2024ko irailaren 23a 09:31

Bizkaiko Foru Aldundiak hasiera eman die udalerriekin Lurralde Historikoan Haur eta Nerabeen Kontseiluak sor daitezen bultzatzeko lan-saioei

Irailaren 20an, Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak hasiera eman zien udalerriekin Lurralde Historikoan Haur eta Nerabeen Kontseiluak sor daitezen bultzatzeko lan-saioei.

Lehen fase honetan, Bermeoko, Balmasedako, Etxebarriko eta Turtziozko udalek parte hartuko dute, eta 6 lan-saio izango dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, beren udalerrietan Haur eta Nerabeen Kontseiluak diseinatzeko eta abian jartzeko.

Proiektu honen helburua haurrek eta nerabeek beren iritziak emateko eta udaletatik egiten diren proiektuak aberasteko bideak izatea da.

Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide luzea egin du parte-hartzearen arloan, eta ekainean Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako III. Foru Plana onartu zuen.

Plan horrekin, besteak beste, beste urrats bat eman nahi da, eta parte-hartzea gazteenei hurbildu. Zehazki, haurrei eta nerabeei. Haurren eta nerabeen iritzia erakunde publikoek kontuan hartu behar duten iritzia da, eta udaletatik egiten diren proiektuak aberastu ditzake.

Haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzea, halaber, herritar konprometituagoetan, toleranteagoetan, arduratsuagoetan eta demokratikoagoetan inbertitzea da.

Gainera, haur eta nerabeek parte hartzea eskubidea da. Hala ezartzen du printzipio gidari gisa Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak, 18 urtetik beherako pertsona guztiak eskubide osoko subjektutzat hartzen baititu, eta honako hau eskatzen du: "bermatzea haurrek libreki adieraz ditzaketela eragiten dieten gaiei buruzko iritziak, eta haien iritziak kontuan har daitezela".


Argazkiak