Jokabide kodeak: haur eta nerabeen ongizatea benetan zaintzeko funtsezko tresna eskola kirolean

Jokabide‑kodeak: haur eta nerabeen ongizatea benetan zaintzeko funtsezko tresna eskola‑kirolean

Eskola‑kirolean zerbait partekatzen badugu, honako hau da: haurrak eta nerabeak babestu, zaindu eta laguntzeko ardura entrenamendu, partida, joan‑etorri eta jarduera guztietan. Kirola ikaskuntza‑ eta hazkuntza‑espazio bikaina da, baina benetan hala izango da soilik ingurune seguru, errespetuzko eta indarkeriarik gabekoak bermatzen baditugu.

Bizkaian, eskola‑kirolaren ekosistema bide hori lantzen ari da, haurren babesa indartzen laguntzen duten tresnak garatuz. Araudia betetzetik harago, gaur funtsezko tresna batean jarri nahi dugu arreta; askotan izapide huts gisa ikusten badugu ere, benetan balio handia duen tresna da: jokabide‑kodeak.

Ez da dokumentu bat edukitzea soilik.Kirol‑erakundeen barruan zaintzan eta errespetuan oinarritutako kultura bat eraikitzea da helburua.

Zergatik dira hain garrantzitsuak jokabide‑kodeak?

Jokabide‑kodeek gure balioak eguneroko jarduerara eramaten laguntzen digute, eta bidea ematen dute helburu hauek lortzeko:

  • Jokabide egokiak eta muga argiak zehaztea inplikatutako pertsona · guztientzat: entrenatzaileak, familiak, kirolariak, boluntarioak…
  • Arrisku‑egoerak prebenitzea eta murriztea, hala nola jazarpena, diskriminazioa edo indarkeria mota oro.
  • Errespetuan eta konfiantzan oinarritutako harremanak sustatzea, kirola esperientzia positiboa izan dadin.
  • Adingabeak zein haiekin lan egiten duten pertsona helduak babestea, egoera zailetan erreferentzia argiak eskainiz.
  • Erakundearen kultura koherentea indartzea, pertsona guztiek zer espero den jakin dezaten.

Araudia argia eta partekatua denean, kirolak heziketa‑ eta babes‑espazioa izateko aukera handiagoak ditu.

Nori eragiten diote?

Jokabide‑kodeek benetan funtzionatzeko, adingabeen kirol‑esperientziaren inguruan dauden pertsona guztiek ezagutu eta aplikatu behar dituzte:

  • Entrenatzaileak eta langile teknikoak
  • Koordinatzaileak eta zuzendariak
  • Boluntarioak
  • Familiak eta tutoreak
  • Kirolariak
  • Administrazio‑ eta laguntza‑langileak
  • Erakundearekin lankidetzan diharduten hirugarrenak

Zenbat eta pertsona gehiagok bere egiten dituzten, orduan eta sendoagoa izango da babes‑ingurunea.

Egunerokoan benetan erabilgarriak izateko gakoak

  • Eragile bakoitzari egokituta egotea: kode espezifikoak familientzat, langile teknikoentzat eta haur eta nerabeentzat.
  • Denboraldiaren hasieran partekatzea eta sinatzea, hasierako bileren bidez.
  • Prestakuntzarekin lagunduta, paperean gera ez daitezen.
  • Barne‑araubidearekin lotura izatea, ikuspegi prebentibo eta proportzionatuarekin.

Eta, orain, zer egin dezakegu?

Animatzen zaitugu zure erakundeak jokabide‑koderik duen ikustera, eguneratuta dauden aztertzera eta jendeak benetan ezagutzen eta aplikatzen dituen egiaztatzera. Oraindik jokabide-koderik ez baduzue, une egokia da martxan jartzeko.

Horretarako, ereduak eta orientazio praktikoak aurkituko dituzu Ongizate‑arduradunentzako gida praktikoan (34.-38. orrialdeetan), esteka honetan: https://www.bizkaia.eus/documents/880303/17014063/HA_GidaPraktikoa_OngizatekoArduraduna.pdf/7c44ac3f-5b20-a2d6-6068-74476e066723?t=1741773415097

Ingurune seguruak ez dira dokumentuekin bakarrik eraikitzen, baizik eta eguneroko konpromisoarekin, koherentziaz eta ekintzekin. Jokabide‑kodeak tresna giltzarria dira eskola‑kirol segurua, osasuntsua eta babeslea eraikitzen jarraitzeko.