2025eko udako hemeroteka

Voice of the Basques

XIX. mendeko azken urteetan, milaka euskaldun bizi ziren Amerikan. Euskal Herritik Amerikara joan ziren euskaldunei zuzendutako lehenengo egunkaria Eskualdun Gazeta izan zen, 1885ean Los Ángelesen (Kalifornia) sortua Martín Biscailuzen zuzendaritzapean. Horren ondoren beste egunkari batzuk sortu ziren: Laurac Bat (1886) Habanan, Faustino Diez Gaviño poeta portugaldarraren zuzendaritzapean; La Vasconia (1893) Buenos Airesen, José Rufo de Uriartek sortua; California´ko Eskual Herria (1893) Los Ángelesen, Jean Pierre Goytinok sortua. Urte batzuk geroago, Haritza (1896), Eskual Herria (1898) eta La Euskaria (1906) sortu ziren Buenos Airesen. 1917an, Navarra aldizkaria sortu zen Argentinako hiriburuan, eta 1921ean, Eskualduna astekaria Hego Amerika osoan banatu zen. Egunkari euskal-amerikarretako azkena eta modernoena Voice of the Basques izan zen.

Zuzendaria John Street izan zen, eta editorea Brian Wardle. Boisen (Idaho) editatzen zen, hilero, eta 1974ko abendutik 1977ko abuztura arte iraun zuen. Egunkari horren lehen alean azaltzen denez, hura argitaratzeko ekimena John Streetena izan zen; izan ere, Streeten ustez, kalitatezko argitalpen bat behar zen euskaldunen kultura aberatsa, ondarea eta albisteak zabaltzeko. Argitalpenaren zatirik handiena ingelesez dago, baina euskarazko testu batzuk ere baditu.

Bizkaiko Foru Liburutegiak egunkari horren lehenengo bi aleak gordetzen ditu.

CicNetwork : ciencia y tecnología : revista semestral de los Centros de Investigación Cooperativa de Euskadi

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea ikerketa, garapen eta berrikuntza arloetako erakundeen multzo bat da. Erakunde horiek sarean lan egiten dute, eta Euskadin aberastasuna eta ongizatea sortzen laguntzen duen ikerketa espezializatua egiten dute. Ikerketa kooperatiboko zentroak sare horren parte dira, eta gainera, Basque Research and Technology Alliance barruan daude. Erakunde hori ikerketa eta garapen teknologikoko partzuergo bat da, zentro teknologikoek eta ikerketa kooperatiboko zentroek osatua (guztira, 17 zentro).

Euskadiko Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen Sarearen Elkarteak (egoitza: Bizkaiko Parke Teknologikoa) CicNetwork: ciencia y tecnología aldizkaria hamar urtez argitaratu zuen, sei hilean behin: 2006an hasi zen eta azken alea (16. zenbakia) 2016ko maiatzean argitaratu zen. Dibulgazioko aldizkari bat zen, eta bere helburuak ziren eremu zientifiko-teknikoaren eta ingurunearen artean sinergiak sortzea, eta informazio mota hori espezializatu gabeko publikoari helaraztea.

Bizkaiko Foru Liburutegiak argitalpen horren bilduma interesgarria gordetzen du.