Jostailu ez-sexistak 2024

EZ DIEZAGUTELA IKATZIK EKARRI

Oraindik ere pentsatzen badugu mutilentzako jostailuak eta neskentzako jostailuak daudela, eta Mari Dominguiri eta Olentzerori, Bizarzuriri edo Errege Magoei bidaltzen dizkiegun gutunetan opari ezberdinak eskatzen badizkiegu neskentzat eta mutilentzat... agian ikatza ekarriko digute.

Gizonentzat eta emakumeentzat desberdina den gizarte batean bizi gara. Gure bizitzen hasiera-hasieratik ari gara barneratzen desberdintasun hori, gizona edo emakumea izateak eraginda, nola jokatu behar dugun markatzen duten mila xehetasun eta ikaskuntzen bidez. Desberdintasun horretan eraikitzen dugu gure izaera, eta desberdintasun horretan sozializatzen gara.

Gabonetan garrantzi sinboliko bereziko une bat bizi ohi dugu; garai honetan, xehetasun eta ohitura bakoitzak gure harremanak, gure sentimenduak edo gure desioak markatzen ditu. Mari Domingui eta Olentzero, Bizarzuri edo Errege Magoak beren opariekin iristen diren unea garrantzi bereziko une horietako bat da. Eta kontuan izan behar da jostailuak sozializazio-tresnak ere badirela. Jolasaren bidez ideiak, sinesmenak, gizarte-balioak, itxaropenak, beharrak, jarduteko ereduak... eraikitzen baitira.

Jokoa eta jostailuak hezkidetza eta berdintasuna sustatzeko tresnak izan behar dira. Jai hauetan opari asko egiten dira, eta garrantzitsua da gogoratzea jostailuek ez dutela geroan iraunarazi behar gure neska-mutilen bizitza eta etorkizuna mugatzen eta baldintzatzen duen estereotiporik. Aitzitik, berdintasun-tresna bilakatu behar dute, eta umeei lagundu bere nortasuna eraikitzen izatez direnaren arabera, askatasunez, aukera-sorta zabal batekin, genero-muga edo -baldintzapenik gabe. Ez da jostailu bereziturik egon behar mutilentzat eta neskentzat. Mutilek zein neskek berdin-berdin eskatu eta erabil ditzaketen jostailuak behar dira.

Utz diezaiegun libre izaten aukeratzeko eta jolasteko. Horrela, gainera, ez dugu ikatza jasotzeko arriskurik izango.