Handitu egin dira bizkaitarren gaitasun digitalak eta Administrazio Elektronikoarekiko konfiantza

2026/08/07

Bizkaiko Foru Aldundiak telefono bidezko inkesta bat egin die Bizkaiko 17 urtetik gorako 1.000 laguni baino gehiagori, teknologiaren erabileraren bilakaera, eguneroko ohituren aldaketak eta 2020-2025 urteetan eskuratutako gaitasun digital berriak aztertzeko. 

Bizkaia Digitala ikerketak agerian utzi du gora egin duela nabarmen teknologiaren erabilerak. Inkestari erantzun dioten biztanleen erdiek baino gehiagok diote ezagutza informatiko aurreratuak dituztela, eta ezagutza hauek are handiagoak dira gazteen artean, gaitasun teknologiko handiagoak dituztela erantzun baitute.  

Gainera, era nabarmenean hobetu da ere gaitasun digitalei buruzko bizkaitarren autopertzepzioa. Gora egin du ezagutza aurreratuak dituztela uste dutenen ehunekoak eta, behera, aldiz, oinarrizko ezagutzak dituztela uste dutenenak. 

Adinekoek ere hobera egin dute euren trebetasun digitaletan, eta gehienek diote egunero erabiltzen dutela mugikorra. Inkestatuen adinak behera egin ahala, gora egiten du gailuak erabiltzen emandako denborak, eta gazteenak dira gehien erabiltzen dituztenak: egunean lau orduz. 

Tramiteak, erosketak edo biltegiratzea bezalako zerbitzu digitalen erabilera orokortzeak areagotu egin du Interneteko segurtasunarekiko eta pribatutasunarekiko kezka, batez ere online erosketetan. Bizkaiko biztanleen % 83 kezkatuta daude Adimen Artifizialaren erabilera desegokiarekin eta ez dira fio informazioaren egiazkotasunaz. Hala ere, 35-44 urteko pertsonek uste dute Adimen Artifiziala baliabide egokia izan daitekeela eguneroko zereginetarako eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko.  

Administrazio Elektronikoarekiko pertzepzioa 

Administrazio publikoekin Internet bidez eginiko tramiteek gora egiten jarraitzen dute, eta beste erabilera digital batzuek baino konfiantza handiagoa sortzen dute. Internetekiko konfiantza orokorraren gainetik ere daude. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu eta tramite elektronikoen digitalizazio-maila lurralde osoaren digitalizazio-mailaren antzekoa da, eta azken hori ere aurrera doa.  

Bizkaiko bizilagunek uste dute Foru Administrazioak bermatu egiten duela neurri handi batean elektronikoki eginiko zerbitzu, tramite eta gestioen segurtasuna, eta herritarren datuak babesten dituela. 

IKUSI SARRERA GUZTIAK