2026ko Urriaren 09a

Bizkaian kirolaren etorkizuna eraikitzeko prozesu parte-hartzailea azken txanpan sartu da

Lehenengo bost saioak egin ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako ekimenak urriaren 27, 28 eta 29an eskola-kirolari, kirol federatuari eta udal-kirolari eskainitako hiru topaketekin jarraituko du.

Lurraldeko kirolaren etorkizuna eraikitzera bideratutako partaidetza-prozesuak irailaren 22tik urriaren 6ra bitartean egindako lehen bost saioen balantze positiboarekin egiten du aurrera.

Bizkaia Kirolur 2026ko Kirolaren Europako Lurraldearen barruan dago ekimena, eta Bizkaiko Kirolaren aldeko Manifestua modu kolektiboan egitea du helburu, «Kirola pertsona guztientzat bizitzan zehar» lelopean.

Orain arte egindako saioetan, 50 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte, eta hainbat ikuspegitatik heldu diote kirolari: dibertsitate funtzionala, kulturartekoa eta jatorrikoa, belaunaldikoa (gazteak eta adinekoak) eta generokoa eta sexuala.

Topaketa horietan zehar, hari nagusi komun bat sortu da: pertsona guztientzako kirol baterantz aurrera egiteko, gaur egun parte hartzeko zailtasun gehien dituzten pertsonen errealitate eta behar desberdinak ulertu behar dira. Saio bakoitzak begirada desberdin eta osagarri bat eskaini du, prozesua oso gutxitan elkarrekin jorratzen diren ikuspegiekin aberastuz.

Urrian egiteko dauden hiru saio

Prozesuak aurrera jarraituko du beste hiru jardunaldirekin, Bizkaiko kirol-sistemaren esparru nagusiak ardatz hartuta:

  1. Urriak 27, asteartea, 09:30etik 13:30era: Eskola kirola 
  2. Urriak 28, asteazkena, 09:30etik 13:30era: Kirol federatua 
  3. Urriak 29, osteguna, 09:30etik 13:30era: Udal kirola

Saio horiei esker, jasotako ekarpenetan sakondu ahal izango da, eta Bizkaiko Kirolaren aldeko Manifestua egiten aurrera egin. Bertan, lurraldeko kirolaren etorkizunari buruzko ikuspegi partekatua jasoko da.

Parte hartu nahi duten pertsona eta entitateek bizkaiakirolur@gmail.com helbidera idatziz eman dezakete izena.

Gainera, prozesuaren aurrerapena Kirolurren kanal sozialen bidez hedatuko da: Instagram (@kirolur), Facebook, TikTok

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA