera ereduan zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dira.
    2. Oinarrizko sareko eguneko zentroetarako eta lan-aurreko lantegietarako sarbidea.

      Oinarrizko sareko eguneko zentroetarako eta lan-aurreko lantegietarako sarbidea arautuko dute Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren foru diputatuaren martxoaren 21eko 4220/2016 Foru Aginduak eta bere garapen jarraibideek.