San Valentín FAQ

San Valentín FAQ

Otsailaren 14a maitasuna goresten duten mezuz beteta iristen da urtero. Mezu horien oinarrian, gizonei eta emakumeei modu ezberdinean eragiten dieten sinesmenak, estereotipoak eta portaera-ereduak daude.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailean hausnarketa sustatzeko kanpaina bat abiarazi dugu: maitasun erromantikoaren mitoak errealitate jakin bat eraikitzen du, harremanak markatzen ditu eta portaera bideratzen du. Hain zuzen ere, maitasunaren kontzeptu jakin bat aldarrikatzeko eta ospatzeko deia egiten duten ospakizunez, sareetako mezuz eta merkataritza-iragarkiz betetako egun hauetan bultzatu dugu gogoeta hori.

Kanpaina honen bidez, maitasunari eta harreman osasuntsuei buruz hausnartzera eta maitasun erromantikoaren mitoak emakumeen eta gizonen artean sortzen dituen desberdintasunak zalantzan jartzera eta halakoei aurre egitera bultzatu nahi da, batez ere mutil eta neska gazteen kasuan.

Ildo horretan, galdera hauek egiten dira:

  • Zu gabe ez naiz ezer?
  • Jeloskortasuna benetako maitasunaren adierazle da?
  • Sareetan «gustuko dut» sakatzea bikotekidea traizionatzea da?
  • Inoiz pentsatu duzu maitasun erromantikoaren mitoak desberdintasuna sortzen duela?

Desberdintasunean eta mendekotasunean oinarritutako harreman frustragarriak sustatzen dituzten mito eta estereotipoen eraginpean bizi gara. Galdera horiek eta beste batzuek maitasunari buruz galdekatzen gaituzte, eta desberdintasunak eta errealitatearekin zerikusi gutxi duten idealizazioak betikotzen dituzten harreman-eredu batzuen atzean ezkutatutako tranpak erakusten dizkigute.

Eta, batez ere, berdintasunean oinarritutako harreman osasuntsu eta aberasgarriak eraikitzeko kanpaina bat da. Maitasuna aldarrikatzeko kanpaina bat da.

San Valentin egun zoriontsua, berdintasunean!