Europako laguntzak eta aukerak

Sarrera

Europar Batasuna aukera askoko eremua da. Kohesio-politikak -Europar Batasunaren (EB) inbertsio-politika nagusia da- Batasuneko eskualde eta hiri guztiei egiten die mesede, eta hazkunde ekonomikoaren, enpleguaren sorkuntzaren, enpresen lehiakortasunaren, garapen jasangarriaren eta ingurumenaren babesaren alde egiten du. Horren bidez, eskualdeen arteko egiturazko desberdintasunak murriztu nahi dira, baita EBko lurraldearen garapen orekatua eta pertsonen arteko aukera-berdintasuna sustatu ere.

Bizkaiko Toki Erakundeentzako Europako Orientazio Bulegoa

Bizkaiko toki-erakundeei Europako finantzaketa-aukerak lortzen laguntzeko, aholkatzeko eta laguntzeko asmoz sortu da Bizkaiko Toki Erakundeentzako Europako Orientazio Bulegoa. Proiektu bat Europako laguntzen deialdi batera aurkezteko ahalegina egin behar da (denbora, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak), eta arlo horretako ezagutza espezializatua izan behar da.

Horregatik, udal, mankomunitate, landa-garapeneko elkarte, behargintza edo turismo-kudeaketako erakunde bat bazara, interesgarria irudituko zaizu gure zerbitzu-eskaintza.

Finantzaketa-aukerak toki-erakundeentzat

Europar Batasunak hainbat baliabide ekonomiko jartzen ditu administrazioen, erakundeen, enpresen, unibertsitateen eta herritarren eskura, eta interesgarria izan dakizuke baliabide horiek baliatzea.

Kontuan hartuta programa eta deialdi ugari daudela eta erakunde onuradun ugari egon daitezkeela, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko toki-erakundeentzat interesgarriak diren laguntzen deialdiak, jardunaldiak eta gaikako sareak hautatzen ditu. Informazio hori etengabe eguneratzen da, eta alerta pertsonalizatuen bidalketen bidez partekatzen da.

Dagoeneko 50 toki-erakunde baino gehiago ditugu erregistratuta gure sarean!

Bertako kide izan eta informazioa jaso nahi baduzu, idatz iezaguzu posta elektronikora: orientacioneuropea@bizkaia.eus

Laguntza eta aholkularitza

Toki-erakunde bat bazara edo toki-erakundeekin lan egiten baduzu, laguntza eta aholkularitza emango dizugu proiektu estrategikoak EBko finantzaketa-deialdietan aurkezteko.

Nahi baduzu, hitz egin iezaguzu zure proiektuei buruz eta lagunduko dizugu.

Jarri gurekin harremanetan helbide elektroniko honen bidez: orientacioneuropea@bizkaia.eus

Laguntza eskatzea

Gainera, laguntza eska diezaiokezu BFAri, proiektu bat Europako finantzaketa-deialdi batera aurkezterakoan izan dituzun kanpo-aholkularitzako gastuak ordaintzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzen dekretu bat argitaratzen du urtero, toki-erakundeek Europar Batasuneko programa eta ekimenetan parte hartzea bultzatze aldera. Deialdia Bizkaiko 150.000 biztanletik beherako udalerrietako udalentzat edo udal-elkarteentzat da.

Helburua da toki-erakundeek beren proiektuak aurkeztea Batasunaren laguntzen deialdietan eta finantzaketa osagarria lortzea beren ekimenetarako. Horretarako, erakunde eskatzaileak Europako laguntzak eskatzeko proiektua aurkezterakoan izan dituen kanpoko aholkularitza-kostuen ehuneko bat finantzatzen dugu. Ehunekoa % 50 eta % 100 bitartekoa da udalerriaren tamainaren arabera.

Udalek ez ezik haien udal-erakunde autonomoek eta udal-enpresa publikoek, mankomunitateek, landa-garapenerako federazio eta elkarteek, enplegua sustatzeko “Behargintza” zentroek eta Bizkaiko turismo-kudeaketako erakundeek ere jaso dezakete laguntza.

Eskaera bat aurkeztu nahi baduzu, informatu zaitez baldintzen inguruan eta eskatu laguntza esteka hauen bidez:

Webinar informatiboak

Era berean, webinar informatibo espezifikoak antolatzen ditugu Bizkaiko toki-erakundeentzat soilik. Interesa baduzu, idatz iezaguzu posta elektronikora: orientacioneuropea@bizkaia.eus

Gaiak eta programa eta deialdi motak askotarikoak direnez, ondo ezagutu behar dira horietako bakoitzean eskatzen diren betekizunak eta aplikazio-baldintzak. Hori dela eta, toki-erakundeentzat urtean gutxienez bi informazio-jardunaldi antolatzen ditugu online (webinar), deialdien azken berrikuntzak eta EBk finantzatutako proiektuen kudeaketari buruzko gaiak partekatzeko.

EBko gaietan espezializatzeko bekak

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egiten du beken deialdia Europar Batasunarekin zerikusia duten gaietan espezializatzeko ikasketak egiteko. Unibertsitate-titulua lortu duten eta Europako herrialde batean prestakuntza presentziala jaso nahi duten pertsonei daude zuzenduta. Beka horiei esker, graduondoko ikasketak egin ahal izango dituzte aukeratzen dituzten espezialitateetan eta unibertsitateetan.

Atzerrian prestatu nahi baduzu, kontsultatu EBko gaietan espezializatzeko bekei buruzko foru-dekretuaren baldintzak, esteka hauetan:

EBko mugikortasunaren gida

Jakin zer eskubide eta betebehar dituzun EBn bizitzeko, ikasteko edo lan egiteko orduan

Bizkaiko Foru Aldundiak Europar Batasuneko Mugikortasunaren Gida prestatzen du, eta, bertan, ikasketak eta lana direla-eta Europar Batasunean dagoen mugikortasunari buruzko informazio praktikoa jasotzen da, bai eta EBren barruan askatasunez zirkulatzetik eta mugitzetik eratorritako gure eskubideei buruzko azterketa xehatu bat ere.

Horrez gain, EBko herrialdeetan bizitzeko, ikasteko eta lan egiteko orduan kontuan hartu behar diren arau nagusiei buruzko informazio eguneratua jasotzen du gidak, bai eta EBko 27 estatu kideetako bakoitzean izapide burokratikoen eta administratiboen ardura duten agintariei buruzko erreferentziak ere.

Kontsultatu EBko mugikortasunaren gida

Bizkaiko Foru Aldundia EBn

Hobeto ezagutu ezazu Bizkaiko Foru Aldundiak zer egiten duen EBn

Europako legeriaren zabalkundea

Europar Batasunak eragin handia du gure eguneroko bizitzan, zuzenean eragiten digun araudia arautzen eta onesten baitu; adibidez, argiaren prezioa, elikagaien eta uraren segurtasuna, pribatutasuna eta segurtasun digitala edo osasun-txartela. Eguneroko bizitzan eragiten diguten gaien % 80 baino gehiago EBn erabakitzen dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak Europako legeria hori aztertu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenei edo interesei eragiten dien araudia hautatzen du, sail bakoitzari Europar Batasunak ematen dituen arau-berrikuntzen berri emateko eta horietatik eratorritako betebeharrak bete ahal izateko. Kontsultatu araudia

EBko erabaki-organoetan parte hartzea

Bizkaiko Foru Aldundiak, EAEko gainerako erakundeekin batera, Europar Batasuneko zerga-arloko erabaki-organoetan parte hartzen du. Zehazki, EBko Kontseiluak Bruselan dituen lantaldeetan eta bileretan hartzen du parte, herrialdearen ordezkaritzaren barruan, lurralde historikoek arlo horretan dituzten eskumenekin zerikusia duten zerga-arloko gaiak aztertzen direnean.

EGEFen kudeaketako bitarteko erakundea

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundia bitarteko erakunde izendatu dute EGEF egitura-funtsen kudeaketan, eta, hala, EGEFen programa operatiboarekin batera finantzatutako Bizkaiko proiektuak koordinatu, hautatu eta egiaztatzeko funtzioak ditu.

Sareetan parte hartzea

Bestalde, EBrekin zerikusia duten sare eta elkarteetan hartzen du parte, batez ere Europako Informazioaren Euskal Sarearen (EIES) bidez -Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Europako informazioaren arloan dauden baliabideak optimizatzeko eta kontsultak bideratzeko sortu zen-, bai eta Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren (Eurobasque) bidez ere -horren helburu nagusia da herrien aniztasuna errespetatuko duen Europar Batasun federal bat eratzea, eta EAEn Europako herri, nazionalitate eta eskualdeen arteko harremanak bultzatzea, aipatutako Europar Batasuna lortzeko-.

Horrez gain, IQ-Net Europako sarean hartzen da parte, egitura-funtsen programen kudeaketaren kalitatea hobetzeko. Esperientziak, ezagutzak eta ikaskuntzak trukatzen dira bertan.

Jakin gehiago Europar Batasunari buruz

Europar Batasuna zer den, zertan aritzen den eta nork osatzen duen jakin nahi baduzu, haren historia, erakundeak, aurrekontua eta legeria ezagutzera gonbidatzen zaitugu, bai eta haren lehentasunak eta ekintzak ezagutzera ere.