Bizitegi-eraikinetako isolamendu akustikoaren plana

ZER-NOLAKO JARDUKETAK EGITEN DITU ALDUNDIAK?

Bizkaiko Foru Aldundiak isolamendu akustikoa hobetzeko obrak egiten ditu zaratarekiko sentikorrak diren geletan (logelak eta egongelak), foru-errepideetako zarataren eragina jasaten duten bizitegi-eraikin jakin batzuetako etxebizitzetan, betiere ENACek egiaztatutako enpresa batek ezartzen badu beharrezkoa dela hobekuntza-obra horiek egitea, gelen barruko zarata-maila araudi akustikoak ezarritako muga baino handiagoa delako.

Urtero jarduten den eraikin zehatzak Aldundiak ezarritako lehentasun-indize baten arabera zehazten dira. Indize hori web orri honetan dagoen «Lehentasun-maila ezartzea» izeneko dokumentuan azaltzen da. Egin beharreko lanak hauek dira: lehendik dauden leihoen ordez, isolamendu akustikorako gaitasuna duten beste leiho batzuk jartzea, zeinak bermatzen baitu araudiak ezarritako kalitate akustikoko helburuak lortzen direla.

NORENTZAT DIRA?

Urtero, Bizkaiko Foru Aldundiak, foru agindu bidez, ekitaldi horretan zein etxebizitzatan jardungo den ezartzen du, web orri honetan dagoen «Lehentasun-maila ezartzea» izeneko dokumentuan zehazten den lehentasun-hurrenkerari jarraituz. Aurten jarduketak egingo diren etxebizitzak foru-agindu horretako 1. artikuluan adierazten dira (foru agindu hori ere webgune honetan dago).

PROZEDURA

Era berean, foru agindu horrek ezartzen du jarduketaren xede diren etxebizitzen titularrek eskaera egiteko prozedura, eta, beharrezkotzat joz gero, leihoak isolamendu akustikorako ahalmen handiagoa duten leihoekin ordezteko prozedura. Hona hemen prozedura, labur-labur azalduta:

  1. Foru Aldundiak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen du urte horretan jarduketen xede diren etxebizitzak ezartzen dituen foru agindua, eta hilabeteko epea ematen da ukituriko jabeek dagokien eskaera egin dezaten. Aldi berean, informazio-ohar bat jartzen da etxebizitza horietako atarietan, ondo ikusteko moduan. Beste bitarteko batzuk ere erabil daitezke ukitutako jabeek informazioa jasotzen dutela bermatzeko.
  2. Eskabideak jaso ondoren, ENACek egiaztatu eta Aldundiak kontratatutako enpresa batek zehaztuko du, etxebizitzetara bisita egin ondoren, zein leku zehatzetan egin behar diren leihoak ordezteko lanak, gelen barrualdean arauz ezarritako zarata-maila gainditu ez dadin (30 dB logeletan eta 35 dB egongeletan).
  3. Aurreko puntuan aipatutako enpresa egiaztatuak egindako txostenen emaitzen arabera, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak foru agindu bidez ebatziko du zer etxebizitzatan egin behar diren isolamendu akustikoa hobetzeko obrak, zaratarekiko sentikorrak diren gelen barruko zarata-mailak betetzeko (logelak eta egongelak). Foru agindua, dagokion txosten teknikoarekin batera, eskatzaileei jakinarazten zaie, foru agindu horren aurka jar daitezkeen errekurtsoak adierazita.
  4. Bizkaiko Foru Aldundiak kontratatutako enpresa batek egiten ditu leihoak isolamendu akustikoko ahalmen handiagoko beste batzuekin ordezteko lanak, eskatzaileentzako inolako kosturik gabe.

DOKUMENTUAK

Informazio gehiago nahi izanez gero:

Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.