Oinatzak uzten dituzten emakumeak, bizitza uzten duten oinatzak!

Garapena

Lumaltik Herriak elkartearen eskutik, Lilian Magali Verdugo, Guatemalako Peten-Ixqikeko Emakumeen Elkartekoa, eta Elvira Madrid Romero, Mexikoko "Brigada Callejera-Elisa Martinez" elkarteko bisita jaso dugu.

2025eko maiatzak 21

Ixqik Emakumeen Elkartea, 26 urteko ibilbidea duena, indarkeriatik bizirik atera diren emakume eta neskatoei laguntzen dien giza eskubideen defendatzaileen erakunde gisa definitzen da. Ikuspegi integral batetik lan egiten du: larrialdiak, alderdi legalak, juridikoak, psikologikoak, sozialak, eta indartze politikoa. Indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei eta neskatoei laguntza integrala emateko zentro bat du, laguntza legala, psikiatrikoa eta medikoa eskaintzen die emakume migratzaileei, bai eta komunitate-mailako formakuntza-programak eta ekintzailetzari laguntzeko programak ere.

Bestalde, Brigada Callejera elkartea sexu-langileek eta transgeneroek, pertsonen salerosketatik bizirik atera direnek, emakume migratzaileek eta beste emakume solidario batzuek osatutako erakunde zibila da. Sexu-langileen eta emakume transen giza eskubideen, eskubide zibilen eta lan-eskubideen defentsan espezializatu da, baita egoera irregularrean dauden migratzaileei arreta ematen ere. GIBaren, HIESaren eta STIen (Sexu Transmisiozko Infekzioak) prebentzioa lantzen du, bai eta pertsonen salerosketaren eta sexu-esplotazioaren aurrean komunitate-mobilizazioa ere. Horretarako, hezkuntza-komikiak, informazio-oharrak eta audio-ipuinak erabiltzen ditu, herri-sektoreei zuzenduak.

Bi erakundeek Mexiko eta Guatemala arteko mugaren egoerari buruzko azterketa partekatzen dute, migrazio-fluxuek lurraldean duten eragin handia eta azken hilabeteetan migrazio-politikak gogortu izanak eragindako ziurgabetasunari buruzkoa.