Bizkaiko Foru Aldundiak aurrerapausoak eman ditu herritarren arretan irisgarritasun unibertsal eta kognitiboa lortzeko bidean

2026/01/29

Bizkaiko Foru Aldundiak lehenengo prestakuntza-saio batean parte hartu du, hain zuzen, Bilboko Done Bikendi plaza 1 eta 2an egongo den herritarrei aurrez aurreko arreta emateko bulegoaren diseinuan irisgarritasun kognitiboko irizpideak sartzeko.

Prestakuntza APNABI Autismo Bizkaia elkarteak eman du, ErrazTEA zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu horretan, irisgarritasun kognitiboa ikertzen eta bultzatzen duten profesionalek parte hartzen dute. Lehenengo saio hori talde teknikoarentzat, arkitekturako eta diseinuko profesionalentzat eta proiektuaren arduradunentzat izan da. Prestakuntza kontzeptuala eta prebentziozkoa da eta erabakiak hartzera bideratuta dago. Horri esker, oztopoei aurrea hartu eta hasieratik diseinu inklusiboa bideratu ahal izango da.

Prestakuntzaren xedea da irisgarritasun unibertsaleko eta irisgarritasun kognitiboko irizpideak eta jarraibideak errazago sartzea. Ildo horretan, Bilboko bulego berriko arreta-prozesuak eta erabilera-esperientziak ulergarriak, aurreikusgarriak eta irisgarriak izango dira pertsona guztientzat, bereziki dibertsitate intelektuala, ulermen-zailtasunak edo autismoa dutenentzat. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren bulego berria irekitzea Gobernu Irekiaren erronka gisa finkatu da, aurrez aurreko arreta eraldatzeko eta hobetzeko eta zerbitzu publiko inklusiboagoak eta irisgarriagoak lortzeko estrategiaren esparruan. 
 

IKUSI SARRERA GUZTIAK