2025eko udako monografiak

Euskal izarra beti pizturik / Joseba Aurkenerena Barandiaran

Joseba Aurkenerena euskal idazlea da, Donostian 1956an jaioa. Euskara eta historia irakasten ibili da lanean, eta gaur egun Urruñan bizi da. Idazle gisa, oso figura moldakorra eta oparoa da, ipuinak, eleberriak, haur-literatura, saiakera, itzulpenak, hiztegiak, poesia eta antzerkia argitaratu baititu.

Liburu honek euskaldunen historia, errituak eta borrokak jaso ditu, eta horiek guztiak desagertzearen aurkako aldarria da. Aurkenerenak ez du iraganeko nostalgia hutsean erori nahi, baizik eta gure sustraietatik abiatuta etorkizunari forma eman. "Euskalduntasuna ez da iraganeko zerbait, etengabe eraikitzen den errealitate bat baizik", dio egileak. Hori dela eta, zenbait pertsonaia historiko berreskuratu ditu, eta Euskal Herriaren identitatea finkatzeko giltzak eskaini ditu. Horretaz gain, diasporaren bizipenei, hizkuntzaren erronkei eta kulturaren etorkizunari ere heldu die, kontuan hartuta zer-nolako mehatxuak eta aukerak dakartzan globalizazioak.

Aurkenerenak azaldu du kontakizun handiak ez direla bere helburua: berari kontakizun errazak, bigarren edo hirugarren mailakoak jasotzea interesatzen zaio. Esaten digu, adibidez, asko dakigula Iparragirreri buruz; baina haren emazte Angelita Kerexetari buruz, berriz, eskas idatzi dela. Hain zuzen, Angelita Kerexeta Amerikan geratu zen zortzi seme-alabarekin.

Urte urdin ihesak / J. M. Olaizola "Txiliku"

Jesus Mari Olaizola "Txiliku"k Urte urdin ihesak argitaratu du, mundu nostalgiko batean murgiltzen den eleberri bat. Duela gutxi ama hil zaio, 100 urte zituela. Azken urteotan, kalera irten eta berbetan aritzen ziren garai zaharren gainean, eta animatu ohi zuen antzinako taberna, baserri, bizipen edo ohiturez mintzatzera. Horixe da obraren jatorria.

Liburuko kontakizunak girotzeko, mende bat atzera egin du egileak, amaren bizipenak dira eta. Hala ere, irakurleak denbora-jauziak topatuko ditu. Kokalekuak, bestalde, oso zehatzak dira. Gainera, egileak joko metaliterario bat egin du Txomin Agirreren Garoarekin. Hala ere, "Txiliku"ren eleberrian, baserria ez da idilikoa.

Izenburua Lizardiren Biotz-begietan poesia-liburutik hartutako bertso honetatik hartu du: "Nork lekuskez, ikusi, urte urdin igesak". Hala ikus daiteke liburuaren atariko orrialdeetan, eskaintzaren ondoren.

Neronek tirako nizkin / Sebastián Salaberria

Neronek tirako nizkin eleberri autobiografiko bat da, hau da, autofikzioaren genero deitzen diogun horri dagokio. Genero hori gaur egun goren aldian dago; baina obra honek berezitasun bat dauka: euskal literaturaren klasiko baten berrargitalpena da, jatorrizkoa 1964an argitaratu baitzen. Obra honetan, narratzailearen eta idazlearen arteko muga lausoa da: ez dakigu idazlearen edo fikziozko narratzailearen kontakizuna den. Eleberriak euskal gazte baten bizipenak kontatzen ditu. Beste askoren antzera, bera ere behartu zuten 1936ko gerran parte hartzera. Orrialdez orrialde, gatazka horretan bizi izan zituen gertakariak deskribatzen dizkigu, inolako gorrotorik azalarazi gabe. Kontakizun hori, bere sinpletasunean, indarkeriaren aurkako argumentu argia da, bakearen aldeko jarrera irmoa, alegia. Gainera, gure historiako denboraldi triste eta ilun bat ikusarazten digu. Eleberri herrikoi horrek, 1963an, Donostian ematen zen Ágora saria irabazi zuen.

Salaberria Oiartzungo Elbitxuri baserrian jaio zen 1915ean. Gerra Zibila amaitu ondoren, Donostiako Udalaren ur-biltegiaren arduraduna izan zen. Bertsolari ospetsua izan da, eta beste obra hau ere argitaratu du: Sagardotegiak. Bizkaiko Foru Liburutegian ikus daiteke.

Yo vengo del sur : el legado de una vida política / Pepe Mujica

Uruguaiko presidente ohi Jose "Pepe" Mujica ikonikoa hil ondoren, omenaldiak egin zaizkio. Mujica bizimodu soilagatik eta gizarte-inklusioarekiko konpromisoagatik nabarmendu zen lider gisa. Haren ondareak Uruguaiko mugak gainditu ditu, eta milioika pertsonak inspirazioa hartu dute haren borroka- eta gizatasun-mezuetan. Pepe Mujicaren bizitzak gogorarazten digu politika izan daitekeela aldaketarako motor indartsu bat, eta bizitzak bere sinpletasunean balio ordainezina duela.

Obra honetan bildutako diskurtsoak hautatuak izan dira Castelvecchik argitaratutako La felicità al potere (2014) eta Non fatevi rubare la vita (2018) bildumetatik. Liburuki honetan, diskurtso enblematikoenen eta eskuratzen zailenen bilduma bat topatuko du irakurleak. Egileak onartu zuen argitaratzea.

Altsasu / María Goiricelaya

Antzezlan dokumental hau "Altsasuko auzia" oinarritzat hartzen duen fikzio bat da, eta, haren bidez, memoriaren eta dramaturgia garaikidearen gainean hausnartzera eraman nahi gaitu egileak. Max sari bitarako izendatua izan da. Altsasu sortzeko ideia "Cicatrizar" (euskaraz, orbaindu) deritzon proiektuan piztu zen, zeina Mugako Antzerki Berriarena baita, Estatuko dramaturgia-laborategi garrantzitsuenetako bat. Antzezlana Arriaga antzokian antzeztu zuten, 2021ean, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Antígona argitaletxeak paperezko argitalpena egin du orain.

María Goiricelaya Bilbon jaio zen 1983an. EHUko Arteko Ikerketa eta Sormenean doktorea eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da, eta Arte Eszenikoetako graduondokoa ere egin du. Haren lanen artean hauek daude: Festen, Play! -Bizkaiko Foru Liburutegian ere badago eta Madrilgo Maria Guerrero Antzokian antzeztua izan zen Zentro Dramatiko Nazionalarekin-; Nevenka; Yerma -Antzerkirako egokitzapen onenaren 2023ko Max sariaren irabazlea-, eta Harri orri ar / El patio de mi casa -2021eko Max sarietako finalista-. 2022az geroztik, Erriberriko Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistikoa da, eta 2021az geroztik, BBKko programatzaile artistikoa.

Fiesta y rebeldía: historia oral del rock radical vasco / Javier "Jerry" Corral

Behin betiko liburu honetan, Javier "Jerry" Corralek lortu du biltzea laurogeiko hamarkadako euskal mugimendu musikal mitikoenaren ahotsak. Obra koru-kronika bat da, non eszena, ideologia eta belaunaldiak elkartzen diren.

Liburuan, protagonista handiei egindako 71 elkarrizketa argitaragabe bildu ditu, hala nola Evaristo Páramos, Pako Eskorbuto, Fermín Muguruza, Roberto Moso, Loles Vulpes, Kaki Arkarazo, Niko MCD, Jimi Tijuana In Blue, Josu Zabala Hertzainak, Pedro Espinosa Potato, etab. Beste eszena batzuetako musikari garaikideak ere bai, hala nola Mikel Erentxun, Anjel Valdes, Xabier Montoia, Edu Basterra, Iñaki Antón "Uoho", Francis Dr. Deseo edo Rafa Balmaseda. Horietaz gain, fenomenoaren aurreko musikariak (Ruper Ordorika, Anje Duhalde Errobi, Fran Lasuen Oskorri), ondorengoak (Anari, Gonzalo Ibáñez NCC, Juancar Parlange Los Clavos, Alex Sardui Gatibu, Petti...), eta oraingoak (Verde Prato, Chill Mafia, Vulk, Belako, Tatxers). Kazetariak ere ez dira falta (Pablo Cabeza, Iñaki Zarata, Gregorio Gálvez, Roge Blasco, Pedro Elías Igartua, Gotzon Hermosilla...), ezta idazleak (Kirmen Uribe, Fermin Etxegoien, Alvaro Heras, Elena López Aguirre), soziologoak (Josu Larrinaga) eta sustatzaileak ere (Marino Goñi, Jabi Basatikoa, Oskar Amézaga, Servando Carballar). Eta fenomenoaren ikuspegi poliedriko hori guztiz osatzeko, hor daude Espainiako garaiko musikari batzuk, hala nola Ramoncin, Siniestro Totaleko Julián, La Banda Traperako Morfi Grei, Manolo UVI edo Decibelioseko Manel.

Euskal rock erradikala zer izan zen kontatzen duten harietatik abiatzen da "Jerry", fenomenoaren jatorrian, igoeran, jaitsieran eta jaraunspenean ibiltzeko.

Argizari = Cera

Fernando Hualde, ikertzaile eta etnografo nafarra, eta Joseba Urretabizkaia, argazkilari tolosarra, euskal kulturaren antzinako zutabeetako bati heltzen diote obra honetan. Izan ere, erleak eta argizaria oso garrantzitsuak izan dira euskal hileta-errituetan; hain zuzen ere, norbait hiltzen zenean, erleak ziren jakiten lehenak, apaiza edo medikua baino lehenago. Amezketako herria hileta-erritu zahar baten azken gordelekua da. Erritu horretan, beheko sua eta argia eramaten ziren etxe bakoitzetik elizan orube bakoitzak zeukan hilobira, beste bizitzarako bidean hildakoei argia falta ez zekien. Argizaiolak dira su hori eramateko materialak: argizari kiribildua daukaten zurezko oholak. Euskal Herrian, XX. mendearen bigarren erdira arte, ohikoa zen halakoak erabiltzea.

Fernando Hualderen iritziz, gaur egungo mentalitatetik ezin dugu ulertu zenbateko garrantzia zeukan argizariak antzina, argi elektrikorik ez zegoen garaietan. Garrantzi handi-handiko elementua zen, eta erakundeei edo elizari ordaintzeko ere erabiltzen zen, espazio publikoak edo elizak argiztatzeko erabiltzen zen eta.

Erleen eta ezkogileen omenezko lana da. 500 aleko edizio zenbakidun batean argitaratu da.

Iñurrieta : ke usted lo pase bien

Santos Iñurrieta figura nagusietako bat izan zen Euskadiko eszena artistiko eta kulturalaren garapenean, XX. mendeko azken hamarkadetan eta XXI. mendearen hasieran. 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran, Klink taldean parte hartu zuen. Talde horrek militantzia antifrankista eta asaldura kulturala uztartzen zituen, tokiko artistei espazio kolektibo, ireki, anarkiko eta emankor bat ematen baitzien.

Obra hau Elena Raserasek zuzendutako proiektu baten emaitza da. Liburuan, 2017an Artiumen egin zen eta Daniel Castillejok komisariatu zuen "Ke usted lo pase bien" izeneko erakusketaren irudiak eta erakusketako lanen katalogoa daude. Irudiekin batera, Francisco Javier San Martínek eta Benito Herreruelak idatzitako testuak daude. Azken egile horren testuekin batera dauden irudiak Santos Iñurrietaren lan-koadernoen parte dira, eta orain arte ez dira jendaurrean jarri.