Aldundiak Justiziaren eremuko nazioarteko Lankidetzari buruzko foro batean parte hartu du Ekuadorren

Garapena

Laespada diputatuak Bizkaia Koopera foru-estrategiaren barruan dagoen eta IRSE.EBI eta Warmi Ametsak erakundeekin garatzen ari den topaketan parte hartu du. Foroan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak, Iñaki Subijanak, ere parte hartu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak Quiton (Ekuador) egin den Justizia Errestauratiboaren Nazioarteko I. Foroan parte hatu du aste honetan. Foro hau Bizkaia Koopera foru-estrategiaren barruan kokatzen da eta IRSE.EBI (Euskadiko Birgizarteratze Institutua) euskal erakundeak eta Warmi Ametsak (Sueños de Mujer WASMU) ekuadortarrak garatu dute.

Topaketan Teresa Laespada, ahaldun nagusiordea eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, izan da, Iñaki Subijana, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentearekin batera.

Justizia Errestauratiboari buruzko lehen foro honek Ekuadorren eta Euskadiren arteko elkarrizketarako, prestakuntzarako eta proposamenetarako etengabeko lankidetzaren oinarriak ezarri nahi ditu justiziaren, giza eskubideen eta gizarte-bakearen arloetan.

Bere esku-hartzean Laespada diputatuak Bizkaiko Foru Aldundia bezalako administrazio publiko batetik nazioarteko lankidetza-proiektuak bultzatzearen zentzuari lotutako gogoeta egin du eta zehaztu du erantzuna, hain zuzen ere, foro hau bezalako ekimenetan eta barne hartzen duen programan dagoela, lankidetzan aritzeak erakundeak indartzea, ezagutza partekatzea, profesionalen sareak sortzea eta gizarte kohesionatuagoak eraikitzen laguntzea esan nahi duelako.

Erronkek jada mugak aintzat hartzen ez dituzten mundu batean bizi gara. Berdintasunik ezak, indarkeriak, erakundeekiko konfiantza galtzeak edo polarizazioak, intentsitate desberdinekin, gizarte oso desberdinei eragiten die. Errealitate horren aurrean nazioarteko lankidetzak balio berritua hartzen du,  azpimarratu du.

Bi eguneko foroa

Quiton egin den foroak bi eguneko agenda izan du, lehenengoa "Experiencias Validadas y Marco Normativo - Balioztatutako esperientziak eta arau-esparrua" izenburupean. Bertan aipatu den Iñaki Subijanak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, parte hartu du eta berarekin egon dira, besteak beste,  Marco Rodríguez Ruiz, Ekuadorko Justizia Gorte Nazionaleko presidentea, eta Inés Soria, Eusko Jaurlaritzako Espetxe Erakundeetako aholkularia.

Bigarren jardunaldian, "Futuro, Compromisos y Construcción de Red - Etorkizuna, konpromisoak eta sarearen eraikuntza" izenburupean, Ekuador-Euskadi Sarea eratzeko saioaz gain, esku-hartze gehiago eta talde-lana egon dira eta justizia errestauratiboaren adibideak aztertu dira.