BUSTURIALDEA-URDAIBAIKO ESKUALDEKO PLAN ESTRATEGIKOA

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Eskualdeko 20 udalen parte-hartzearekin, Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoa (EPE) egiteko prozesua abian jarri dute. Planaren helburua eskualdean erakundeen esku-hartzea indartzea da, Busturialdea-Urdaibaiko garapen iraunkorrean eta bertan bizi diren pertsonen bizi-kalitatean eragina duten trakzio-proiektu kopuru mugatu baten bidez. Eskualdea bere osotasunean eraldatzeko gaitasun handia eta garapen sozioekonomikoan eragin handia duten proiektuak, hain zuzen ere.

Plana egiteko lehen urrats gisa, Eskualdearen diagnostiko integrala egin da, eta, bertan, etorkizunerako 8 erronka nagusi identifikatu dira (dokumentu eranskinean). Prozesuaren bigarren fasean, erronka horiei erantzuna emango dieten proiektuak identifikatu nahi dira. Horretarako, joan den abenduan foro bat egin zen, non Eskualdeko eragile adierazgarriek, jorratutako eremuetan adituak diren pertsonek eta Planaren Talde Eragileko ordezkariek (Eskualdeko 20 udalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute) parte hartu zuten. Proiektuak biltzeko prozesu hau osatu eta aberasteko, herritarren parte-hartzea jaso nahi da, orain arte aintzat hartu ez diren beste begirada eta ikuspuntu berriak kontuan hartuz. Eskualdean bizi diren edo Eskualdearekin harremana duten pertsonen ekarpenak jaso nahi dira, galdera honi erantzunez: zein proiektu edo ekimen proposatzen dituzu Busturialdea-Urdaibai eskualdeak dituen erronkei aurre egiteko?

Eragileen eta herritarren ekarpenak baliagarriak izango dira Planaren Talde Eragileak ezarri beharreko lehentasunezko proiektuak definitzeko.

Eskerrik asko aldez aurretik zure parte-hartzeagatik.

Epea itxita

PARTAIDETZA PROZESUAREN DOKUMENTAZIOA