Bizkaia Green Corridor aurrera doa bide-azpiegituren jasangarritasunean

2026/04/21

Apirilaren 20an izan da Bizkaia Green Corridor: Begirada bat Europarantz topaketa, esperientziak partekatzeko eta Europarekiko proiekzioa indartuko duten aukera berriak aztertzeko.

Interbiakek, Aclimak eta BAT B Accelerator Towerrek antolatu dute ekitaldia, eta erakunde, enpresa eta teknologiaren arloko erreferentziazko 200 eragile baino gehiago izan dira bertan. Bertaratutakoek Bizkaia Green Corridorrek bultzatutako proiektu estrategikoak ezagutu ahal izan dituzte, bai eta datuaren gobernantzarako ekimenak, adimen artifiziala eta teknologia kuantikoa ere, klima aldaketan arreta jarrita.

Ekitaldia hasteko, Arantxa Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko Saileko foru diputatuak hartu du parte, eta Eraginkortasun eta Klima Aldaketa Planari buruz eta Bizkaiko Foru Aldundia lurraldearen trantsizio ekologikoan aurrera egiteko egiten ari den lanari buruz hitz egin du. 

Parte hartu dute, halaber, Iratxe Guillerma Lantik sozietateko Digitalizazio eta Data Unitateko zuzendariak, Yolanda Temiño Interbiakeko ingurumen kudeatzaileak eta Eduardo Casado Interbiakeko Obra eta Berrikuntza zuzendariak.

Bizkaia Green Corridor

Bizkaia Green Corridor Ingurumen Korridorea Interbiakek sustatutako espazioa da. Haren xedea da ideiak, prozesuak eta produktuak sortzea errepideen ingurumen-inpaktua minimizatzeko, ekonomia zirkularra sustatzeko eta baliabide naturalen kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murrizteko, datuan eta digitalizazioan oinarrituta.

Bizkaia 2027 Agenda Digitalaren parte da Bizkaia Green Corridor proiektua. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du agenda hori, lurraldea digitalki eraldatzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta Bizkaia erreferente teknologiko bihurtzeko.

IKUSI SARRERA GUZTIAK