BIZKAIKO GARRAIOEN ARBITRAJE BATZORDEA

  • Bizkaiko Garraioen Arbitraje Batzordea lurreko garraioan esku hartzen duten alderdiak babesteko eta defendatzeko tresna da.

    Gatazkak judizioz kanpo eta doan ebazten ditu bere eskumeneko erreklamazioetan epaitegi eta auzitegiak ordezkatuz; haren ebazpenek (arbitraje-laudoek) epai judizial baten ondorio berberak dituzte.

    Arbitraje-batzordearen eginkizun nagusia erreklamazio hauek ebaztea da: eduki ekonomikoa duten merkataritza -arloko erreklamazioak, lurreko garraioaren arloko eta garraioaren laguntza-jarduera osagarrien arloko kontratuen betetzearekin lotutakoak.

    • Gatazka 15.000 eurotik gorakoa ez bada eta kontratuan esku hartzen duten alderdietako batek espresuki besteari adierazi ez badio arbitraje-batzordeen eskumena baztertzeko borondatea, kontratatuko zerbitzua hasi aurretik edo hasi behar zuen dataren aurretik (itundutakoaren arabera), orduan, arbitraje-batzordeak dira halako erreklamazioak ebazteko eskumena duten bakarrak.
    • Gatazka 15.000 eurotik gorakoa bada, arbitraje-batzordeek eskumena izateko, beharrezkoa da esku hartzen duten alderdiek, elkar hartuta, kasuan kasuko gatazka arbitraje-batzordearen ardura pean jartzea.

    Jarduketa-eremuan, garraio hauek sartzen dira:

    • Hirikoak (autobusa, taxia, tranbia…)
    • Hiriartekoak (autobusa, taxia, trenbidea...).
    • Salgaiak (zama osoa, zatikatua…)
    • Bidaiariak (erregularra, eskatu ahalakoa, turistikoa, ibilgailu-alokairuena…).

    Eskumena nazioko zein nazioarteko garraioetara hedatzen da. Multimodalak ere sartzen dira; alegia, garraiobide batean baino gehiagotan egin eta kontratu bakarrean formalizatzen direnak, betiere garraiobide horietako bat lurrekoa bada (errepidea-ontzia, trenbidea-airekoa…).

    • BIDAIARIEN arloan, gai hauei buruzko erreklamazioak ebazten ditu:
      • Bagajeetan izandako galerak edo kalteak.
      • Garraioaren baldintzak ez betetzea.
      • Ibilgailuen alokairuko kontratuak ez betetzea.
    • SALGAIEN arloan, adibidez:
      • Garraio-kostuak ez ordaintzea.
      • Salgaiak entregatzean izandako galerak, kalteak eta atzerapenak.
      • Geldiarazteak

    Erreklamazioak ebazteaz gainera, batzordeak hauetarako eskumena ere badu:

    • Garraiatutako salgaiak gordailutzeko eta, hala badagokio, besterentzeko erabakia hartzea.
    • Peritazio-eginkizunak betetzea.

    Batzordeak ezin izango du inola ere esku hartu lan-, zigor- edo tributu-arloko gaietan.

  • Bizkaiko Garraioen Arbitraje Batzordeak kasu hauetan izango du gatazkak ebazteko eskumena:

    • Bizkaia garraioaren jatorria edo helmuga bada.
    • Zerbitzua ematen duen enpresaren egoitza Bizkaian badago
    • Erreklamazioa erabiltzailea den kontsumitzaile batek jartzen badu eta haren ohiko bizilekua Bizkaian badago.

    Erreklamatzaileak hautatu ahal izango du zein batzordetan aurkeztu (eskumena dutenen artean) erreklamazioa, non eta aurretik eta idatziz ez duen itundu beste baten mende jartzea.

  • Bizkaiko Garraioen Arbitraje Batzordeak kide hauek ditu: batzordeko burua, idazkaria, garraio-enpresak (bidaiariena edo salgaiena, erreklamazioaren arabera) ordezkatzen dituen kide bat eta kargatzaileak edo erabiltzaileak ordezkatzen dituen kide bat.

    Arbitraje batzordeak Administrazioko bi kide izendatu ahal izango ditu, gehienez; eta idazkari-kargua haietako batek izan dezake.

  • Arbitraje-prozedura osoa doakoa da, proposatutako frogak egiteak eragindako gastuak izan ezik, eta ez da nahitaezkoa abokatuaren edo prokuradorearen laguntza. Gainera, alderdietako edozeinek ordezkaritza eman ahal izango dio beste pertsona bati, batzordeari zuzendutako idazki baten bidez.

    Prozedurak honako fase hauek ditu:

    1. Erreklamazio-idazkia aurkeztea

      Erreklamatzaileak erreklamazio-idazki bat aurkeztu beharko dio Bizkaiko Garraioen Arbitraje Batzordeari. Idazkian, erreklamatzailearen eta erreklamatutako alderdiaren datuak eta helbidea jaso beharko dira; egitateak eta, hala badagokio, erreklamazioa funtsatzen duten zuzenbideko oinarriak azaldu beharko dira, eta erreklamazioaren zenbatekoa zehaztu. Horrez gainera, egoki iritzitako frogagiriak erantsi ahal izango zaizkio idazkiari.

    2. Ahozko ikustaldia egitea

      Erreklamazioaren berri eman behar zaio erreklamatutako alderdiari, eta alderdi biei ahozko ikustaldirako deia egingo zaie. Agerraldi horretan, alderdiek egoki iritzitakoa alegatu ahal izango dute, eta frogak aurkeztu edo proposatu. Ekitaldi berean, proposatutako frogak egingo dira, ahal dela, edo haiek egiteko epe bat irekiko da.

    3. Ebazpena

      Prozedura amaitutakoan, batzordeak laudo bidez ebatziko du, gehienez ere 6 hilabeteko epean, ahozko ikustaldia egin den egunetik zenbatzen hasita. Laudoak gauza epaituaren ondorio berak ditu.

      Bizkaiko Garraioen Arbitraje Batzordeak laudoa eman ondoren, alderdiek hau egin dezakete:

      • Batzordeari eskatu ahal izango diote laudoa zuzentzeko, argitzeko, osatzeko edo laudoan gehiegikeriaz jokatzeagatik zuzentzeko, hura jakinarazi eta hamar eguneko epean.
      • Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari laudoa deuseztatzeko akzioa aurkeztu ahal izango diote, laudoa jakinarazi eta bi hilabeteko epean; edo, laudoa zuzendu, argitu edo osatzea eskatu bada, eskabide horren gaineko ebazpena jakinarazten denetik edo ebazteko epea amaitzen denetik aurrera zenbatuko da epea.
      • Bilboko Lehen Auzialdiko Epaitegian nahitaezko betearazpena eskatu dezakete, hogei eguneko epean, beste alderdiak laudoa betetzen ez badu. Horretarako, arbitraje-laudoaren ziurtagiria eskatu behar zaio Bizkaiko Garraioen Arbitraje Batzordeari.

    *Gatazkaren zenbatekoa 100 eurotik beherakoa bada, batzordeko buruak ahozko ikustaldia ez egitea erabaki ahal izango du.