Gizarte-eraldaketarako ezinbesteko agenda feminista

Garapena

Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) hautatutako Eremu Estrategikoaren jarraipen-prozesuari jarraipena emanez, abenduan bigarren bilera bateratua izan dugu Gizarte-eraldaketarako ezinbesteko agenda feminista izeneko esparru horri lotutako urte anitzeko proiektuak gauzatzen ari diren erakundeekin. Bilera horretan Natxo Rodríguez Puertas Gizarte Kohesiorako zuzendariak hartu zuen parte.

Gizarte-erakundeekin elkarrizketa- eta kontraste-prozesu zabala izan ondoren, eraldatzeko gaitasun handiagoa duen nazioarteko lankidetza-politikaren hedapena bultzatzeko ahaleginean, Gizarte Kohesiorako Zuzendaritzak Eremu Estrategikoari lotutako tresna bat jarri zuen abian. Patriarkatuak munduko gizarte guztietan dirauela jakinik, premiazkotzat jotzen dugu emakumeen eta gizonen eskubide berdinzaleak eragozten dituzten kausa sakonak ezabatzea eta feminismoaren oinarrietatik egitea. Lankidetza feminista eraldatzailea gauzatzeak esan nahi du onartu behar dela aldaketa estrukturalak eta sistemikoak emakumeen agenda sustatuz egin behar direla, estrategia intersekzionalarekin eta ikuspegi lokal-global batetik.

Helburu horrekin aktibatu zen bide berri hori, 2025. urtean zehar Guatemalan (3), El Salvadorren (2) eta Kolonbian (1) egin beharreko sei proiekturi laguntzan zehaztu dena. Proiektu horiek guztiek Euskadiko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren osagaia ere barneratzen dute. Intered, Oxfam Intermon, Lumaltik, Mugarik Gabe, Calala eta Mundubat dira hiru urtean 5.400.000 euroko finantzaketa globala duten ekimenak bultzatuko dituzten euskal erakundeak. Horien bidez, indarkeria matxisten, zaintzaren edo gorroto-diskurtsoen aurkako mugaz gaindiko aliantzen aurkako ekintzak landuko dira, besteak beste.

BFAk prozesuei laguntzeko dituen moduak eraldatzen saiatuz, tresna honek banakako bilerak egitea aurreikusten du, bai euskal erakundeekin, bai Hegoaldeko aliatuekin (Asociación de Estudios y Esfuerzo Popular, Asociación Mujeres en Solidaridad, Asociación de Mujeres de Peten Ixqik, Colectiva Feminista para el Desarrollo Local, Asociación de Mujeres por la Dignidad y la Vida, y Ruta Pacífica de Las mujeres) Hauekin batera, gune kolektiboak ere bultzatuko dira, haren funtsezko puntuen gainean indarrak eta oztopoak partekatzeko, hori hobetzen duten ikaskuntzak ateratzeko eta balizko ekimen koordinatuetarako loturak identifikatzeko.