2026(e)ko maiatzakren 12(a) 11:51

Bizkaia, zahartze aktiboaren eta iraupen luzeko zainketen arloko lidergoaren Europako egoitza

Gizarte Ekintzako Saila

Foru Aldundiak eta OMEren Europako bulegoak nazioarteko ikastaro bat egingo dute Bilbon, lurraldea bizi-luzetasunaren, gizarte-berrikuntzaren eta ebidentzian oinarritutako politika publikoen arloko erreferente gisa sendotzeko

Amaia Antxustegik Naiara Artaza, Adriana Pinedo, Yongjie Yon eta Estefania Ilianka izan ditu lagun.

Amaia Antxustegi: "Bizkaiak ez du soilik ikastaroa hartzen, ekarpena ere egiten du; gure ekarpena egingo dugu Bizkaian epe luzeko zaintzen eraldaketan pilatutako esperientziatik abiatuta."

Bizkaiak Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Europako bulegoaren lidergoari buruzko Europako nazioarteko ikastaroaren bigarren edizioa hartuko du bihartik aurrera, hau da, maiatzaren 13tik. Zahartzea bizitzea da: biztanleriaren zahartzeak duen potentziala baliatzea izena duen erreferentziako programa horrek sendotu egiten du lurraldeak zahartze aktiboaren, bizi-luzetasunaren eta iraupen luzeko zainketen arloan Europako nodo gisa duen posizioa.

Ikastaroa elkarrekin taxutu dute OMEk eta Nagusi Intelligence Centerrek (NIC), Bizkaiko Foru Aldundiaren esparru estrategikoaren barruan. Ikastaroak Europako zenbait herrialdetako lider publikoak, ikertzaileak eta gizarte-eragileak bilduko ditu Bilbon; guztira, 40 parte-hartzaile izango dira, 800 hautagai baino gehiagoren artetik hautatuak. Horrek agerian uzten du topaketa honek interes handia piztu duela nazioartean. Ekimen hau ez da prestakuntza-ekitaldi hutsa; izan ere, nazioarteko zenbait erakunderen eta Bizkaiko ekosistema publikoaren arteko aliantza sendo baten emaitza da, eta, horri esker, lurraldea erreferentziazko espazio gisa kokatzen da, non ezagutza pertsonen eguneroko bizimoduari aplikatutako politika publiko bihurtzen baita.

Hiru egunean, parte-hartzaileek oinarrizko gaiak jorratuko dituzte; esaterako, nola egin prebentzioa bizitza guztian zehar, nola sortu ingurune atseginak, nola eraldatu zaintza-sistemak eta nola gainditu zahartzeari buruzko estereotipoak, hori guztia funtsezkoa baita aurrera egiteko gizarte bidezkoagoak, kohesionatuagoak eta jasangarriagoak lortzeko bidean.

Aldundiaren konpromisoa eta nazioarteko proiekzioa

Esparru horretan, Gizarte Ekintzako foru-diputatu Amaia Antxustegik gaur ikastaroaren aurkezpenean nabarmendu duenez, kontua ez da soilik nazioarteko ikastaro bat egitea, ezpada aktiboki parte hartzea gure garaiko erronka nagusietako bati, zahartzeari alegia, erantzun errealak emateko. Bizkaiak, anfitrioi ez ezik, eragile aktibo ere jardungo du, iraupen luzeko zainketen eraldaketan duen esperientzia partekatuz eta lurraldean abian diren eredu eta tresnen berri emanez. Zehazki, gure eredua azalduko dugu: pertsonak ardatz dituen eredua da, eta Nagusi Intelligence Center baliatzen du ezagutza, ebidentzia eta ekintza konektatzeko plataforma gisa eta OMErekin batera lan egiteko mugarriak bultzatzeko palanka gisa. Gainera, horrekin guztiarekin batera ditugun tresna zehatzak zerrendatu ditu foru-diputatuak: Iraupen Luzeko Zainketen Trantsiziorako Plana, zeinak bizikidetza-unitateak sustatzen baititu egoitzetan, arreta pertsonalizatuagoa emateko; etxeTIC eredua, zeinak sostengua ematen baitu etxean bizitzen jarraitzeko, eta erreferentziako eskualde-zentroak, zeinek egoitza-sarearen euskarri gisa baitihardute.

Bizkaiak programa honetan parte hartzeko arrazoia da, hortaz, Aldundiak apustu estrategikoa egin duela biztanleriaren zahartzeari aurrea hartzeko eta erantzuna emateko, autonomian, prebentzioan eta kalitatezko zainketetan oinarritutako ikuspegi integral batetik. Ildo horretan, Antxustegik azpimarratu duenez, horrelako nazioarteko ekimenetan parte hartzeak aukera ematen digu ikasteko, partekatzeko eta gure politika publikoak hobetzen jarraitzeko eta, aldi berean, Europan erreferentziako lurralde gisa dugun proiekzioa indartzeko.

NICen funtsezko zeregina

Nagusi Intelligence Center (NIC) zentroak funtsezko zeregina du ekosistema horretan, aktibo estrategikoa bihurtu baita ezagutza, ebidentzia eta ekintza publikoa konektatzeko eta nazioartean proiektatzeko Bizkaian garatu den zahartzearen gobernantza-eredua. OMErekiko lankidetza horri esker, ikastaroak ikasteko laborategi bizia bihurtu du Bizkaia, non analisi estrategikoa, lan aplikatua eta politika publiko errealekiko zuzeneko harremana konbinatzen baitira zainketen, bizi-luzetasunaren, gizarte-berrikuntzaren eta halako beste arlo batzuetan.

Hori guztia kontuan harturik zahartzea ez dela etorkizuneko erronka bat, ezpada oraingo errealitate bat, erantzun koordinatuak, jasangarriak eta pertsonak ardatz dituztenak eskatzen dituena. Ildo horretan, Antxustegik begirada eraldatzailea aldarrikatu du. Haren hitzetan, zahartzea ez da kudeatu beharreko arazo bat, ezpada potentzial handiko bizitzaren etapa bat, eta zahartzea ondo gobernatzea gure garaiko erantzukizun publiko nagusietako bat da.

 


Bideoak