Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldearen eraldaketa digitalean sakondu nahi du, Foru Arau berri baten bitartez

2026/06/22

Bizkaiko Foru Aldundia foru-arau berri bat lantzen ari da, gure lurraldean eraldaketa digitalaren esparru komun bat ezarri, bitarteko elektronikoen erabilera arautu eta administrazio-berrikuntza indartzeko. 

Arauak finkatzen ditu Bizkaiko foru-sektore publikoa berritzeko eta eraldatzeko oinarriak eta araubide orokorra, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, foru-zerbitzu publikoak eraginkorragoak izateko. 

Berrikuntza eta eraldaketa horren bitartez, herritarrekiko harremana indartu egingo da, segurtasuna zeharkako printzipio gisa ziurtatuta, eta administrazio digital inklusibo, garden eta proaktiboa bultzatuta. 

Arauaren helburua, foru sektore publiko hurbilago, ulergarriago, arinago, proaktiboago, seguruago eta fidagarriago baterantz aurrera egitea da. Teknologia digitalak baliatzeko kalitatezko zerbitzu publikoak emateko gai izango dena, inor bazterrean utzi barik.   

Arauaren berri emateko bilerak 

Araua osatze aldera, hiru bilera egin dira, eta inplikatutako hainbat eragilek parte hartu dute horietan. Helburua arau berria aberastea izan da, hainbat kolektiboren ekarpenen bidez. 

Ekainaren 2an, Foru Arau berria aurkeztu zen erakundeetako ordezkarien eta kolektibo profesionalen aurrean, besteak beste, Administrazio Publikoaren eraldaketa digitala, berrikuntza-ekimenak eta ekimen horiek herritarrekiko harremanetan izango duten eragina aztergai harturik. 

Ekainaren 4an, lan-saio bat egin zen gizarte-taldeekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko beharginekin, euren ikuspegia sartzeko arau berrian, eta bertatik bertara jakiteko zer premia dituzten Administrazioarekiko eta eskaintzen diren zerbitzuekiko harremanetan.  

Azkenik, ekainaren 17an, jardunaldi bat egin zen arauetan aditu eta legelari espezialistekin, ikuspegi tekniko bat txertatze aldera. 

Bizkaia 2027 Agenda Digitala 

Bizkaia 2027 Agenda Digitala egitasmoaren helburua da bultzada ematea Bizkaiaren eraldaketa digitalari, bere gain hartuta zeregin horretan dagokion erantzukizuna. Horretarako, arau-eskakizun espezifikoak behar dira, hainbat arlotan: partaidetza, gardentasuna, eskubide digitalak, proaktibitatea, automatizazioa eta soluzio teknologiko aurreratuen hedapenean erantzukizun instituzionalak hartzea; bereziki, adimen artifiziala, datuen gobernantza eta zibersegurtasuna bezalako alorretan. 

Foru Arau berria, horrenbestez, Bizkaia 2027 Agenda Digitalaren proiektuetako bat da, eta agenda horrek proposatzen du Gobernu Digital berritzaile, etiko eta hurbil bat garatzeko eremuak, akordioak eta aliantzak sortzea.

IKUSI SARRERA GUZTIAK