Rekalde Aretoa

Rekalde aretoraren fatxada

Rekalde aretoa praktika artistiko garaikide ezberdinen ezagutzan, harreran eta hedapenean sakontzera bideratutako espazioa da.

1991. urtean sortu zenetik, ibilbidea gure mugen barruko eta kanpoko ekoizpen garaikidea ikertzeari lotu zaio. Horretarako, gaurko artearen inguruan eztabaidak jakinarazteko gai diren lan proposamenak eskaini ditu.

Rekalde aretoa ekoizpen artistikoaren esanahiari, aurkezteko eta adierazteko modu ezberdinei eta jende desberdinarekin solasaldian jarduteko gaitasunari atxikitako oinarrizko alderdien inguruan bateratze lana egiteko toki bezala pentsatu zen.

Egiturari erreparatzen badiogu, bi gunetan banatuta dago, baina Rekaldek hainbat abiaduratan funtzionatu nahi du eta, xede horrez, lan formatu ezberdinetan sakondu nahi du, hala nola erakusketak, artelanak aurkezteko proiektu puntualak, eztabaida saioak, bideo emanaldiak, hitzaldiak edo argitalpenak. Rekalde aretoak kulturaren mintzaira ezberdinei buruzko eztabaida irekian parte hartu nahi duten guztien artean eraikitzeko “gunea” izatea du helburu. Laburbilduz, praktika artistiko garaikidea ikasteko plataforma da.