Giza Eskubideak 2024

#HumanRights75 #DerechosHumanos75 #GizaEskubideak75 #act4rightsnow #standup4humanrights #DiputacionForalBizkaia #BizkaikoForuAldundia

Gaur, inoiz baino gehiago, giza eskubideak aldarrikapen bat baino gehiago dira

2023KO ABENDUAREN 10ª. Giza Eskubideen Eguna

29. artikulua: Gainerako pertsonekiko betebeharrak ditugu, eta haien eskubideak eta askatasunak babestu behar ditugu.

Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da. 

Beharbada historia osoan ez da egon giza eskubideen defentsarako testu aurreratuagorik, munduko ia herrialde guztiak biltzen dituena.

Nazio Batuetako idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, adierazi zuen bezala, "tinko eutsi behar diogu intolerantziaren hedapenari, eta guztiontzako etorkizuna eraiki behar dugu, duintasuna, segurtasuna, justizia eta giza eskubideak izango dituen etorkizuna".

Testua 1948ko abenduaren 10ean argitaratu zen, mundua Bigarren Mundu Gerratik atera berria zenean. Lehenengoarekin batera milioika pertsona hil zituena eta pertsona kontaezinak erbesteratu edo babes bila mugiarazi zituena.

Horregatik Nazio Batuen Batzar Nagusia Parisen bildu zen egun horretan eta bere 30 artikuluetan oinarrizkotzat jotzen diren giza eskubideak jasotzen dituen ebazpen hau onartu zuen.

Hasieran deklarazioa izan zen, eta ez Tratatua, giza eskubide horiek nahitaez bete behar izatea adosteko zailtasunengatik.

Adierazpenaren nahitaezkotasuna hiru hamarkada geroago adostu eta onartu zen Giza Eskubideen Nazioarteko Itunekin. Itunek, euren hautazko protokoloekin eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin batera, hain ezaguna den Giza Eskubideen Nazioarteko Gutuna ere jasotzen dute.

INOIZ BAINO GEHIAGO

Zailtasun oso handiak bizi ditugu munduan. Ziurrenik Ukrainako eta Gazako gerrak ari dira foku mediatiko gehien jasotzen, baina ezin ditugu Yemen, Sudan, Afganistan edo Siria ahaztu. Zerrenda horretan armen logika basatiak bere indarra ezartzen duen beste leku asko gehitu daitezke.

Baina gatazka armatuetan ez dauden mundu osoko herrialdeetan ere gertatzen dira eskubideen urraketak. Derrigorrez gogoratu behar da Afganistango, Irango eta Somaliako emakumeek eta neskek pairatzen dituzten eskubideen urraketak, edo milioika emakumek ezin dutela euren gorputzaz erabaki, beste batzuek haien ordez erabakitzen dutelako.

Horregatik sentsibilizazio-kanpaina honek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren indarraldia eta zilegitasuna aldarrikatzen ditu.

Argi eta garbi esaten dugu: gaur, inoiz baino gehiago, giza eskubideak adierazpen bat baino gehiago dira.

Kanpaina hau Dibertsitatearen Komunikazio Batzordean egin da, eta bertan gizarte-arloko hainbat eragilek eta erakundek parte hartzen dute: Bizkaiko Gizarte Laneko Elkargo Ofiziala, T4, Kale Dor Kayiko, Libérate LGTBI, Agharas, Amuge, UN Etxea edo Fedaib.

Kanpaina honetan erakunde horietako hainbat pertsona, eta baita pertsona partikular batzuk ere, posatzera animatu dira guztion artean aurpegi, kolore eta adinez osatutako mosaikoa osatzeko, askotarikotasunaren eta eskubideen ideia hori helarazi eta zabaldu nahi duena.

Eskerrik asko euren laguntzagatik eta konpromisoagatik.

Batez ere sare sozialetan eta mundu digitaleko plataformetan garatzen den kanpaina da. Helburua biztanle guztiengana iristea da, baina bereziki sektore gazteenarengana, Adierazpen Unibertsalak dakarren duintasun-lezioa ezin delako ahaztu eta belaunaldi berri guztiekin errepasatu behar delako.

30 artikulu horietako batzuen errepasoa egiten dugu, eta, Bizkaiari dagokionez, gizarte aberats eta aurreratu gisa, 29. artikulua nabarmentzen dugu, honakoa ezartzen duena: "gainerako pertsonekiko betebeharrak ditugu, eta haien eskubideak eta askatasunak babestu behar ditugu".

Memoria- eta konpromiso-kanpaina bat da.

Eskerrik asko partekatzeagatik.