Enkantea

Besterentze-erabakia

Zerga-bilketako organo eskudunak erabakia hartuko du enbargatutako ondasunak eta/edo eskubideak edo berme bat eratuta dutenak enkante publiko bidez saltzea agintzeko. Erabaki horretan, hauek adieraziko dira:

  1. Ondasunen eta/edo eskubideen edo loteen deskripzioa eta haiek besterentzeko hurrenkera.
  2. Ondasunen eta/edo eskubideen eta horien titularren zamak, kargak eta egoera juridikoak adieraztea, baldin eta haiek iraun behar badute eta ondasunei eragiten badiete.
  3. Lizitazio-mota.
  4. Lizitatzeko eratu behar den berme-gordailua, gehienez ere lizitazio-tasaren 100eko 5ekoa izango dena.
  5. Eskaintzak aurkezteko epea, lekua eta era.
  6. Foru administrazioaren lehentasunez eskuratzeko aukera.
  7. Adjudikaziodunak eratutako gordailuaren eta adjudikazio-prezioaren arteko aldea emateko ezarritako epea Epe hori gehienez ere hilabetekoa izan ahal izango da adjudikaziodunari adjudikazio-akta jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita, erregelamendu honen 79.3 artikuluan foru administrazioak lehentasunez eskuratzeko aukera baliatzeko duen epea igaro ondoren. Adierazi behar da ordainketa osatzen ez bada eratutako zenbatekoa galduko duela eta ezin izango diola inola ere laga ondasuna hirugarren pertsona bati adjudikatzeko eskubidea.
  8. Eskaintzak irekitzeko jendaurreko ekitaldia egin beharko den lekua, eguna, ordua eta lokala
  9. Ohartaraziko da gauzatzen den ondasunari buruzko ohar eta ezeztapenen ondoriozko erregistro-gastuak eta -kostuak adjudikaziodunaren kontura izango direla.
  10. Berariaz adieraziko da besterentze-tasan ez direla sartzen ondasun eta/edo eskubide horien eskualdaketa kargatzen duten zeharkako zergak
  11. Agerrarazi beharko da adjudikazio-akta sinatu aurreko edozein unetan, enbargatutako ondasunak eta/edo eskubideak askatu ahal izango direla, prozeduraren zordunketa eta kostuak ordainduta.
  12. Besterentzean kontuan izan behar den beste edozein inguruabar, klausula edo baldintza.

Besterentze-erabakiaren jakinarazpena

Honako hauei jakinarazi beharko zaie besterentze-erabakia: ordaindu behar duen pertsonari, haren ezkontideari edo izatezko bikoteari (maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera) irabazpidezko ondasunak badira edo ohiko etxebizitza bada; gordailuzainari, Administraziotik kanpokoa bada, eta, halakorik badago, enkantean jarritako ondasunen jabekideei edo hirugarren edukitzaileei eta interes legitimoa duen edonori.

Negozio-lokalen errentamendu-kontratuaren lagapen-eskubideen enkanteak badira, finkaren errentatzaileari edo administratzaileari ere jakinaraziko zaio, Hiri-errentamenduen 1994ko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarritako betekizunekin eta ondorioetarako.

Besterentzearen iragarkia

Enkantea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean argitaratuko da. Zerga-bilketako organo eskudunaren ustez ondasunen eta/edo eskubideen balioarekin egokia eta proportzionatua denean, beste komunikabide batzuetan edo horretarako zehaztutako beste edozein lekutan ere iragarriko da.

Enkanterako eskaintzen aurkezpena

  1. Gutun-azal itxian idatziz egindako eskaintzak soilik onartuko dira, baldin eta besterentzerako ezarritako tasaren 100eko 50 gutxienez hartzen badute.
  2. Eskabideak aurkezteko epea besterentzearen iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren eta eskaintzak irekitzeko ezarritako egunaren aurreko azken egun baliodunaren artekoa izango da, biak barne hartuta. Besterentzearen iragarkia argitaratzen denetik eskaintzak irekitzeko jendaurreko ekitaldia egin arte, gutxienez egutegiko hamabost egun igaro behar dira
  3. Eskaintzak aurkeztuko dira besterentze-akordioan berariaz adierazitako lekuan eta eran. Gutun-azal itxia ematearen ziurtagiria emango zaio aurkezleari, gutun-azala eman den egun eta ordu zehatza adierazita, eta eskaintzaren xede den ondasunaren identifikazioa adierazita. Xede horretarako, eskaintza horietarako erregistro zehatza sortuko da
  4. Aurkeztutako eskaintzek dokumentazio hau izan behar dute, onartu ahal izateko:
    1. Lizitatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzea eta, hala badagokio, ordezkaritza
    2. Adjudikazioduna izan ezean gordailua itzultzeko banku-kontua identifikatzea
    3. Gordailua ordainketa-gutunaren bidez sartu izanaren egiaztagiria. Adjudikaziodunen gordailuak foru administrazioaren esku geratuko dira adjudikazio-prezioaren konturako sarrera moduan; gainerako gordailuak itzuli egingo dira.
    4. Lizitatu nahi den ondasunaren eta/edo eskubidearen edo lotearen identifikazioa.
    5. Eskaintza ekonomikoa
  5. Lizitatzaileen eskaintzak isilpekoak izango dira, eta jendaurrean irekitzen diren arte isilpean gordeko direla bermatzeko neurriak hartuko dira.
  6. Eskaintzak aurkezteko eta kentzeko murrizketak:
    1. Eskaintza bakarra onartuko da pertsona fisiko edo juridiko bakoitzeko, batera edo banaka aurkeztuta. Eskaintza hori altuena izango da, bat baino gehiago aurkezten badira.
    2. Eskaintzak aurkeztu ahal izango dituzte legezko eragozpen edo murrizketarik ez duten pertsona guztiek, zuzenean edo ordezkariaren bidez, betiere, aurkezteko unean foru administrazioarekin zerga-betebeharren ordainketan egunean badaude, hauek izan ezik: prozeduran zuzenean edo zeharka inplikatutako funtzionarioak, peritu tasatzaileak, espedientean esku hartu duten gordailuzainak eta aurrekoekin laneko edo lankidetzako harremana dutenak, euren kabuz edo bitarteko pertsona baten bidez
    3. Aurkeztutako eskaintzak kentzea onartuko da, betiere idatziz eskatzen bada eta kendu beharreko eskaintza behar bezala identifikatzen bada. Kasu horretan, emandako gordailua itzuli egingo da

Enkante Mahaiaren eraketa

Mahaia osatuko dute mahaiburuak eta Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuaren foru aginduan ezarritako eran funtzionarioen artean izendatzen direnek.

Mahaia balio osoz eratuko da gutxienez Mahaiko bi kide bertaratuz gero. Mahaiko kide guztiak espedientean jasoko den berariazko eskuordetzearen bidez ordeztu ahal izango dira

Eskaintzen irekiera eta adjudikazioa

  1. Eskaintzen irekiera Enkante Mahaiko buruak egingo du, jendaurreko ekitaldian.
  2. Hurrenez hurren, ondasunetarako eta/edo eskubideetarako edo loteetarako aurkeztutako eskaintzak ireki eta irakurriko dira, betiere besterentzearen iragarkian finkatutako hurrenkerari jarraituz, eta baten baterako eskaintzarik ez badago, hurrengora igaroko da. Ekitaldia amaitutzat joko da adjudikatutako ondasunen zenbatekoarekin zordunari eska dakizkiokeen zor guztiak estali bezain laster.
  3. Lote edo ondasun eta/edo eskubide bakoitza eskaintza ekonomikorik handienari adjudikatuko zaio, eta zenbait eskaintzak bat egiten badute, lehenengo aurkeztutakoari adjudikatuko zaio.
  4. Aurreko atalen arabera adjudikazioduna izendatu denean eta aplikatzeko moduko legeriaren arabera eroslehentasun-eskubidearen titularrak edo adjudikazioaren baldintzak aldez aurretik jakinaraztera behartzen duen eskuratzeko lehentasunezko eskubidearen titularrak diren interesdunak daudenean, pertsona interesdun horiei jakinaraziko zaie. Mahaiak erabakitako adjudikazioa eten egingo da, aplikatzeko moduko legeriaren arabera interesdunek eskuratzeko eskubidea egikaritu ahal duten epean

Adjudikazio-akta

Enkantea egin ondoren, Enkante Mahaiko kideek dagokion adjudikazio-akta sinatuko dute. Akta horretan jasoko dira alderdi aipagarri guztiak, aurkeztutako eskaintzak, adjudikazio-prezioa, adjudikazioduna eta gorabeherak. Akta horren kopia hala eskatzen duten lizitatzaileei emango zaie.

Zuzeneko adjudikazioa

  1. Honela jokatuko da Zerga-bilketako organo eskudunaren erabakiaren bidez zuzeneko adjudikazioa egingo da kasu hauetan:
    1. Enkantea edo lehiaketa egin ondoren, adjudikatu gabeko ondasunak edo eskubideak geratzen direnean. Kasu horretan, ez da egongo gutxienezko preziorik eskaintzetarako.
    2. Produktu galkorrak direnean edo espedientean justifikatutako premiazko beste arrazoi batzuk daudenean.
    3. Beste kasu batzuetan, ezinezkoa denean edo lehia sustatzea komeni ez denean, espedientean justifikatutako arrazoiengatik.
  2. Ondasun galkorrak direnean, besterentze-erabakian zuzeneko adjudikazioaren mugak eta baldintzak ezarri ahal izango dira.
  3. Zuzeneko adjudikazioa irizpide hauen arabera egingo da:
    1. Besterentze-erabakia, Erregelamendu honen 80.1 artikuluan ezarritako zehaztasunak jasoko dituena, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Bizkaiko Foru Aldundiko webgunean iragarriko da.
    2. Deialdian eskaintzak onartzeko azken eguna ezarriko da.
  4. Adjudikazio Mahaia osatuko dute mahaiburuak eta Ogasun eta Finantzen foru diputatuaren foru aginduan ezarritako eran funtzionarioen artean izendatzen diren funtzionarioek.
    Mahaia balio osoz eratuko da gutxienez Mahaiko bi kide bertaratuz gero. Mahaiko kide guztiak espedientean jasoko den berariazko eskuordetzearen bidez ordeztu ahal izango dira.
  5. Aurkeztutako eskaintzen arabera, Mahaiak eskaintza ekonomikorik onena ren aldeko adjudikazioa erabakiko du. Adjudikazioa jasoko da dagokion adjudikazio-aktan, zeinak aurkeztutako eskaintza guztiak eta gertatu diren gorabeherak jasoko baititu, eta aktaren ondorengo ziurtagirian.
  6. Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasuna besterentzeko tasaren ehuneko 50 baino txikiagoa denean, Mahaiak, interes publikoa kontuan hartuta eta adjudikaziorako gutxieneko preziorik egon gabe, eskaintza nahikoa den erabakiko du, ondasuna edo lotea adjudikatzea erabakiz edo adjudikazioa adjudikatu gabe utziz.
  7. Berariaz aurreikusi ez denerako, enkante bidezko besterentzeari buruz ezarritakoa hartuko da kontuan, aplikagarri den horretan.

Besterentzea pertsona edo erakunde espezializatuen bidez

Zerga-bilketako organo eskudunak enkargatu ahal izango die enpresa edo profesional espezializatuei enkanteak egiteko, eta enpresa edo profesional horiek publizitate- eta lehia-printzipioak errespetatu beharko dituzte beti.

Lehiaketa

  1. Enbargatutako ondasunak eta/edo eskubideak edo berme bat eratuta dutenak lehiaketa bidez besterendu ahal izango dira, baldin eta behar den moduan justifikatutako interes publikoko beste arrazoi batzuk badaude.
  2. Lehiaketa zerga-bilketako organo eskudunak baimendu behar du, eta deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
    Deialdi horretan, besterendu beharreko ondasunak, ondasun horiek aurkezteko epea eta baldintzak, ordaintzeko modua eta egin beharreko gordailua zehaztuko dira. Era berean, halakorik izanez gero, lehiaketaren baldintza bereziak zehaztuko dira, bai lehiakideen betekizunei buruzkoak, bai besterendutako ondasunak kendu eta erabiltzeari buruzkoak. Berariaz aurreikusi ez denerako, enkante bidezko besterentzeari buruz ezarritakoa hartuko da kontuan, aplikagarri den horretan.
  3. Eskaintzak onartzeko epea amaitutakoan, organo eskudunak lehiaketa esleitzea edo esleitu gabe uztea erabakiko du bost eguneko epean.
    Esleipena eskaintzarik onuragarrienari egingo zaio, alderdi ekonomikoaz gain, deialdiko baldintza guztiak betetzen direla ere kontuan hartuta. Lehiaketa hutsik geratzen bada, ondoren zuzeneko adjudikazioa egin ahal izango da.

Salmenta librea

Administrazioak kargen salmenta librea, zamak kitatuta, baimentzeko, zor osoa estaltzen ez bada, ondasun enbargatu edo hipotekatu bat Bizkaiko Foru Ogasunaren alde duenak zuzenean saldu ahal izango du erosketa-eskaintza bat duenean, eta enbargo edo hipoteka hori kentzeko eskatu ahal izango du. Horretarako, hauek aurkeztu behar dituzu:

  1. Ondasunaren balorazioa, enpresa ofizial homologatu batek egina.
  2. Erosketa-promesaren kontratuan edo antzekoan jasotako eskaintza. Enpresa ofizial homologatuak egindako ondasunaren balorazioaren berdina edo handiagoa izan beharko du eskaintzak.

Ondasunaren titularrak baimena eman beharko digu interesdun izan daitezkeenei harremanetarako telefonoa emateko, eta ezingo die salmenta oztopatu beste pertsona batzuei.

Salmenta hori BAOn eta enkanteen webgunean argitaratuko da, gutxienez 15 egunez. Beste pertsona batek hasieran aurkeztutakoa baino eskaintza handiagoa aurkezten badu, ondasunaren titularrak eskaintza altuago hori onartzen badu soilik kenduko da enbargoa. Eskaintza guztiak nahitaez subastas@bizkaia.eus posta helbidera bidali beharko dira.

15 egun horiek igaro ondoren, Bizkaiko Foru Ogasuna ondasunaren titularrarekin harremanetan jarriko da, aurkeztutako eskaintzarik altuenaren berri emateko eta eskaintza hori aurkeztu duen pertsonarekin erres-kontratua formalizatzeko. Formalizatu ondoren, kontratuaren kopia bidali beharko du, eta ondasunaren salerosketa-eskritura sinatuko den eguna adierazi. Foru Ogasunak eskaintzaren zenbateko osoa kobratuko du, eta bermea jasotzeko agiria une horretan bertan entregatuko da.