2024ko neguko hemeroteka

Pelotazale / Adiskide Pilota Elkartea

Pelotazale izeneko aldizkariak 232 zenbaki argitaratu zituen 1992tik 2015era bitartean. 2025ean 50 urte beteko dituen Adiskide Pilota Elkarteak aldizkariaren argitalpen-lana egin zuen Galdakaon. Aldizkariak era guztietako informazioa biltzen zuen euskal pilotari buruz: partiden programazioa, kirolariei egindako elkarrizketak, pilotalekuei buruzko abisuak eta baita pilota jokoaren araudiaren ezagutza sustatzeko lehiaketak ere.

1975ean eskuko pilota gustuko zuten bost lagun bildu ziren, eta erabaki zuten Adiskide Pilota Elkartea sortzea. Bost lagun horiek Ealo, Mezo, Orrantia, Uriarte eta Olabarri ziren. Helburua, jakina, haien kirol gogokoena sustatzea zen, baina baita euskal kultura eta, batez ere, euskara ere. Berrogeita hamargarren urteurrena dela eta, datorren urtean ospakizun handia antolatzeko asmoa duen elkartearen presidentea da, gaur egun, Gaizka Uriarte Zearra.

Bizkaiko Foru Liburutegiak aldizkariaren bildumaren zati handi bat gordetzen du, lehenengo zenbakiarekin hasita.

Plasentia : Plasentia de Butron Museoko aldizkaria = revista del Museo Plasentia de Butrón

1999ko urtarrilean Plasentia de Butron Fundazioak museoa inauguratu zuen, Plentziako eta eskualdeko historiako hainbat elementu berreskuratzeko eta erakusteko. 25 urte igaro ondoren, 2023ko otsailean, Plasentia aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu zen. Aldizkariak Plentziako eta Uribe Kostako ondarea zabaldu nahi du, historiari, arteari, arkitekturari, ingurune naturalari eta abarri buruzko dibulgazio-artikuluen bidez. Aldizkariak museoko altxorrak eta erakunde horren kontserbazio-, zaharberritze- eta hedapen-jarduerak ezagutarazteko ere balio du. Aldizkaria Plentziako Hiribildu Nobleko Udalaren laguntzarekin argitaratu da. Museoak beste argitalpen batzuk ere eskaintzen ditu, bere web-orriaren bidez eskura daitezkeenak.

Bizkaiko Foru Liburutegiak eskaintzen dizkie erabiltzaileei aldizkari interesgarri honen hasierako ibilbidean argitaratutako lau aleak.