La fábrica de mi padre dokumentala

Norabidea eta memoria

Memoriarik gabe ez dago norabide argirik… Memoriarik gabe sinets genezake mundua gaur hasten dela. Adanismoa korronte magiko bat da, zeinak interpretatzen baitu gu baino lehen ez zela inor egon gure eskubideen eta askatasunen alde borrokatzen; interpretatzen du gozatzen duguna, agian, modu naturalean iritsi dela, aberastasuna opari bat izan dela, bizi garen gizarte aurreratua prozesu biosozial saihetsezin baten emaitza izan dela.

Baina ez. Memoriak kontziente egiten gaitu jasotako herentziaz; munduko leku zehatz honetan, belaunaldiz belaunaldi pertsona askoren borrokak ekarritako egitura ekonomikoa eta ongizatea dituen gizarte honetan jaiotzeak dakarren zoriaz jabetzera eramaten gaitu. Espainiako beste leku batzuetatik etorri ziren eta gaur egun daukagun ongizatea ekarri ziguten langile-ehuna eta iragan industriala osatu zuten pertsona asko eta asko borrokatu ziren horretarako.

Eta, horretaz jabetzea eragiteaz gainera, memoriak ulermena ematen digu; orain bizitzen ari garen orainaldira ekarri gaituen historia eraikitzen joan direnen testigantzak, kontakizuna eta ikuspegi historikoa eskaintzen dizkigu. Historiaren ulermen horrek zentzu osoa hartzen du, data ezagunez eta gertaera garrantzitsuez gainera, gure aurreko emakumeen eta gizonen begirada hurbilagoa eta gizatiarragoa eta haien egunerokotasunari lotuago dagoena ekartzen digunean. Bizkaiko garapen ekonomikoa txiki-txikienetik osatu zuten pertsonen begirada ekartzen digunean.

Horregatik dira hain funtsezkoak «La fábrica de mi padre» bezalako oroimen-lanak. XX. mendearen bigarren erdialdeko Bizkai industrialari buruzko begirada justua eta ezinbestekoa jasotzen du; lurralde historiko honetan gaur egun daukagun aberastasunaren zati handi bat ekarri zuten milaka pertsonaren lan gogor eta eskuzabalean oinarritu zen Bizkaiari buruzko begirada.

Nostalgia eta paisaia horien eta bizimodu horien oroitzapen kuriosoa alde batera utzita, dokumental honek eta haren indar gogorarazleak behartu egiten gaituzte berriro hausnartzera XXI. mendearen hasiera honetan gaudenoi, izan ginenari buruzko gogoetatik eta izango garenaren eta ondoren etorriko direnak izango direnaren proiekzio koherente eta solidariotik abiatuta.

Ikusezin bihurtutako historiaren parte den langile-klasearen aldarrikapen historikoa da, haiek gabe nekez azal baitaitezke oraina eta etorkizuna.

Ez dugu ahaztu behar, ezta iraganaren mitifikazio nostalgikora jo ere. Aitzitik, «La fábrica de mi padre» bezalako proposamenekin, begirada zintzoa proiektatzen dugu iraganerantz eta, aldi berean, etorkizunerantz, eta eskertu eta aitortu egiten dugu egindako lan eta borroka eskerga. Memoriarekin norabide argia baitago. Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua.

La fábrica de mi padre dokumentala