Saguzar mehatxatuak

Bizkaiko Saguzarren Babesleku lehenetsiak

Bizkaiko saguzarren 36 babesleku zerrendatu dira eta babesleku egonkorrak dira, alegia, eraikin eta lurrazpiko gordelekuak. Era berean, Kiropteroen Plan Orokorraren zirriborroan (KPO) kontserbaziorako lehentasunezko gisa izendatzeko baldintzak betetzen dituzten babeslekuak soilik zerrendatu dira. Gogoratu KPOk saguzar espezieen koloniaren tamainaren arabera ezartzen duela babeslekuaren lehentasuna. Babesleku gehienak Enkarterrietan eta Urdaibai-Lea- Artibai arroetan daude. Babesleku gutxi dira KPOak ezartzen dituen minimo numerikotik oso gorako kopuruak erakusten dituztenak. Izan ere gure lurraldeko koloniak erlatiboki txikiak dira. Kasuan kasu kolonien arteko mugimenduak eta jendearen presentzia ere aurkeztu da. Halaber, mehatxuen diagnostikoa egiteaz gain, hala badagokio, konponbideak eta zenbaketa moduak proposatu dira.

Babeslekuetatik 17ri koloniaren tamainaren jarraipena egin zaie hainbat urtetan, kolonia batzuetan are 1990 hamarkadatik ere. Hala ere, babesleku guztietan jarraipenek urte batzuetako hutsuneak dituzte, kasu batzuetan luzeak direnak. Jarraipena duten babesleku horietako espezieak Rhinolophus euryale (Galzorian, G), Miniopterus schreibersi (Kaltebera, K), R. ferrumequinum (K) eta Myotis emarginatus (K) dira gehienetan (salbuespenez, R. hipposideros -Interes Berezikoa, IB-), eta sarritan kolonia mixtoak eratzen dituzte.

Gainera, KPOaren erizpideak bete arren soilik urteren bat edo bestean kontaketa egin zaien babeslekuak zerrenda ditugu, guztira 16 dira. Lehenesteko aukera duten babesleku hauetan espezie berberak aurki daitezke, baina bai eta topatzekoak gaitzagoak diren beste batzuk ere: Myotis crypticus (lehen M. nattereri, IB), M. mystacinus (G), M. daubentonii (IB), M. bechsteinii (G), Plecotus austriacus (IB), P. auritus (IB), edo Barbastella barbastellus (G).

Azkenik, ohikoak ez diren espezieen koloniak edukitzeagatik hiru babesleku aipatu ditugu; ez dituzte KPOaren baldintzak betetzen, ez dute jarraipenik eta honoko espezieak dituzte batikbat: M. crypticus, Eptesicus serotinus (IB) eta Plecotus auritus.

Orohar, saguzarren kolonien tamainak oso aldakorrak dira urterik urte eta gertatzen da babesleku batetan KPOaren baldintzak urtero ez betetzea, erizpidearen aplikazioa zailduz.

Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemara jo dezakezu informazioa zabaltzeko.