400 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Bizkaiko segurtasun digitaleko eta adimen artifizialeko tailerretan

2026/07/30

Bizkaiko Foru Aldundiak prestakuntza-ekintzak sustatzen ditu, herritarrak autonomia osoz molda daitezen gizarte gero eta digitalagoan eta, hala, lurraldeko arrakala digitala txikitu dadin.

2026ko lehen seihilekoan arrakastaz gauzatu da Adiskidetza Digitaleko programaren lehen fasea, eta aurrez aurreko prestakuntza-tailerrak egin dira Bizkaiko 20 udalerritan. Guztira 44 tailer izan dira, eta 400 parte-hartzaile baino gehiago bildu dituzte; horien % 69 emakumeak izan dira.  

Prestakuntza-tailerrei esker, adinekoek gaitasun digitalak hobetu, eta ingurune digitalean duten segurtasuna eta konfiantza indartu dituzte, eta adimen artifiziala eguneroko bizitzarako tresna lagungarri gisa modu praktikoan erabiltzen ikasi dute.

Tailerretan parte hartu dutenek balorazio positiboa egin dute, eta haien erabilgarritasun praktikoa nabarmendu dute, baita prestatzaile-taldeak zalantzak argitzean erakutsitako hurbiltasuna ere.

Udako etenaldiaren ondoren, programak berriro ekingo dio bere agendari irailean, eta aurrez aurreko prestakuntza-saioak eskainiko ditu Bizkaiko udalerri gehiagotan.

Bizkaiko Agenda Digitala 2027

Ekimen hau Bizkaiko 2027rako Agenda Digitalaren barruan dago. Agendaren helburua  Bizkaia digitalki eraldatzea da, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko balioa sortuz, eta lurraldearen aurrerapena sustatzea. 

Adiskidetza Digitala programa Agendaren lehen ardatzean sartuta dago. Herritarrak eta bizi-kalitatea izeneko ardatza da, eta helburutzat  trebakuntza digitala, gaitasunen garapena eta ahalduntze digitala ditu.

Aurrez aurreko prestakuntza-saioez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak online prestakuntza ere eskaintzen du, oinarrizkoa zein aurreratua, bideo laburren formatuan, gaitasun digitalak indartzen jarraitzeko.

IKUSI SARRERA GUZTIAK