Gasak

Aipatu dugun moduan, sua erreakzio kimikoa da eta horretan erregaiak eta sugaiak parte hartzen dute. Horiek erreakzionatu ondoren ur-lurruna eta errekuntza-gasak eragiten dituzte.

Gas horiek toxikoak izan daitezke, eta honela banatzen dira: itotzaileak, narritagarriak eta kutsagarriak eta korrosiboak.

Gas guztiek ezaugarri jakin batzuk dituzte, eta horiek segurtasun-fitxetan azaltzen dira. Honela sailka daitezke:

TLV (Atariko muga-balioa):
Denboran haztatutako kontzentrazio minimoa da, 8 ordu/eguneko lan saiorako. Langileek osasunerako arriskurik gabe jasan dezakete.
IVO (Usaimen-balorazioaren indizea):
Produktuaren gutxieneko kontzentrazioa horren presentzia nabaritzeko. Balio hori oso garrantzitsua da, produktu batzuk usaindu orduko gure organismoan egindako kalteak oso larriak izan daitezke eta.
DL (Dosi letala) 50:
Ahoratzearen edo azaleko xurgapenaren bidez emandako materia-dosia da. 14 eguneko epean heriotza eragiten die laborategiko animalia kutsatuei.
CL (Kontzentrazio letala) 50:
Ordu batean laborategiko animaliei emandako lurrunen, lainoaren edo hautsaren inhalazioaren eraginez sortutako toxikotasun akutuaren balioa da. 14 eguneko epean animalien %50 gutxienez hiltzen du.

Errekuntzako gas nagusiak:

  • Karbono monoxidoa (CO).

    Karbono monoxidoaren (CO) ezaugarriak hauek dira:
    • Ez da oso toxikoa baina oso ugaria da suteetan.
    • Odolarekin erreakzionatzen du eta karboxihemoglobina (COHb) sortzen du. Horrek zelulei egindako oxigeno-ekarpena gutxitzen du eta toxikatuei ezintasunak eragiten dizkiete, besteak beste, mugimenduen koordinaziorik ez izatea eta horren ondorioz gaitasun motorrak gelditzea.
    • Ez dago karbono dioxidoaren (CO) arriskua definitzen duen kontzentrazio-balio tiporik, baina 3500 mbp-ko kontzentrazioak 10 minutuz pertsona baten heriotza eragin dezake.
    • Bestalde, karbono monoxidoak (CO) ez du usainik, usaimenaren bidez antzematea ezinezkoa da eta arriskua asko handitzen da.
  • Hidrogeno zianuroa (HCN).

    Hidrogeno zianuroaren (HCN) ezaugarriak hauek dira:
    • Osaeran nitrogenoa duten materialak erretzean sortzen da, eta naturalak zein sintetikoak izan daitezke: artilea, zeta, nylona, poliuretanoa, etab.
    • Karbono monoxidoa (CO) baino 20 aldiz toxikoagoa da eta horren efektuak zelulak oxigenoa xurgatzetik inhibitzea da (hipoxia histotoxikoa).
    • 100 mbp-ko dosiekin 30 minututik 60 minutura heriotza eragin dezake, baina dosi letalaren %30 eta %50eko dosiekin kalteak oso larriak izan daitezke.
    • Gas honi egozten zaizkio sutean gertatutako heriotza asko, baina zaila da erakustea, beste gas askok parte hartzen dutelako inguruabar horretan.
  • Anhidrido karbonikoa (CO2).

    Hauek dira anhidrido karbonikoaren (CO2) ezaugarriak:
    • Kantitate handietan sortzen da suteetan eta bere bolumenak airea desplazatu eta aurrerago iruzkinduko ditugun kalteak eragiten ditu.
    • Arnasketa zaildu, bihotzaren eta arnasketaren erritmoa handitu eta toxikazioa handitzen du. Zorabioak, buruko minak eta ahulaldiak eragiten ditu.
    • Oxigeno defizita eragiten du: Aireak oxigenoaren %21 dauka. Kontzentrazioaren arabera, hauek eragiten ditu:
      • %17tik %21era, mugimen-koordinazio txikia.
      • %10etik %14ra, nekea eta arrazoitze-galera eragiten ditu.
      • %6tik %10era, ezaguera-galera eta hiltzeko arriskua.
      • %6tik behera, heriotza.
  • Akroleinak.

    Hauek dira akroleinen ezaugarriak:
    • Zentzumenen eta birikien narritagarri oso indartsuak dira, eta zelulosa-materialen hondarretan eta polietilenoaren pirolisian daude.
    • Kontzentrazio txikietan begien narritadura eta ezintasun psikikoa eragiten ditu, eta 2700 mbp-ko baino kontzentrazio txikiagoetan eta denbora laburrean biriketako kalteak eragiten dituzte. Horiek artatzen ez badira, heriotza eragiten dute.
  • Azido klorhidrikoa (CLH).

    Hona hemen azido klorhidrikoaren (CLH) ezaugarriak:
    • Kloroa daukaten materialak erretzean sortzen da, esaerako PVCa. Gaur egun erabilera asko ematen zaizkio.
    • 75 mbp-ko kontzentrazioetan narritadura larriak eragiten ditu begietan eta arnasbideetan, eta 700 mbp-rekin, 30 minututan kalte letalak eragin ditzakete.
  • Nitrogeno oxidoak (NOx).

    Hauek dira nitrogeno oxidoen (NOx) ezaugarriak:
    • Nitrogeno dioxidoaren (NO2) eta oxido nitrikoaren (NO) nahastea da. Hauek eragiten dute: nitrogenoa daukaten materialen errekuntza, airearen deskonposizioa eta erreakzioa eta hidrogeno zianuroa (HCN) tenperatura handietan erretzea.
    • Nitrogeno dioxidoa (NO2) ez da hidrogeno zianuroa (HCN) besteko letala, eta oxido nitrikoak (NO) hidrogeno zianuroaren (HCN) ahalmen letala baino bost aldiz gutxiago du.

Beste produktu toxiko batzuk daude, eta aldatu egiten dira parte hartzen duten erregaien, errekuntza mailaren eta sua itzaltzeko erabilitako eragilearen arabera. Izan ere, horrek erreakzioa izan dezake eta deskonposatu egin daiteke, gas oso toxiko eta korrosiboak sortuz.

Gasen adibideak:

  1. Anhidrido sulfurosoa.
  2. Amoniakoa.
  3. Hidrogeno bromuroa.
  4. Hidrogeno fluoruroa
  5. Isozianatoak.
  6. Fosforodun konposatuak.
  7. Hidrokarburo hegazkorren aniztasun handia.

GASEK ERAGITEN DUTE HERIOTZA-INDIZERIK HANDIENA SUTEETAN.