Bizkaiko Agenda Digitala 2027, herritarrek gidatutako eraldaketa

2025/01/09

Bizkaiko Foru Aldundiak 2027 Agenda Digitala aurkeztu du, Bizkaia digitalki eraldatzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta lurraldearen aurrerapena sustatzeko ibilbide-orria.

Ingurune aldakorrak eta teknologia disruptiboen agerpenak, hala nola Adimen Artifiziala, Gauzen Internet edo Metaversoa, erronka eta aukera estrategiko berriak sortzen dituzte Bizkaia eraldatzeko eta maila teknologikoan erreferentziazko lurralde gisa eta talentua erakartzeko gune gisa kokatzeko.

Horregatik, lurraldearen eraldaketa digitalaren aldeko apustu sendoa egin behar da, Bizkaia erakargarriagoa, digitalki trebeagoa, kohesionatuagoa, inklusiboagoa, seguruagoa eta teknologikoki aurreratua lortzeko, aukera-berdintasuna, jarduera ekonomikoaren sorrera eta, ondorioz, lurraldearen hazkundea eta oreka bermatuko dituena.

Apustu hori Agenda Digital berri baten lankidetzazko diseinuan gauzatzen da. Agenda Digital horrek, 2027an, ekintza-esparru orokor bat eratzen du, eta, bertan, ibilbide-orriaren ildo estrategikoak zehazten dira, Bizkaiko gizartearen erabateko digitalizazioan urrats sendoz aurrera egiten jarraitzeko.

Agenda Digitalaren printzipioak

Bizkaiko Agenda Digitala printzipio hauei atxikitzen zaie, Bizkaiko eraldaketa digitala modu koherentean jorratzeko orduan:

  • Digitalizazioa aplikatzen dugu lurraldearen ongizatea, jasangarritasuna eta kohesioa maximizatzeko.
  • Pertsonen oinarrizko eskubideak eta berdintasuna errespetatzen eta sustatzen ditugu.
  • Herritarrek gidatutako eraldaketa digitala planteatzen dugu.
  • Proaktibitatea eta hurbiltasuna sustatzen ditugu, herritarren esperientzia optimizatzeko oinarri gisa.
  • Gure azpiegiturak garatzen ditugu, haien sendotasuna, segurtasuna eta eskalagarritasuna bermatzeko.
  • Berrikuntzaren eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egiten dugu, aurrerapen-ardatz gisa.
  • Gure hizkuntza, gure kultura eta Bizkaiko ondarea zaintzen ditugu.
  • Gure gene ekintzaile eta erresilientea sustatzen dugu, gure fidagarritasuna bermatuz.

2027ko Agenda Digitalaren ardatzak

Agendak ibilbide-orri bat ezartzen du, 4 ardatz nagusitan egituratua:

  1. Herritarrak eta bizi-kalitatea

    Pertsonak zentroan kokatzea bilatzen du, haiei laguntzeko eta haien beharrei eta itxaropenei behar bezala erantzuteko, bizitza osoagoa izaten lagunduz, lurraldean inklusioa eta aukera-berdintasuna bermatuz, haien gaitasun digitala bultzatuz eta berezko talentu teknologikoa sortzearen aldeko apustua eginez, STEAM bokazioak sustatuz.

  2. Azpiegitura teknologikoak

    Helburua da Bizkaiko gizarteari abangoardiako azpiegitura teknologikoak ematea, sendoak, seguruak eta fidagarriak, digitalizazioa bizkortu eta bultzatuko dutenak, herritarren beharrei erantzungo dieten zerbitzu digital aurreratuen hedapena bermatuz.

  3. Gobernu digitala

    Herritarren eta enpresen eskura dauden zerbitzuen digitalizazio proaktiboa eta etengabeko bilakaera teknologikoa bultzatzeko, hurbiltasuna, konfiantza eta gardentasuna hobetzeko, erabiltzaileen esperientzia maximizatuz.

  4. Berrikuntza eta lehiakortasuna

    Berrikuntza kolaboratiboa eta talentua erakartzea sustatzeko, lehiakortasuna eta lurraldearen aurrerapena bultzatzeko, teknologia digital disruptiboak aplikatuz.

Kontsultatu 2027 Agenda Digitala osorik

IKUSI SARRERA GUZTIAK