Hemeroteka udazkena

"Leandro José Torrontegui" Saiakuntza eta Ikerketa Industrialeko Laborategien memoriak

Bilboko Industria Ingeniaritza Eskola 1898an hasi zen, baina 1912ra arte ez zuen lehenengo promozioa amaitu. 1951n, Eskolako jardueren memoriek jada jasotzen zuten entsegu- eta ikerketa-laborategi orokor bat sortu behar zela, Bizkaiko industriaren beharrizanei erantzuteko. Leandro José Torrontegui 1951tik 1963ra eskolako ingeniaria eta zuzendaria izan zen, bai eta eskolaren modernizazioaren egile nagusia ere. Haren erabakitasunari esker baino ezin izan zen gauzatu haren izena hartuko zuten eta eskolari atxikita egongo ziren laborategien proiektua. Proiektu horretan ekimen publikoa eta pribatua bateratzea lortu zuen, laborategiei etorkizun ahalik eta egonkorrena ematen saiatu nahian.

1955eko abenduaren 15ean, Laborategien Patronatua eratu zen. Laborategien sorrera ingeniari talde baten ekarpenei esker gauzatu zen. Ingeniari horien artean, Joaquín Nebreda ingeniaria zegoen, Eskolako katedraduna, eta proiektuaren beste sustatzaileetako bat. 1952an, hark eskatu zion Torronteguiri bidaia bat egiteko Europan zehar, beste herrialde batzuek arlo horretan egiten zuten lana ezagutzeko. Bidaian, honako zentro hauek bisitatu zituzten: IRSID zentroa eta Parisko Goi Mailako Elektrizitate Eskola; Holandako Delfteko Goi Eskola Teknikoa; Alemaniako Heidelberg, Karlsruhe, Darmstadt eta Stuttgarteko goi eskola teknikoak eta, Alemaniako Göttingen Max Planck Institutua, eta Suitzako Zuricheko eta Lausanako Institutu Politeknikoa eta Zuricheko Material-entseguaren Laborategi Federala (Suitza).

Torrontegui laborategietan (Olabeagan kokaturik) sei ikerketa-adar sortu ziren. Haren berezitasunetako bat Estatu Batuen parte-hartzea izan zen, publikoa zein pribatua. Fullbright Actek eta Ekonomiako eta Estatu Batuekiko Truke Planak zerikusi handia izan zuten horretan guztian. Laborategiek Estatu Batuetako Estatuko Departamentuak zuzendutako programa aprobetxatu zuten beren azterlanak eta ikerketak finantzatzeko. Laborategiak, materialen dohaintzaz gainera, kapital pribatu garrantzitsu baten ekarpen ugariez ere baliatu ziren.

Bizkaiko Foru Liburutegiak badauzka laborategi horien memoriak, sortu zirenetik 1962ra arte artekoak.

Bitniks : la guía de la cultura digital

Jack Kerouacen Bidea argitaratu ondoren, Herb Caen kazetariak Beatnik terminoa asmatu zuen, Beat belaunaldia eta haren jarraitzaileak parodiatzeko. Beat idazleek terminoari uko egin zioten arren, hedabideek zabaldu egin zuten, eta azkar hedatu zen, gazteen estereotipoari zein artistei aplikatuta.

Bitniks aldizkariak keinu argia egiten dio mugimendu kontrakultural horri, izenburu adierazgarri hori hautatzean. Álex Lamikizek sustatua eta zuzendua, aintzindaria izan zen kultura digitalari heltzen, eta bere orrialdeetan, ibilbide handiko egileak biltzea lortu zuen: Javier Echeverría, Entseguaren Sari Nazionalaren irabazlea, 2000. urtean; Joseba Lopezortega, ZINEBIren gaur egungo zuzendaria, bai eta 1988an eta 1989an ere bai; Xabier Arakistain «Arakis», Montehermosos Kulturunea kultura-zentroko zuzendaria; Tomás Ondarra, El País egunkariko eta Argentinako La Nación egunkariko infografia-burua; Javier Zarracina, USA Today, Los Angeles Times eta The Boston Globe-ko grafikoen zuzendari seniorra; Álvaro Ortega marrazkilaria; Eduardo Chapero-Jackson zinemagilea, eta beste asko.

Aldizkariak 90eko hamarkadako abangoardia kulturalari begiratu bat ematen dio, eta Bilbok garai hartan zuen modernitate-espiritua islatzen du. Bitnikek bederatzi zenbakiko ibilbidea izan zuen, 1996tik 1997ra bitartean. Bizkaiko Foru Liburutegiak Bitniken bilduma osoa du.