Bizkaiko Foru Aldundiak Datuaren eta AAren Akademia aurkeztu du

Datuaren eta AAren akademiaren aurkezpena

2025/11/17

Historia hasi zenetik ditugu datuak inguruan, eta inoiz imajinatu gabeko abiaduran hazten ari dira. Datuak nagusi diren ingurune batean bizi gara, eta datuak sortzen ditugu egiten dugun edozein mugimendu edo jarduerarekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak Datuaren eta Adimen Artifizialaren Akademia abiarazi du. Prestakuntza espazio berri horren helburua da datuaren kudeaketari buruzko oinarrizko kontzeptuak herritarrei hurbiltzea eta kalitatezko datuak izateko beharraz sentsibilizatzea.

Datuaren eta AAren Akademiak ezagutza eta gaitasunak sustatu nahi ditu, erabakiak hartzean eta berrikuntza sortzean datuek duten balioa aprobetxatzeko. Publiko zabalari zuzenduta dago: zuzendariak, teknikariak, informazioaren eta komunikazioaren arloko langileak, herritarrak, etab.

Prestakuntza hori bideo tutorialek eta deskarga daitezkeen dokumentuek osatzen dute, ikaskuntza eta ulermena errazteko diseinatuak baitaude. Baliabideak online eta modu irekian daude eskuragarri, gaian interesa duen edozein pertsona klik bakarrean sartu ahal izan dadin.

Zertarako balio dute datuek?

Datua aldagai kuantitatibo edo kualitatibo baten irudikapena da, gauzei esleitzen zaien balio bat adierazten du, eta sinboloen, zenbakien edo letren sekuentzia baten bidez irudikatzen da.

Datuek ez dute berez zentzurik, baina prozesatzen eta testuinguruan kokatzen direnez, informazio ziurra eta eskuragarria ematen dute fenomeno jakin bat ezagutzeko, erabakiak hartzeko edo ekintzak gauzatzeko. Datuak kategoriaren eta motaren arabera sailkatu behar dira, eta bakoitza modu desberdinean manipulatzen da, nahi diren emaitzak lortzeko eta errore posibleak saihesteko.

Adimen Artifiziala datuen ikaskuntza automatikoan oinarritutako teknologia da, eta algoritmoak erabiltzen ditu horiek aztertzeko, haiengandik ikasteko eta, ondoren, ekintza bat iragarpen edo iradokizun gisa gauzatzeko gaitasuna izateko.

Datuak eta AA erabiliz, posible da zerbitzu publikoak eta administrazioa hobetzea, izapideak arinagoak, zehatzagoak eta eraginkorragoak izan daitezen, pribatutasun, babes eta berdintasun irizpideen arabera.

IKUSI SARRERA GUZTIAK