Toponimoak

Eskuartean duzun datutegi honetan Bizkaiko 24.000 leku izen inguru biltzen dira. Izenok 2004an Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako Bizkaiko Gidaliburuan agertzen dira, baina bizkaitarrei kontsultatzeko erraztasunak emateko asmoz bildu dira hona.

Izen egokiarekin batera generikodun aldaerak (euskaraz eta gaztelaniaz) agertzen dira, baita beste informazio osagarria ere: udala eta izaera (baserri, landa, hondartza...). Jakin badakigu badirela hemendik kanpo gelditu diren izenak, eta horiek ere ikerketak egin ahala bilduko ditugu aurrerantzean.

Izenak era egokian erabiltzea da helburua; hori dela eta, aldaera "desegokiak" ere sartu dira bilaketak egiteko. Horrela, norbaitek jakin nahi badu zein den Bilbo eta Zamudio artean dagoen gaina, Abril, Avril edo Iturrichualde idatzita ere izen egokia agertuko zaio: Iturritxualde. Izen hauek Hizkuntza Politikarako Sailburuodetzaren laguntzaz bildu ziren, eta Euskaltzaindiaren gidaritzapean arautu dira. Arauketa egitean Akademiak argitaratutako irizpide linguistikoak erabili dira, baina gerta liteke datu gehiago izatean, izen bat edo beste zuzendu behar izatea.

Azkenik, gogoratu behar zaio erabiltzaileari, oharrak egin nahi izatekotan, berak idatz dezakeela orrian ageri den helbidera.