2023ko Apirilaren 27a

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko udalerrietako kirol azpiegiturak hobetzen jarraitzen du

Udalaz gaindiko kirol-instalazioetan inbertsioak egiteko laguntzak eskatzeko epea, datorren maiatzaren 2ra arte egongo da zabalik.

Laguntza-ildo honekin Foru Erakundeak jarraipena eman dio kirol-azpiegituren dekretuari, guztira 4.000.000 euroko zenbatekoarekin, Lurraldeko eskualde guztietako kirol-instalazioetan hobekuntzak egiteko.

Udal azpiegituren dekretuaren helburua, oraingoan ere, Bizkaiko herritarrek kirola egiteko dituzten aukerak handitzea eta baldintzak hobetzea da. Foru Erakundeak inbertsioen sustapenari jarraipena ematen dio lurraldeko biztanleen gorputz- eta kirol-jardueren beharrei hobeto erantzuteko, kirol-instalazioen kalitatea hobetuz eta erabilera biziagoa, berdintasunezkoagoa eta balioaniztunagoa ahalbidetuz. Gainera laguntzen bidez diseinuko, irisgarritasuneko, segurtasuneko eta iraunkortasuneko estandarrak hobetu nahi dira. Horrela Foru Aldundiak eskualde guztietan Bizkaiaren beharrei erantzungo dieten azpiegitura egokiak bermatzeko beste ahalegin bat jarri du martxan.

Aldundiaren helburua lurraldeko kirol-azpiegituren sarea kirola egin nahi duten adin eta baldintza guztietako pertsonen kirol-premia aldakorrei modu egokiagoan erantzuteko gai izatea da.

Laguntzen xedea espazioen egitura aldatzeko, espazioen bizigarritasuna egokitzeko edo hobetzeko jarduketak finantzatzea da, baita espazio horietako ekipamendua ordeztea eta lehendik dauden instalazioak birbanatzea edo instalazio berriak eraikitzea ere.

Proiektuek udalaz gaindiko bokazioa izan beharko dute, eta udalerri edo mankomunitate bakoitzeko kirol instalazioen erabilerak zabaltzera bideratuta egongo dira. Horrela foru erakundeak babestuko dituen hobekuntza lanak 2023 edo 2024an bukatu beharko dira eta helburua kirol azpiegituraren diseinua, irisgarritasuna, segurtasuna eta jasangarritasuna hobetzea izango da.

Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 28an hasi, eta maiatzaren 2an amaituko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren webgunean, www.ebizkaia.eus./eus/hasiera, aurkeztu behar dira.

2023-2024 deialdiaren oinarriei eta eskabideak aurkezteko epeei buruzko informazio guztia:

2021-2022 deialdia

2021-2022 deialdian Foru Erakundeak 10 milioi euro inbertitu zituen lurraldeko 50 bat udalerritako kirol-azpiegiturak hobetzeko. Edizio horretan proiektuak zati batean finantzatzearen helburua Bizkaiko udal kirol-instalazioen diseinu, irisgarritasun, segurtasun eta iraunkortasun estandarrak hobetzen laguntzea izan zen, herritarrek instalazio horien erabilera intentsiboagoa, berdintasunezkoagoa eta balioaniztunagoa egin ahal izan dezaten.

Horrela foru erakundeak 69 proiektutan parte hartu zuen lurraldeko 50 udalerritan kirol-azpiegiturak hobetzeko. Udalerri horietan guztietan kirol-instalazioak hobetu eta berritu ziren. Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza hau jaso duten proiektuen artean honako hauek daude: aldagelak gaitzea, instalazioetarako irisgarritasuna hobetzea, kirol-eremuak estaltzea, uretako jarduera sustatzeko pantalanak sortzea, igerilekuak berritzea eta ixtea, errugbi-zelai bat eraikitzea, padel pistak eraikitzea eta hobetzea, instalazioetan erabilera anitzeko espazio berriak sortzea, rokodromoak, ohikoak ez diren espazioak sortzea, pumptrackak, skate parkeak, kalistenia eta parke bioosasungarriak.

Laguntza-ildo honen lehenengo deialdi honetan 10 pertsonatik 7ren kasuan, hau da, Bizkaiko 815.366 pertsona, zuzenean hobetu ziren euren kirol-instalazioak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta udalen baterako programa honi esker.

Albiste osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean.

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA