Gizarte Segurantzako kotizazio-sistema berria autonomoentzat

2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gizarte Segurantzak kotizazio-sistema berri bat ezarri du norberaren konturako langileentzat edo langile autonomoentzat. Sistema hori kasuan kasuko zerga-administrazioak jakinarazitako urteko etekin garbietan oinarritzen da; etekinok, berriz, langile horiek beren jarduera ekonomiko, enpresarial edo profesional guztiak garatzean banaka edo edozein entitate-motatako bazkide edo kide gisa lortu dituztenak dira.

Jarduera bakoitzaren etekin garbi konputagarria kalkulatzeko, PFEZaren arauetan ezarritakoari jarraituko zaio eta berezitasun batzuk aplikatuko dira kontuan hartuta zergadunak zer kolektibotako kide diren.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonek lortutako etekinak, bai banaka egindako jarduera ekonomikoagatik lortutakoak, bai errentak eratxikitzeko araubidean dauden entitateetako (EEAE) bazkide izateagatik lortutakoak.

Jakinarazitako etekinak zergadunak aurkeztu duen errenta-aitorpenetik ateratzen dira.

Zehazki, jarduera ekonomiko bat egiten duen pertsona bakoitzeko aitorpeneko aurrez egotzitako etekin garbia eremuan jasotako informazioa da.

Jakinarazitako datua hau da: zergadun bakoitzak garatzen dituen jarduera guztietako halako eremuen batura, etekina zehazteko erabilitako metodoa edozein dela ere, bai eta EEAE baten bidez garatutako jardueren kasuan ere.

Ondoren jarduera ekonomikoaren etekinarekin lotutako elementuren bat aldatzen duen likidazio bat jaso bada, aurrez egotzitako etekin garbi aldatua izango da jakinarazitako datua.

Zergadunek banaka edo EEAE baten bidez garatutako jarduera ekonomikoa dela-eta lor ditzaketen etekinez gainera, Bizkaiko Ogasunak informazioa emango du ondoren adierazten diren etekinei buruz.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten senideen ustiapenean edo negozioan laguntzen duten pertsonek lortutako lan-etekinak, eta honako hauek lortzen dituzten lan-etekinak edo/eta kapital higigarrikoak: kapital-sozietateetako bazkideek, sozietate erregular kolektiboetako industria-bazkideek eta sozietate komanditarioetakoek, lan-sozietateetako bazkide langileek eta lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek.

Etekinak 190 eta 193 ereduen bidez egozten zaizkio bazkideari; ereduok, berriz, zergaduna senide, bazkide/administratzaile den familiako senideek edo entitateek aurkeztu behar dituzte, eta zergadunak aurkeztutako errenta-aitorpenean kontsulta daitezke.

190 ereduan jasotako datuak zergadun bakoitzaren errenta-aitorpenean ikus daitezke, zehazki, diruzko lansariak, gauzazko lansariak eta jasanarazi gabeko konturako sarrera eremuetan, zeinak Lan-etekinak deritzonean baitaude, Soldatak, pentsioak eta antzekoak atalean. Hain zuzen, Gizarte Segurantzari jakinarazten zaio 190 ereduko (Aitorpen informatiboa. Atxikipenak eta konturako sarrerak. Lanaren etekinak, jarduera ekonomikoen etekinak, sariak eta ondare-irabazi eta errenta-egozpen jakin batzuk. Urteko laburpena) gako hauen baturari dagokion zenbatekoak:

  • A gakoa: Lan-etekinak Besteren konturako langileak, oro har.
  • E gakoa: Lan-etekinak: Kontseiluko kideak eta administratzaileak. Azpigakoak: 01, 02, 03 eta 04.
  • F gakoa: Lan-etekinak: Ikastaroak, hitzaldiak, mintegiak eta antzekoak, eta obra literarioak, artelanak edo lan zientifikoak. Azpigakoak: 01, 02, 03, 04, 05, 06 eta 07.
  • L gakoa: Salbuetsitako errentak eta kargarik gabeko sariak. Azpigakoak: 15, 24, 25, 26, 30 eta 31.

193 ereduan jasotako datuak zergadun bakoitzaren errenta-aitorpenean ikus daitezke, zehazki, diru-sarrera osoak eta jasanarazi gabeko konturako sarrerak eremuetan, zeinak Obligazioak, bonuak eta beste etekin batzuk deritzonean baitaude, Interesak, dibidenduak, aurrezki-aseguruak eta antzekoak atalaren barruan, ezkontzaren edo izatezko bikotearen araubide ekonomikoa kontuan hartuta. Hain zuzen, Gizarte Segurantzari jakinarazten zaio 193 ereduko (Aitorpen informatiboa. Kapital higigarriaren zenbait etekinen gaineko PFEZaren atxikipenak eta konturako sarrerak. SZren eta EEEZren —establezimendu iraunkorrak— zenbait errentaren gaineko atxikipenen eta konturako sarrerak. Urteko laburpena) gako hauen baturari dagokion zenbatekoak:

  • A gakoa: Edozein entitateren funts propioetako partaidetzagatik lortutako etekinak. Azpigakoak: 01, 02, 05, 07, 08 eta 09.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren web-orrian kontsultatu ahal izango duzu langile autonomoentzako kotizazio-sistema berria.