2026ko udazkeneko monografiak
Ría del Nervión : la vida entre mareas = Nerbioi itsasadarra : mareen arteko bizitza
Lan zaindu honek testigantzak, argazkiak, dokumentuak eta oroitzapenak biltzen ditu, itsasadarraren eta belaunaldiz belaunaldi haren nortasuna taxutu duten pertsonen erretratu bizia eskaintzeko. Orriz orri, irakurleak aukera du eremu geografiko baten bilakaera baino askoz gehiago deskubritzeko. Bi ertzetako arrantzaleak, txalupariak, arraunlariak, erriberako langileak, familiak eta auzotarrak dira ahots anitzeko kontakizun bateko protagonista; hala, agerian jartzen da bokaleari lotutako lanbide, ohitura eta bizipenen balioa. Itsasadarra eguneroko bizimoduaren ardatz gisa ageri da, lanaren, topaketaren eta gizarte-eraldaketaren agertoki bihurturik.
Liburuaren erakargarri handienetako bat material grafiko oparoa da. Irudi historiko eta argitaragabeak testuekin uztartzen dira, eta irakurketa atsegin eta hunkigarri bat eratzen dute, itsasadarra ezagutzen dutenengan oroitzapenak pizteko eta lehenengoz itsasadarrera hurbiltzen direnak harritzeko gai dena.
Obrak gonbita egiten digu itsasadarrari begiratzeko eta haren uren eta inguruan hazi diren komunitateen artean dagoen harreman sakona ulertzeko. Irakurketa gomendagarria da tokiko historiaz, ahozko memoriaz eta lurralde bateko aldaketa handiei giza aurpegia jartzen dieten kontakizunez gozatzen dutenentzat. Izan ere, irakurketa amaitutakoan, batek sentipena du itsasadarra ez dela paisaiaren parte bakarrik, baizik eta bertan bizi direnen parte ere badela.
Termita / Garazi Albizua; itzulpena: Bego Montorio
Termita, Garazi Albizuarena, irakurlea deseroso sentiarazi, astindu eta errealitateari beste leku batetik begiratzera behartu nahi duen eleberri horietariko bat da, zalantzarik gabe. Lehen pertsonan kontatutako lan honek amamarekin bizi den eta teleoperadore diharduen emakume baten eguneroko bizimodura hurbiltzen gaitu. Protagonista ahots adeigabe, ironiko eta zeharo zintzoa da; ikuspegi kritiko horretatik, gogoeta egiten du zenbait belaunaldik bizi duten lan prekarioari, pobreziari, afektuei eta desberdinkeriei buruz. Narratzailearen eta haren amamaren arteko harremanaren bidez, lanak aztertzen du nola transmititzen diren zauriak, indarkeriak eta afektuak belaunaldiz belaunaldi.
Prosa labur, trinko eta nortasunez beteriko batez Garazi Albizuak taxutu duen kontakizuna bai kontatzen duenagatik eta bai kontatzeko eragatik nabarmentzen da. Isiluneek, elipsiek eta kapitulu bakoitzaren irmotasunak esperientzia arreta-erakarlea bihurtzen dute irakurketa, eta umorea eta gogortasuna uztarturik ageri dira etengabe.
La danza de las luciérnagas / Ignacio Mendiola Gonzalo
La danza de las luciérnagas lanean, Ignacio Mendiola Gonzalok gure garaiko errealitate konplexuen eta hunkigarrienetako batera hurbiltzen gaitu: Bidasoaren muga zeharkatzen ahalegintzen diren migratzaileen esperientzia eta horren inguruan sortzen diren elkartasun-sareak. Liburuaren abiapuntua mugaren 2018ko itxiera da, eta aztergai du nola eraldatzen duten lurraldea kontrol- eta zaintza-politikek eta nola markatzen duten hura zeharkatzen dutenen bizitza.
Izenburuko ipurtargien dantza metafora indartsua da mugako politiken gogortasunari aurre egiteko erresistentzia eta babesa adierazteko. Oso irakurketa interesgarria da migrazioetan, giza eskubideetan eta gaur egungo mugetan interesa dutenentzat, baina baita hurbila eta, sarritan, ikusezina den errealitate bat hobeto ulertu nahi duen edozein irakurlerentzat ere.
Ignacio Mendiola Gonzalo doktorea da Movimientos sociales y trayectos sociológicos tesiari esker. Soziologia-irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta lan ugari argitaratu du 2006tik.
Garondoan / Gorka Bereziartua
Gorka Bereziartuaren lehenengo eleberriak (Hernani, 1984) istorio asaldagarri batean murgiltzen du irakurlea, memoria, nortasuna eta iraganari aurre egiteko zailtasuna aztertuz. Protagonista, bere lehenengo liburuaren arrakastaren ondoren ez aurrera ez atzera geratu den idazle bat, Donostiara itzuli da bere idazle-ibilbidea zuzendu nahian. Bertan, oroimenean lurperatutzat zeuzkan pertsona eta gertakariekin egingo du topo, eta deserosoa bezain argigarria izango den bidaia bati ekingo dio.
Eleberriak introspekzio psikologikoa, metaliteratura eta euskal gatazka gertutik bizi izan zuen azken belaunaldiko memoria kolektiboari buruzko gogoeta konbinatzen ditu. Ustekabeko topaketek, paisaian dirauten indarkeria-arrastoek eta denboraren joanean iraungitzen ez diren afektuek osaturiko kontakizun honetan, egiak hura kontatzen saiatzen denari une oro ihes egiten diola dirudi.
Bereziartuak, zeinak orain arte kazetaritza- eta saiakera-lanak sortu baititu, fikzioa erabiltzeko gaitasun handia erakutsi du lan honetan.
Espazio Femeninoak Pizkunde Amaieran = Espacios femeninos a finales del Renacimiento / Ana Galdós Monfort
XV. eta XVI. mendeetako emakumeak ikuspegi maskulinotik kontatu izan den garai batean bizi izan ziren, lan egin zuten eta eraiki zuten euren memoria. Espazio Femeninoak Pizkunde Amaieran lanean, Ana Galdós Monfort historialari eta arkeologoak ahanzturatik atera ditu Erdi Aroaren amaierako eta Aro Modernoaren hasierako emakume irundarren bizipenak, zenbait agiritegitan gordetako 360 dokumentu baino gehiagotan oinarriturik. Egileak 85 emakumeren eguneroko bizimodua berreraiki du, XV. eta XVI. mendeetan Irunen bizi izan ziren emakumeak (1.000tik gora) ordezkatzeko. Ikerketa historiko baliotsua ekartzeaz gain, lanak ezbaian jartzen ditu emakumeen iraganeko ustezko ikusezintasunari eta pasibotasunari buruzko topiko errotuak.
Saiakuntza honen alderik onenetako bat zorroztasun akademikoa narrazio arin eta ulerterrazarekin konbinatzeko duen gaitasuna da. Ana Galdósek dokumentu historikoak istorio bizi bihurtzen ditu, eta irakurlea emakumeen kezka, asmo eta erronketara hurbiltzen du; izan ere, denbora-distantzia gorabehera, harrigarriro identifikatzen errazak dira.
Alberdaniak argitaratutako lan hau edizio elebiduna da: jatorrizkoa gaztelaniaz idatzita dago, eta Irungo Udaleko Itzulpen Zerbitzuak euskaratu du.
Euskal musika kosmikoak / Josu Larrinaga Arza
Musika bera sortzen duen gizartearen isla da, eta, batzuetan, hura eraldatzeko gai den indar bat. Josu Larrinaga Arzak Euskal musika kosmikoak liburuan, euskal herri-musikaren oraintsuko historia zeharkatzeko ibilbide zirraragarri bat proposatu du, haren soinu, mugimendu eta protagonistek 1960ko hamarkadatik gaur arte Euskal Herriko aldaketa sozial, kultural eta politikoei nola lagundu dieten erakusteko.
Estilo hurbila eta dibulgaziozkoa baliatuz, egileak analisi kulturala, historia soziala eta musika-pasioa konbinatzen ditu askotariko fenomenoak aztertzeko; besteak beste, garai honetako Euskal Herrian garrantzi handiena izan duten generoen garapena (kantautoretza, folka, rocka edo punka) edo euskal musikaren industriaren bilakaera. Funtsezko talde eta artisten bidez, saiakerak gonbita egiten digu musika identitate-sorkuntzarako, erresistentziarako eta kultura-berrikuntzarako eremu gisa ulertzera.
Izen eta diskoen zerrenda kronologiko hutsa eskaini beharrean, liburuak gogoeta iradokitzaile bat planteatzen du: euskal herri-musika gizartearen ispilu hutsa izan da, ala baita aldaketa-eragilea ere? Josu Larrinaga eraikiz doan erantzuna pizgarria bezain konbentzigarria da, eta agerian jartzen du zenbateraino lagundu duten abestiek iruditeria kolektiboak eta mundua ulertzeko erak taxutzen.
Euskal musika kosmikoak lana bereziki erakargarria da musikaren, euskal kulturaren eta historia garaikidearen zaleentzat, eta mende erdi baino gehiagoko musika-sormenari buruzko begirada zabala eta kritikoa eskaintzen du. Saiakera entretenigarri eta erreferentziaz beteriko honek gonbita egiten digu bai artista berriak deskubritzeko bai memoria kolektiboan aztarna ezabaezina utzi dutenak berriro bisitatzeko.