Segurtasuna Bizkaiko tuneletan

Xedea

Aldundiak, Bizkaiko Lurralde Historikoko errepideen sarearen arduraduna den heinean, errepideen azpiegitura guztietan segurtasun-, zerbitzu-, eta babes-maila altua, uniformea eta konstantea, bermatzeko erantzukizuna dauka; hala, mugikortasun iraunkorraren alde egiten du lurraldean.

Aldaketa teknologikoak eta eraikuntza-teknika berriak, garatzeak zein ingurumenaren babesak eta iraunkortasunak gizartean daukaten garrantziak errepideen diseinuan funtsezko aldaketak eragin dituzte, baita horien hobekuntza-obretan ere. Gauzak horrela, tunelak irtenbide eraginkorrak dira Bizkaiko orografia berezia salbatzeko eta, gainera, eragin txikia dute ingurumenean.

Errepideetako segurtasuna etengabe hobetzea beti izan da Bizkaiko Foru Aldundiaren helburu bat, ekimen nahiz jarduketa ebolutiboetan berretsi duena, esate baterako, tuneletako segurtasunaren kasuan.

Tuneletako segurtasunaren arazoa

Mont Blanc eta Hohe Tauern mendietako tuneletan 1999an nahiz San Gotardokoan 2001ean jazotako gorabeherek errepideko tuneletako segurtasunari buruzko eztabaida sortu zuten Europan. Europa Barneko Errepideen Sareko 500 metro baino gehiagoko tunelek bete beharreko segurtasuneko gutxieneko betekizunak arautzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004/54/CE Zuzentarauaren bidez, amaiera eman zitzaion eztabaida horri.

Azken urteotan tuneletako segurtasuna hizpide izan den nazioarteko hainbat foroan adierazi da tuneletako tarteetan zeru zabaleko tarteetan baino istripu gutxiago gertatzen direla; hala eta guztiz ere, sute bat egonez gero, aipatutako lehenengo gunean ondorio askoz larriagoak egon litezke, leku konfinatua izatearen berezitasuna dela medio. Horrenbestez, beharrezkoa da tuneletan segurtasun-, zerbitzu-, eta babes-maila altua, uniformea eta iraunkorra diseinatzea eta lortzea, zeru zabaleko azpiegituretan daudenaren antzekoak, hain zuzen ere.

Bizkaiko Foru Aldundia segurtaunaren erronkaren aurrean

Europako zuzentarauak estatu kideei beren esparru juridikoetara lekualdatzera derrigortu zien. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak, errepideetan, duen eskumena oinarri hartuta, Errepideetako tunelen segurtasunari buruzko 135/2006 Foru Dekretua, abuztuaren 23koa, onetsi zuen; era horretan, derrigorrez bete beharreko barneko araudia errespetatu, zuzentaraua Bizkaiko zehaztapenetara egokitu eta errekerimenduak Bizkaiko foru-errepideen sareko tunel guztietara hedatu ziren.

Aldundiak, araudi horren bitartez, tuneletako segurtasuna jorratzen du modu integralean; tunela elementu biziduntzat jotzen da, askotariko sistemek eta instalazio konplexuek osatzen dutena. Hori dela eta, betebeharrak, egiaztapenak eta kontrolak ezartzen ditu tunelaren bizi-ziklo osoan zehar: proiektua, eraikitzea, abian jartzea eta ondorengo ustiapena. Hortaz, araudian ezarritako segurtasun-baldintzak bermatzen dira eta ziurtatzen da tunelaren balio-bizitza osoan zehar erabiltzaileek modu seguruan erabiliko dutela.

135/2006 Foru Dekretuak segurtasunaren antolaketa ezartzen du eta errekerimendu tekniko zein segurtasun-bermerako prozedura batzuk zehaztu egiten ditu.

Errepideetako Tuneletako Segurtasun eta Ustiapen Jarraibide Teknikoei buruzko 91/2012 Foru Dekretuak (134/2008 Foru Dekretua indargabetzen duena) honako errekerimendu tekniko hauek definitzen ditu: azpiegitura, energia elektrikoa, argiztapena, aireztapena, suteetatik babesteko sistema, segurtasun eta kontrolerako sistemak, eta ustiapenaren beharrei lotutako eskakizunak; horiek betez gero, tunelaren diseinu segurua lortuko da.

Aldundiko Gobernu Kontseilua Administrazio Agintaritzan eratzen da 2006. urtetik, eta ikuskatzeko erakunde bat izendatzen du (Bizkaiko Tunelak Ikuskatzeko Erakundea, BTIE); erakunde horri dagokio ebaluazio-jarduketak, probak eta ikuskapenak burutzea segurtasunari buruzko arau-errekerimenduak betetzen direla bermatzeko. Bizkaiko tunelen segurtasunaren egiturazko unitate eratu zen, eta horren erantzukizunak honako hauek dira: araudia aplikatzen dela ziurtatzea, tuneletako segurtasun-baldintzak ikuskatzea eta BTIEren jarduketak funtzionalki zuzentzea.

OITB, Bizkaiko tunelak ikuskatzeko erakundea

Tuneletako segurtasun-baldintzak ikuskatzea zailtasun tekniko, tamaina eta erantzukizun handiko zeregina da. Era berean, zeregin hori era aditu eta independentean egin beharra dago sortutako ondorio eta txosten guztiak objektiboak direla ziurtatze aldera; horretarako, foru dekretuan ezartzen den bezala, OITB sortu zen, Bizkaiko Tunelak Ikuskatzeko Erakundea.

Erakunde horrek, diziplina anitzekoa eta gaitasun-maila altukoa izan behar du; halaber, bere prozedurek kalitate oso onekoak izan behar dute.

Erakunde horrek tunel baten bizitzako fase guztietan hartu beharko du parte, tunela diseinatzen denetik, eraiki eta abian jartzen den arte. Era berean, parte-hartzea jarraitua izango du tunelaren bizitza osoan, aldizkako ikuskapenak egingo dira tunelen segurtasun-baldintzak ebaluatzeko eta, beharrezkoa izatekotan, neurri-zuzentzaileak proposatuko dira gorabeherak konpontzeko.

Halaber, OITB Aldundiaren erakunde aholkulari gisa eratu zen tuneletako segurtasunaren alorrean eta garapen teknologikoaren bultzatzaile izan zen etorkizunean lurpeko azpiegitura horietan segurtasun-baldintzak bermatzen jarraitu ahal izateko.

Legedia

Aurreko guztiak oinarri duen legediak Europa Barneko Errepideen Sareko tunelek bete beharreko segurtasuneko gutxieneko betekizunei buruzko Europako 2004/54/CE Zuzentarauan du jatorria; izan ere, BFAk zuzentarau hori oinarri hartuta bere araudi propioa garatu du aztertzen ari garen alorrerako.

EUROPAKO PARLAMENTUAREN ETA KONTSEILUAREN 2004/54/CE ZUZENTARAUA, 2004ko apirilaren 29koa, Europa Barneko Errepideen Sareko tunelek bete beharreko segurtasuneko gutxieneko betekizunei buruzkoa.

Errepideetako tunelen segurtasunari buruzko 136/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundi honetako Gobernu Kontseiluak 2006ko abuztuaren 23ko bileran onetsitakoa. Ikusi Foru dekretua

91/2012 Foru Dekretua, apirilaren 24koa, Errepideetako Tuneletako Segurtasun eta Ustiapen Jarraibide Teknikoak onartzen dituena.Ikusi Foru dekretua