2026ko Maiatzaren 18a

HERRI KIROLAK

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Bilboko Herri Kirol Zentroa inauguratu dute

Iturria: www.bilbao.eus

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko Diputatuak eta Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak Bilboko Herri Kirol Zentroa inauguratu dute gaur goizean. Zentro hori Txurdinagako udal-kiroldegian dago eta Euskadiko herri-kiroletako entrenamendu profesionaleko lehenengo zentroa da.

Inaugurazioan izan dira, halaber, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotzia eta Juan Miguel Ranero Bizkaiko Herri Kirolen Federazioko presidentea. Bertaratutakoek erakustaldi txiki batez gozatu ahal izan dute Inhar Urruzuno eta Xuhare Urruzuno aita-alaba harri-jasotzaileen eskutik eta instalazioak ikusteko aukera izan dute, entrenatu ahal izango diren modalitate guztien azalpen zehatzekin eta zentro aitzindariak eskainiko duenarekin.

Diziplina anitzeko kirol-ekipamendu berria Txurdinagako udal-kiroldegiko lurretan dago eta Bilboko herri-kiroletako lehen kirol-klubak kudeatzen du, Bilboko Txirrika Herri Kirol Klubak, Bilbao Kirolak erakundearen laguntzarekin. 846 metro koadroko azalera du eta ekipamendu hauek dauzka: erabilera anitzeko pista, komun eta aldagela egokituak, fisioterapia-gela, harrera-gunea, bulegoa eta areto teknikoak, Txurdinagako udal-kiroldegirako oinezkoentzako sarbide bat eta ibilgailuentzako beste bat. Bilboko Udalak 1.367.621,50 euroko (BEZa barne) aurrekontua izan du proiektua gauzatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiak 229.675 euroko laguntza eman dio.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak gogorarazi duenez, Bilboko Herri Kirol Zentroak herri-kirola garatzeko eta profesionalizatzeko erreferentziazko zentro bihurtzeko helburua betetzen du, eta Udalak herrialdeko eta hiriko kirol estrategikoekin daukan konpromisoa indartzen du. "Izan ere, kirol horiek gure ohitura eta tradizioei lotuta daude, eta euskal aberastasun kulturalaren eta nortasunaren parte dira."

Bilboko Alkateak azpimarratu duenez, "Bilboko Herri Kirol Zentroa, zalantzarik gabe, herri-kirola sustatzeko eta bultzatzeko funtsezkoa izango da. Funtsezkoa eta irisgarria da, hasi edo hobetzen jarraitu nahi duten guztien eskura dago, eta hori pentsaezina izan da orain arte. Herri-kiroletako irakaskuntzak, ikaskuntzak eta prestaketak mugarri historiko bat markatzen dute harribitxi txiki honekin; mimo handiz zaindu dugu oinarritik hasi eta zuzendaritzaraino, gaian esperientzia daukaten irakasleen eskutik, esaterako Aitzol Atutxa, Inhar Urruzuno eta Joseba Etxebarria, besteak beste, eta eskerrak eman nahi dizkiegu beren lidergoagatik".

Bestalde, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Diputatuak adierazi duenez “ametsa egia bihurtu da: gure herri-kirolek eta gure kirolariek badute erreferentziazko zentro bat, indarrak batzeko eta elkarlana sustatzeko”.

“Eta zentro honek instituzioen aldetik gurea denagaz dogun konpromisoaren erakusgarri da. Bizkaiko geografia osoan zehar banatuta ditugu herri-kiroletarako ekipamentuak, herri txikietan zein handietan. Gure paisaien parte dira. Udalekin alkarlanean, instalazino horiek egokitu eta hobetu ditugu Bizkaiko Foru Aldunditik. Orain, Bilbon dugu guztion etxea, batzen gaituen etxea”.

BILBOKO HERRI KIROL ZENTROA

Obrek 2.286 metro koadroko azalera hartu dute guztira; horietatik 846 metro koadro pabiloiarenak berarenak dira, eta gainerakoetan, kirol-ekipamendu berriaren ondoko instalazioen hornidura-sareak eta zoladura ezartzeko lanak egin dira.

Bilboko Herri Kirol Zentroko ekipamendua:

  • Erabilera anitzeko pista: pabiloi osoa gardena da eta aldi berean zenbait kirol-jarduera egiteko aukera ematen du.
    • Harri-jasotzea
    • Sokatira
    • Trontza
    • Aizkora
    • Lasto-jasotzea
    • Lasto-botatzea
    • Ingude-jasotzea
    • Txinga-eroatea
    • Zaku-eramatea
    • Orga-jokoa
    • Lokotx-biltzea
  • Komun eta aldagela egokitua: beheko solairuan unisex komun eta aldagela bat dago, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat egokitua.
  • Fisioterapia-gela: beheko solairuan fisioterapia-gela izateko espazio txiki bat prestatu da.
  • Harrera-bulegoa: lehen solairuan bulegoa dago, eta zentroko informazio-, kontrol- eta harrera-gunea izango da. 
  • Gela teknikoak: bulegoaren gaineko beste espazio batean aireztapen- eta klimatizazio-instalazioak daude.

Argazkia eta albiste osoa www.bilbao.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA