Herritarren eta gizartearen partaidetza

Berriak

2026ko ekainakren 10a 07:13

Bizkaiak, UNICEFekin batera, babesgabetasun-egoeran dauden umeen eta nerabeen parte-hartzea bultzatzen du

Gobernu Kontseiluak UNICEFekin hitzarmena harpidetzea onartu du Bizkaian babesgabetasun-egoeran dauden ume eta nerabeen parte-hartze aktiboa sustatzeko. Ekimenaren helburua euren eskubideen erabilera indartzea, haiei eragiten dieten erabakietan parte hartzen laguntzea eta umeen parte-hartzea babes-sistemaren erdigunean kokatzea da, 2030erako Euskadiko Haur Bermearen Estrategiaren ildotik.

UNICEF

Bizkaiko Foru Aldundiak eta UNICEFek programa bat garatuko dute 2026an lurraldean babesgabetasun-egoeran dauden ume eta nerabeen parte-hartze eraginkorra sustatzeko. Gaur onartutako hitzarmenak aukera emango du Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotako eskubideak betetzen aurrera egiteko eta ume eta nerabeek babes-sistemaren barruan duten protagonismoa indartzeko.

Ume eta nerabeen parte-hartzea Aldundiak 2023tik aurrera bultzatutako parte-hartze ereduaren ardatzetako bat da. Esparru horretan Bizkaiak hainbat ekimen sustatu ditu, hala nola Haur eta Nerabeen Tokiko Kontseiluak sortzea, eta OGP Euskadi proiektuaren konpromisoetako baten buru da kolektibo honek politika publikoen garapenean parte hartzea sustatzeko.

Parte-hartzea, baita babes-sisteman ere

Ekimenak egoera sozioekonomikoengatik, jatorri migratzaileagatik, desgaitasunagatik edo beste faktore batzuengatik kalteberatasun handiagoko egoeretan dauden ume eta nerabeengan jartzen du arreta. Helburua euren iritziak eman ahal izatea eta euren bizitzei eragiten dieten eremuetan entzunak izatea da, eta, horrela, euren eskubideak hobeto babesten eta euren beharretara egokitutako espazio seguruak sortzen laguntzea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez haur eta nerabe guztiek baldintza berdinetan gauzatu behar dute  parte-hartzea, baita babes-sistemako kideek ere.

Egoitza-zentroetako eta entzuteko espazioetako ekintzak

Hitzarmenak Bizgarri elkarteak kudeatzen dituen Leioa, Sopela, Galdakao eta Zamudioko foru sareko zentroetako haur, nerabe eta profesionalekin parte hartzeari eta eskubideei buruzko saioak egitea aurreikusten du. Era berean, haurren eta nerabeen eskubideei buruzko material egokituak egingo dira, irakurketa errazean, eta arreta berezia emango zaio parte hartzeko eskubideari; material hauek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz egongo dira eskuragarri.

Gainera, zentro horietako adingabeek elkarrekin egingo duten topaketa batean parte hartuko dute. Topaketa horrek aukera emango die euren artean esperientziak partekatzeko eta proposamenak Aldundiari helarazteko, eta entzuteko espazio egonkorrak finkatzeko konpromisoak eta jarraipen-mekanismoak ezarriko dira.

Lankidetza UNICEFek babestutako egoitza-baliabideetan umeek parte hartzeko ereduen sustapenean metatutako esperientzian oinarritzen da. Hau ez da bi erakundeen arteko lehen ekimen bateratua: 2024an programa bat garatu zuten besteak beste profesionalentzako prestakuntza, haurren partaidetza-taldeak dinamizatzeko ekintzak, ikus-entzunezko materialak, Haur eta Nerabeen Tokiko Kontseiluen arteko topaketak eta Bizkaiko komunikabideetan sentsibilizazio-kanpaina  jorratuz.