Gizarte-berrikuntza sustatzea Bizkaian

Europar Batasuna. EGIF zure etorkizunean inbertitzen du. Europako Gizarte Funtsa.

Jarduketa honen helburu estrategikoa sozialki berritzaileak diren enpresen sorkuntza sustatzea da eta gizarte-berrikuntza babestea, enpresa-eredu berriak garatuz, gizarte-erronkei aurre egiteko.

Sozialki berritzaileak diren enpresa hauen sorkuntza babesteak ondasunak edota zerbitzuak ekoizteko jarduera ekonomiko eta enpresa-jarduera jarraitua garatzea ahalbidetuko du; horrek konponbide berritzaileak eskainiko ditu gizarte-arazoak edo beharrak konpontzeko eta dauden konponbideak baino eraginkorragoak, iraunkorragoak edo bidezkoagoak izango dira. Horrela, balioa sortuko da gizarte osoarentzat.

Zentzu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte-ekintza eta Ekonomia- eta Lurralde-garapen Sailen arteko lankidetzaren ondorioz, proiektuak oso lehiakorra den merkatu-ekonomia sozialaren garapena bultzatu nahi du, gizarte-enpresek edo erakundeek eskaintzen dituzten aukerak indartzea ahalbidetzen duena. Horretarako, gizarte-erakunde edo enpresa berrien sorkuntza babestuko da, aberastasuna eta enplegua sortzen direla bermatzeko funtsezko tresna gisa.

Ekintza honen azken xedea enpresa-ekimen berritzaile guztiak sustatzea da, bai horien helburuan, bai egikaritzeko moduan ere. Horretarako, ekonomia sozialeko erakundearen sorkuntza-prozesuan lagunduko zaie, baina kontuan hartuz ideien profil berritzailearen bererazitasunak.

Enpleguaren eremutik, gizarte-erakundeak edo enpresak sustatzen dituzten pertsonek edo erakundeek enpresa berri bat abiaraztearekin lotutako informazioa eta laguntzak jasotzea lortu nahi da, enpresa bat abiarazteko beharrezkoak diren diru-laguntzen, babesaren eta laguntzaren inguruko informazio guztia bideratuz.

Zehazki, gizarte-proiektu berritzaileen garapena sustatuko da; proiektu horiek gizarteratze eta laneratze emaitzak lortzera lagundu ez ezik, gizarte-helburu bat ere izan beharko dute. Horrez gain, jardunbide berritzaileak hartu behar dituzte barne, sozialki berritzaileak diren enpresen sorkuntza babesteko.

Hain zuzen ere, aurreikusitako neurriak azterlan-fasea babestera eta enpresa-proiektu sozialak abiaraztera bideratuta daude, alderdi hauetan:

  • Enpresa-proiektuaren enpresa-plana egitea.
  • Proiektua abiarazteko beharrezkoa den finantzazioa bilatzea.
  • Hautatutako proiektuen sustatzaileen edo arduradunen prestakuntza-beharrak asetzea.
  • Erakunde sustatzaileekin proiektuaren arlo desberdinetan elkarlanean arituko diren profesionalak edo aditu independenteak bilatzea eta hautatzea.
  • Sortutako enpresa berrien kokapena bilatzea.

Proiektuak irauten duen bitartean, sozialki berritzaileak diren 40 proiektu babestu nahi dira; horietako 10 proiekturekin enpresa berri bat sortuko da. Horren bidez, 32 lanpostu berri sortu nahi dira eta lanpostu horien erdia (16) emakumeentzat izango dira.