Gaixotasun mentalen bat duten pertsonentzako zerbitzuak eta zentroak

GAIXOTASUN MENTALEN BAT DUTEN PERTSONENTZAKO ZERBITZUAK ETA ZENTROAK

Ikuspegi indibidualizatuko berariazko bitartekoak dira, gaixotasun mental kronikoren bat edo iraupen luzeko nahasmendu mental larriren bat duten pertsonei laguntza egokiak eskaintzeko xedea dutenak.

Eguneko arreta-zentroak

Zentro horiek gaixotasun mental kronikoren bat duten pertsonei egunez arreta indibidualizatua eta integrala aldi baterako edo modu iraunkorrean eskaintzen dieten zentroak edo zerbitzuak dira.

Ondoko hauek dira horien helburuak:

  • Norberaren autonomia hobetzea edo autonomia-maila jakin bati eustea.
  • Muga funtzionalak konpentsatzea.
  • Ohiko zaintzaileei laguntza ematea.

Helburu horiek betetzeko, prebentzioaren, gaikuntzaren eta laguntzaren arloetako jarduerak burutzen dira, autonomia pertsonalerako eta komunitate-ingurunean parte hartzeko gaitasunak garatze eta gaitze aldera.

Egoitza-zentroak

Gaixotasun mental kronikoren bat duten pertsonak artatzen dituzten zentroak edo zerbitzuak dira, beren gaitasun eta trebetasun pertsonal eta erlazionalak hobetzera bideraturik dauden prestazioen bitartez, haien garapen pertsonala, integrazioa eta ingurunean parte hartzea erraztu eta, oro har, haien bizi-kalitatea hobetze aldera.

Ondoko hau da egoitza-zentro horien xedea: ohiko ingurunean beren beharrak egokiro ase ezin dituzten eta beste arreta-sistema batzuetan kokaturik dauden zerbitzuen berezko intentsitatea eta laguntza behar ez duten gaixotasun mentalen bat duten pertsonei laguntzea.

  • Norberaren autonomiari eustea eta autonomia hori galaraztea saihestea.
  • Garapen pertsonala, gaitasunak, trebetasunak eta esperientziak sustatzea.
  • Komunitate-ingurunean integratzeko eta hartan parte hartzeko aukerak eskaintzea.
  • Laguntzako familia- eta gizarte-sareak mantentzea eta indartzea.
  • Segurtasun-sentimendua sustatzea.

Bi egoitza-zentro mota daude:

  1. Laguntza jasotzen duten etxebizitzak, etengabeko gainbegiratzea behar ez duten pertsonentzat. Pertsona horiek, gizarteratu eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuaren esparruan, eta bizitza normalizatura itzultzean, zerbitzutik at eskaintzen diren prestakuntza- eta garapen pertsonaleko jardueretan parte hartzen dute egunez.
    Zerbitzu horietan zaintzaileak egoten dira erabiltzaileak dauden orduetan.
  2. Egoitza-zentroak, etengabeko ikuskapena edota eguneroko bizitzako jarduerak egiteko laguntza behar duten pertsonak artatzen dituztenak. Zaintzaileak izaten dira bertan uneoro.