2013

Kanpainak informazioko eta aldarrikapeneko kutsu argia dauka. Baina aurten garrantzi handiagoa dauka hezkuntzaren eremuak. Ikasgeletan garatuko den material didaktikoa banatuko da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, UPV/EHUko Errektoretzak, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak eta LGTB elkarteek kanpainan parte hartu dute.

Pilar Ardanzak adierazi du helburu nagusia dela ikastetxeak leku seguruak eta errespetuzkoak izan daitezela.

Bizkaiko Foru Aldundiak, maiatzaren 17an Homofobiaren aurkako Munduko Eguna ospatuko denez gero, aldarrikapen eta hezkuntza izaerako kanpaina bat abiatu du. Helburu nagusia herritarrak sexu-bazterketa mota guztien aurka sentsibilizatzea eta bazterketa horren aurka borroka egitea da.

"Homofobiarik ez, No a la homofobia" izen orokorra izango du ekimenak aurten, eta hezkuntzaren ingurukoa izango da. Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorearen laguntza jaso dugu. Bere irudia erabiltzeko baimena eman du, ikastetxeetan eraso, iruzkin edo ekintza homofoboak gelditzeko eskatzeko.

Bazterketaren aurkako borrokan konpromisoa

Maiatzaren 17an Homofobiaren, Lesbofobiaren eta Transfobiaren aurkako Eguna ospatuko da mundu osoan. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak sexu-orientazioaren eta genero-nortasunaren inguruko bazterketaren aurkako borrokan bere konpromisoa berretsi nahi izan du.

Hartara, 2010ean egindako ekimenari jarraiki, gaur aurkeztu den kanpaina antolatu da aurten. Ekimenarekin batera sexu dibertsitateari buruzko adierazpen instituzional bat prestatu dugu, Bizkaiko LGTB elkarteekin adostua. Gainera, material didaktikoa egin dugu, bigarren hezkuntzako ikasleen tutoretza-orduetan garatuko dena, eta "Homofobia historia da" izeneko erakusketa ibiltaria antolatu da, Bizkaiko campusetan zehar ibiliko dena.

Bizkaiko Foru Aldundiak udal eta mankomunitate guztiei dei egin die kanpainarekin eta adierazpen instituzionalarekin (Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak apirilaren 23an, asteartea, onartua eta prentsa-oharrari erantsi zaiona) bat egin dezaten.

Hezkuntzan zentratutako kanpaina

Gizarte Ekintza Sailak homofobiari ikasgeletan aurre egitea erabaki du, genero joera edo nortasunen aurka gertatzen diren adierazpen edo jokabide guztiak desagerrarazteko. Baina batez ere, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatuak azaldu duenez, ikastetxeak leku seguruak eta errespetuzko esparrua izan daitezen. Irakasleak eta erakunde eskudunak interesatuta daude eta borondatea daukate, eta horretarako, irakasleak prestatzea garrantzitsua da, erantsi du Ardanzak.

FELGTBko (Estatuko Lesbianen, Gayen, Transexualen eta Bisexualen Federazioa) Hezkuntza Batzordeak 2013ko irailean egindako ikerketaren arabera, 25 urtera arteko LGB nerabe eta gazteen eskolako jazarpena, homofobiaren eraginez, Espainiako geografia osoko ikastetxeetan zehar ikusten da.

Ikerketa horretatik ondorioztatzen da eskolako jazarpen homofobikoa 12-13 urterekin hasten dela eta batxilergora arte irauten duela. Gehienetan gizonezko gelakideek egiten dituzte erasoak. Era berean, mutilak dira honelako erasoak gehienetan jasaten dituztenak. Ez dugu baztertu behar irakasleek jazartzen dituzten gazteen portzentajea.

Eskolako jazarpen homofobikorik garrantzitsuena hitzezkoa eta isolamendukoa da, sarritan eta denboran luzaro gertatu ohi dena. Maiz (gehienetan) familiek ez dute jakiten eraso hauen berri, eta irakasleek babes gutxi ematen dute; gehienetan onartu egiten dute, ikerketaren arabera.

Homofobiagatik eskolako jazarpena askotan eta luzaro pairatzen duten LGB nerabe eta gazteek ahultasun, isolamendu, auto-zigor eta erru sentimendu argiak garatzen dituzte. Horrek itxaropen falta, suizidio-joerak, suizidio-plangintzak eta, neurri txikiagoan (baina portzentaje garrantzitsuan), suizidio-saiakerak ekartzen ditu.

Material didaktikoa

Material didaktikoa power point formatuan dago. Aldundiak 500 CD bidaliko ditu Bizkaiko ikastetxeetara, Berritzeguneen bitartez (hezkuntzako prestakuntza eta berrikuntza babesteko zentroak). Aurkezpena tutoretzako ordu batean garatzeko pentsatuta dago. Gaietan sakontzeko jarduera osagarriak dauzkaten estekak daude.

CD-ak materiala euskaraz eta gaztelaniaz dauka. Aurkezpenetik zenbait estekatan sartu ahalko gara, informazio osagarriarekin eta dinamika gehigarriekin, CD bereko beste karpeta batean sartuko direnak. Horrela, ez da beharrezkoa izango Interneteko konexioa edukitzea fitxa osagarrietan sartzeko.

"Homofobia historia da"

Aurtengo homofobiaren aurkako kanpainaren testuinguruan, aldundiak erakusketa bat antolatu du, UPV/EHUko Bizkaiko campuseko zazpi ikastegitan zehar ibiliko dena. Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzaren, ALDARTE elkartearen eta UPV/EHUko Bizkaiko Ikasle Kontseiluaren lankidetza du. Erakusketak 13 panel dauzka. Sexu eskubideak giza eskubideak direla eta, horregatik, unibertsalak direla erakutsi nahi du. Baldintza horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Ikasle Kontseiluak erakusketa antolatu dute.

Erakusketa horren bidez ondoko hauek jakitera eman nahi dira:

  • Sexu Eskubideak Giza Eskubideak dira
  • Giza eta sexu eskubideak unibertsalak dira. Eskubide batzuk ez dira beste batzuk baino garrantzitsuagoak, eta ez daude tradizioen edo sinesmen kulturalen mende.
  • Dibertsitate sexualaren eta LGTTBI pertsonen (lesbianak, gayak, transexualak, transgeneroak, bisexualak, intersexualak) aurkako fobia munduan zabalduen dauden gorroto motetako bat da.
  • Oraindik ere LGTTBI pertsonak hiltzen, jazartzen eta mehatxatzen dituzten herrialdeak daude.
  • Gaur egun ere LGTTBI pertsonei giza eskubiderik funtsezkoenak, bizitzeko eskubidea eta askatasunerako eskubidea, ukatzen dizkieten estatuak izendatu eta salatu beharra dago.
  • Urterik urte, bazterketaren aurkako legeak egiten dituzten herrialde gehiago daude, pertsonek euren adostasunarekin izaten dituzten sexu-jarduerak jazartzeko modu ororen aurka egiten dutenak. Baina oraindik ere bidea dago egiteko.
  • LGTTBI pertsonen aurkako jazarpenak eta erasoak deshumanizatu egiten gaitu.

Maiatzaren 17ko aurrekariak

Maiatzaren 17an homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako eguna ospatzen da, 1990eko maiatzaren 17an, hain zuzen ere, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuelako.

Egun horrek helburu bat baino gehiago ditu: batetik, homofobiaren aurkako erasoen aurrean sentsibilizazioa; bestetik, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) egun horri ofizialtasuna eman diezaiola. Eskaera hau ez dute LGBT elkarteek bakarrik defendatzen, baita erakunde publiko askok ere.

NBEak urrats garrantzitsua egin du, zigor kodeetatik jarduera homosexualak kentzeko proposamen bat Batzar Orokorrean eztabaidatuz. Baina bozketaren emaitza ez zen nahikoa izan: % 35 bakarrik izan ziren alde. Nabarmendu beharrekoa, aitzitik, planteamenduak onarpena jaso zuela da. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak borroka honekin bat egin nahi izan du, gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoagoa lortzeko.

Fitxategi hauek ikusteko doako programa behar duzu Adobe Reader