2024ko udako hemeroteka

Echevarria S. A.-ren memoriak

Behinolako Echevarria Fabrika 1878an sortu zen, Federico Echevarria Rotaechek, haren aitak eta anaia gazteak Rekalde baserria eta bertako lurrak erosi zituztenean, Begoñako basilikaren ondoan. Lur horien beheko aldea Udal Gas Fabrikari saldu zioten, eta aldameneko beste lur batzuk erosi zituzten.

Echevarriatarrak latorria ijezteko eta estanpatzeko tailer xume batekin hasi ziren, eta, ondoren, handitu egin zuten galdaragintzan jarduteko eta bainu galbanizatuak egiteko. 1886an, ferratzeko iltzeen fabrikazio mekanikoa hasi zen; iltzeok atzerrian merkaturatu zituzten. Enpresak kontratu bat sinatu zuen Frederick Siemens-ekin, 1894an Estatuko lehen Siemens altzairu-labea instalatzeko. Apurka-apurka hedatzen jarraitu, eta Santa Ana alanbre-fabrika erosi zuten, Kastrexanan, eta Santa Agedako burdina-fabrika eta galdategia, Cadagua ibaiaren ertzean. 1902an, Federico Echevarria e Hijos sozietatea eratu zen, eta, 1920an, Echevarria S. A. bihurtu zen.

Echevarriak zeregin garrantzitsua izan zuen garai hartako Bizkaiko industrializazioarekin batera sortu zen enpresa-elkarteen mugimenduan, eta Bilboko Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganberaren sortzaileetako bat izan zen, 1886an. Bizkaiko Foru Liburutegiak gordeta dauzka enpresaren bigarren ekitalditik (1921) aurrerako memoriak.

La gallina vasca : aldizkari satirikolari ironiko sarkastiko umoretsu superonanistiko surrealistikoa

La gallina vasca argitalpenak 141 zenbaki kaleratu zituen, 2009ko abuztutik 2019ko abuztura bitartean. Edukia aktualitatean inspiratzen zen, eta aktualitate hori aldatu egiten zuen irakurleei barre eragiteko eta, aldi berean, gogoeta eragiteko. Bartzelonako Komikiaren Aretoak estatuko fanzinerik onenaren sarirako izendatu zuen, 2016an.

Haien ibilbidea joeraren kontrakoa izan zen, bai edukian, bai edukitzailean: une ezohikoan hasi ziren argitaratzen, argitalpen inprimatuak gain behera ari zirenean eta publizitatea paperetik Internetera igaro zenean. 3.000 ale inprimatzen ziren errotatiban, eta egunkarien formatu fisikoa zuen, nolabait ere egunkarien parodia izan nahi zuelako, sorkuntza artistikoa edo kritika soziala egiteko asmoarekin. Horregatik, formatu fisikoa egunkariena zen, baina edukia aldizkari satirikoena. Albiste asmatuak, binetak, fotomuntaketak, komikiak, ilustrazioak, literatura-testuak eta abar zekartzan. Erredaktoreek eta marrazkilariek umorea erabiltzen zuten entretenimendurako eta gizarte-kontzientziaziorako tresna gisa.

Hogeita hamar kolaboratzaile inguruk parte hartzen zuten, eta gehienak lagunen bidez iritsi ziren proiektura. 2013ra arte, hamabostean behin argitaratu zen, eta, hortik aurrera, maiztasun jakinik gabe. Kioskoetan, aldizkari-dendetan, tabernetan eta liburutegi espezializatuetan banatzen zen. Bizkaiko Foru Liburutegiak La gallina vascaren bilduma osoa du.