TRATAMENDU-ERAGILEAK
BIZKAIKO FORU ALDUNDIAN

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) 4. artikuluak honela definitzen du tratamendu-eragilearen figura: “Tratamenduaren arduradunaren izenean datu pertsonalak tratatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, agintaritza publikoa, zerbitzua edo bestelako erakundea”. Bizkaiko Foru Aldundiaren esparruan, DBEOren 28. artikuluaren arabera, tratamendu-eragile batek datu pertsonalen tratamendua egiten duenean foru erakundeko tratamendu-arduradun baten kontura, segurtasunerako neurri teknikoak eta antolakuntzakoak aplikatzeko berme nahikoak eskaintzen dituzten tratamendu-eragileekin soilik ezarri behar dira harremanak. Era horretara, datu pertsonalen tratamenduak bete egiten ditu Bizkaiko Foru Aldundiak bere eragileentzat zehazten, ezartzen eta eguneratzen dituen jarraibideak eta gidalerroak, eta, gainera, horiek gauzatzerakoan datuen babesaren arloko araudi indarduna betetzen da.

Nola ezartzen eta arautzen dugu tratamendu-eragileekiko harremana?

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren 2020ko otsailaren 18ko Erabakiaren bitartez Bizkaiko Foru Aldundiko Datu Pertsonalen Tratamendu-jardueren Erregistroa sortu, arautu, mantendu eta argitaratzen da. Erabaki horren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendaritza nagusiak dira, arau orokor gisa, datu pertsonalen tratamenduaren ardura duten unitate organikoak, bakoitza bere eskumeneko eremuan. Unitate horiek tratamendu-eragileekin izan behar duten harreman juridikoa jarraibide eta gidalerroen bitartez ezartzen da; horiek egintza juridikoak ahalbidetzen dituzte, bi alderdiak lotzen dituztenak eta tratamenduaren ezaugarri hauek guztiak ezartzen dituztenak: xedea, iraupena, izaera eta helburua, datu pertsonalen mota eta pertsona interesdunen kategoriak, bi alderdien betebeharrak eta eskubideak, eta DBEOren 28. artikuluak aipatzen dituen gainerakoak.

Jarraibide eta gidalerroen helburu nagusia da, azken batean, Bizkaiko Foru Aldundiaren inguruneko tratamendu-arduradunen kontura datu pertsonalak tratatzen dituzten entitateek datuetarako irispide legitimoa baino ez edukitzea eta baldintza hauek betetzea:

  1. Enkargatutako zerbitzurako baino ez erabiltzea datu pertsonalak, eta berariaz baimendutako helburuetarako bakar-bakarrik, eta ez bestelako xede bateraezinetarako.
  2. Datu pertsonalik ez jakinaraztea hirugarren pertsona edo entitateei, salbu eta horretarako legitimatzen eta gaitzen dituen oinarri juridikoa dagoenean, DBEOren 6. artikuluarekin bat.
  3. Datu pertsonalen isilpekotasuna eta osotasuna bermatzea, segurtasun neurriak ezarriz.

Ezarritako bermeak eskaintzen dituzten eta datuen babesari buruzko jarraibide eta arau indardunak betetzen dituzten entitateak soilik izan daitezke Bizkaiko Foru Aldundiaren tratamendu-eragileak.

Nortzuek parte hartzen dute Bizkaiko Foru Aldundiaren tratamendu-enkarguetan?

Bizkaiko Foru Aldundiaren esparruan, arau orokor gisa, tratamendu-arduradunaren eta tratamendu-eragilearen arteko enkargu-harremanetan parte hartzen duten subjektu hauek identifika genitzake:

  1. Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendaritza nagusiak dira, gehienbat, tratamenduaren arduradunak, bakoitza bere eskumeneko gaietan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eginkizunei buruz eta egitura organikoari buruz indarrean dauden erregelamenduekin bat etorriz; eta, zehazki, eskumen juridiko horien eremuan datu pertsonalekin egiten diren tratamenduei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren 2020ko otsailaren 18ko Erabaki horrekin bat etorriz.
  2. Bestalde, tratamendu-eragileak pertsona fisikoak edo juridikoak dira, honako ezaugarri hauek biltzen dituen harreman juridikoa dutenak Bizkaiko Foru Aldundiarekin:
    • Negozio juridiko hauetakoren bat formalizatzea: enkargua baliabide propio bati, kudeaketa-gomendioa, hitzarmena edo kontratua.
    • Negozio juridiko horien ondorioz datu pertsonalen tratamenduak egitea.

Nola egiten dira tratamendu-arduradunaren eta tratamendu-eragilearen arteko tratamendu-enkarguak Bizkaiko Foru Aldundian?

Tratamendu-eragileak Bizkaiko Foru Aldundiko tratamendu-arduradunekin lotzen dira (gehienbat zuzendaritza nagusiekin) hainbat tresna juridikoren bitartez. Horien artean hauek nabarmentzen dira:

  • Enkarguak baliabide propioei. Tresna juridiko horren bitartez, botere adjudikatzaileek, besteak beste Bizkaiko Foru Aldundiak eta foru entitateek, zuzenean gauza ditzakete obra, hornidura, zerbitzu, obra-emakida edo zerbitzu-emakidako kontratuetako berezko prestazioak, konpentsazio ekonomikoaren truke, eta beste pertsona juridiko batez baliatuz —pertsona hori zuzenbide publikokoa nahiz zuzenbide pribatukoa izan daiteke—, aldez aurretik berari enkargua eginda, betiere pertsona juridiko horrek haien bitarteko propio pertsonifikatuaren kalifikazio juridikoa izan badezake, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak xedatutakoarekin bat. Hala, eraginkortasuna lortzearren, beste pertsona juridiko bati eskatzen diote lanak egiteko (obrak, hornidurak, zerbitzuak, obra-emakidak eta zerbitzu-emakidak), eta beste pertsona horrek bitarteko propioaren kalifikazio juridikoa eduki behar du.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Erabakian ezarritakoaren arabera, foru entitate hauek dira BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN bitarteko propioak:

    • INTERBIAK BIZKAIA S.A.M.P.
    • AZPIEGITURAK S.A.M.P.
    • LANTIK S.A.M.P.
    • ZUGAZTEL M.P.S.A.
    • GARBIKER A.B. S.A.
    • BIZKAIKO BASALAN S.A.M.P.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren 2019ko azaroaren 12ko Erabakiaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak bitarteko propioei enkargu horizontalak egiteko arau-esparrua onetsi zen.

    Bizkaiko Foru Aldundiak baliabide propioei egindako enkarguak Ogasun eta Finantza Sailaren “Aurrekontu-kudeaketa" atalean ikus daitezke esteka honen bidez:

    https://www.bizkaia.eus/eu/aurrekontua-kontu-publikoak?ejercicio=2022&idPadre=57432

  • Kontratuak. Bizkaiko Foru Aldundiko kontratazio-organoek kontratu administratiboak, pribatuak edo mistoak egiten dituzte sektore pribatuko pertsona edo entitateekin, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen esparruan.

    Hemen ikus dezakezu zer entitaterekin egin dituen kontratuak Bizkaiko Foru Aldundiak, eta entitateok zer zerbitzu egiten dizkioten:

    https://www.bizkaia.eus/eu/web/contratacion-publica/kontratuen-erregistroa

  • Hitzarmenak. Lankidetzarako tresnak dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusita daude, eta haien bitartez konpromisoak egiten dira bi alderen edo gehiagoren artean. Aztergai dugun kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak ondorio juridikodun akordioak egiten ditu, administrazio publikoa den aldetik, beste administrazio publiko batzuekin, erakunde publikoekin, sektore publikoko entitateekin edo zuzenbide pribatuko subjektuekin, helburu komun bat lortzeko.

    Bizkaiko Foru Aldundiak beste entitate batzuekin egin eta sinatutako akordioak Open Data Bizkaia atarian ikus daitezke esteka honen bitartez:

    https://www.opendatabizkaia.eus/eu/katalogoa/hitzarmenak

  • Kudeaketa-gomendioak: Tresna juridiko horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak bere eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak egiteko eskatzen die beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste entitate batzuei (administrazio berekoak izan nahiz beste administrazio batekoak), eraginkortasun arrazoiengatik, edo berak ez duelako lan horiek egiteko baliabide tekniko egokirik, betiere jarduera horiek haien eskumen eremukoak badira.

    Bizkaiko Foru Aldundiak baliabide propioei egindako kudeaketa-gomendioak Ogasun eta Finantza Sailaren “Aurrekontu-kudeaketa" atalean ikus daitezke esteka honen bidez:

    https://www.bizkaia.eus/ogasuna/presupuestos/burutzapena/burutzapena.asp?IdModulo=3&Tem_Codigo=8756&idioma=EU

Azaldutako tresna eta negozio juridiko guzti-guztiek (enkarguak baliabide propioei, kontratuak, hitzarmenak eta kudeaketa-gomendioak), dagokien eta berezko duten esparru material espezifikoa arautzeaz gainera, nahitaez jaso behar dituzte datu pertsonalen tratamendua arautzeko klausula juridikoak, negozio bakoitzeko prestazio nagusia gauzatu bitartean bete beharrekoak. Datuen babesari buruzko klausula horien bitartez antolatzen eta arautzen da Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendaritza nagusiek, tratamendu-arduradun gisa, tratamendu-eragileekin izango duten harreman juridikoa, bai eta datuak babesteko araudiak agintzen dituen gainerako baldintzak ere.