2026(e)ko apirilakren 30(a) 12:35

Aldundiak enkargatutako azterlan batek berretsi duenez, Bizkaia ongizate, jarduera eta gizarte-kohesio handiz zahartzen da

Gizarte Ekintzako Saila

Amaia Antxustegik 'Bizkaiko 50 urteko eta gehiagoko pertsonen gizarte-premiei buruzko inkesta'tik ateratako zenbait ondorio aurreratu ditu. Azterlan zorrotz hori adin-tarte horretako 3.000 pertsonako lagin batean oinarrituta dago, eta haien bizi-baldintzak, premiak eta espektatibak sakon ezagutzea du helburu

Amaia Antxustegi

Bizkaiko 50 urteko eta gehiagoko pertsona gehienek osasun ustez onarekin bizi dute biziaro hori; gizarte-harreman sendoak dituzte; aktiboki parte hartzen dute, eta oso pozik daude bizitzarekin. Hala islatzen du Bizkaiko 50 urteko eta gehiagoko pertsonen gizarte-premiei buruzko inkestak, zeina gaur aurkeztu baitu Gizarte Ekintzako foru-diputatu Amaia Antxustegik. Foru-diputatuak azpimarratu duenez, azterlan hori ez da errealitatearen deskribapen hutsa, ezpada Bizkaiko Foru Aldundiaren ekintza publikoa bideratzeko tresna estrategiko bat. Adierazi duenez, pertsonak erdigunean jartzea, aldaketa demografikoei aurrea hartzea eta herritarren benetako premiei zorroztasunez erantzutea da erakundearen konpromisoa.

Azterlana lurraldeko 50 urteko eta gehiagoko pertsonei etxez etxe egindako 3.000 elkarrizketatik abiatuta egin da, eta erradiografia zabal eta zorrotza eskaintzen du jakiteko nola bizi den gizatalde zabal hori eta nola egiten dion aurre etorkizunari. Dagoeneko, Bizkaiko biztanleen ia erdiak dira adin-tarte horretako pertsonak. Antxustegik adierazi duenez, asmo handiko lan sendo eta zorrotza dugu esku artean, arretaz diseinatutako lagin zabal batean oinarritua, eta horrek bidea ematen digu oso emaitza fidagarriak eta adierazgarriak eskura izateko.

Emaitzen analisian sakontzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak ospe handiko aditu-talde zabal bati eskatu dio inkestako datuak zehatz-mehatz aztertzeko. Lan kolektibo horren emaitza da datorren maiatzaren 7an argitaratuko den liburua, zeina Nagusi Intelligence Centerren (NIC) aurkeztuko baita. Gaur egindako aurkezpenak aukera ematen du lehenengoz hurbiltzeko argitalpen horretan jasotako gogoeta nagusietara. Argitalpen horrek azterlanaren emaitzak zabaldu eta testuinguruan kokatzen ditu. Egun horretan bertan, NICek topaketa ireki bat egingo du lan hori partekatzeko, elkarrizketa sustatzeko eta Bizkaian zahartzeari buruzko ezagutza kolektiboa eraikitzen jarraitzeko.

Zahartze baliotsua

Inkestaren emaitzek erakusten dute Bizkaian zahartzea ongizatearekin, jarduerarekin eta gizarte-kohesioarekin lotuta dagoela gehienetan. Inkesta egin zaien pertsonen % 72k uste dute euren osasuna ona edo oso ona dela; % 85ek pentsatzen dute euren bizitzak zentzua duela, eta lautik ia hiruk ilusioz egiten diote aurre egunerokoari. Gizarte-harremanak ongizatearen ardatz nagusia dira oraindik ere: % 92k lagunak dituzte, eta hiru laurdenek baino gehiagok hurbileko familia-loturak dituzte. Gainera, % 69 laguntza-sare komunitario informaletako kide dira, eta parte-hartze handia dute aisialdiko eta kulturako jardueretan, bidaietan eta teknologia digitalen erabileran.

Inkestak egoera ekonomikoari ere heldu dio, eta agerian utzi du ezen, orainaldia gehienbat egonkortzat jotzen den arren (% 76 zailtasun gutxirekin edo batere zailtasunik gabe iristen dira hilaren amaierara), etorkizunaren kezka argia dagoela, batez ere pentsioei eta erretiroaren eraginari dagokienez. Inkesta egin zaien pertsonen % 65ek adierazi dute nahiko kezkatuta edo oso kezkatuta daudela pentsioen etorkizunaz; ehuneko hori % 74 da biztanleria aktiboaren artean. Erdiek baino gehiagok uste dute beharrezkoa dela pentsio-plan osagarri bat izatea, eta askok barrundatzen dute euren osasunak edo egoera ekonomikoak okerrera egingo duela erretiroaren ondoren.

Inkestaren arabera, zahartzea ez da homogeneoa, eta desberdintasunak handiagoak dira adin aurreratuenetan. 80 urtetik aurrera, indar handiagoa dute bakardadeak, mendekotasunak, mugikortasun-galerak eta arrakala digitalak. 80 urteko eta gehiagoko pertsonen % 43 bakarrik bizi dira, % 20k ez dute lagunik eta hamarretik lauk uste dute hala-holako osasuna edo osasun txarra dutela. Datu horiek agerian uzten dute politika unibertsalak erantzun espezifikoekin konbinatu behar direla, kalteberatasun handieneko uneetara egokitzeko. Antxustegik aurreratu duenez, datu hori funtsezkoa da, gogorarazten baitigu politika unibertsalak erantzun espezifikoekin konbinatu behar direla, kalteberatasun handieneko uneetara egokitzeko, eta esku hartu behar dugula kalteberatasuna kroniko bihurtu baino lehen.

Azterlanak baieztatzen du etxeak bizi-proiektuaren ardatza izaten jarraitzen duela 50 urteko edo gehiagoko pertsonentzat ere. Etxean ahalik eta luzeen irautea da gehienek nahi dutena: % 74k nahiago lukete euren etxean bizitzen jarraitu, baita mendekotasun-egoeran ere, eta % 90 inguruk adierazi dute pozik daudela euren auzoarekin edo ingurunearekin. Hala ere, azterlanak ohartarazten du ezen batzuetan benetako zailtasunak daudela nahi hori gauzatzeko; esaterako, oztopo arkitektonikoak, egokitu gabeko etxebizitzak edo mugikortasun-galera. % 14 igogailurik gabeko eraikinetan bizi dira, eta % 31 egokitu gabeko eskailerak dituzten higiezinetan. Egoera hori larriagotu egiten da adinarekin. Ildo horretan, foru-diputatuak azaldu duenez, erronka argi bat dugu erakunde gisa: etxez etxeko laguntza indartzea, komunitate-ingurunea zaintzea eta egoitza-aukera malguak eskaintzea, pertsonek askotariko bizi-proiektuak aukeratu eta haiei eutsi ahal izateko.

Datuek, gainera, informazio garrantzitsua ematen dute digitalizazioari buruz. Nahiz eta erabilera nabarmen aurrera doan adinekoen artean (% 82k Internet erabili dute azken urtean, eta smartphonearen erabilera oso hedatuta dago), arrakala digitalak bere horretan jarraitzen du adin aurreratuenetan, bereziki funtsezko izapideak egiteko. 80 urteko eta gehiagoko pertsonen artean, % 25ek soilik eska dezakete onlineko mediku-hitzordua, eta % 10ek soilik egin ditzakete laguntza-eskaerak Internet bidez. Izan ere, hiru pertsonatik bik nahiago dute aurrez aurreko arreta, baina gehienek (% 59) euren gaitasun digitalak hobetzeko interesa adierazi dute. Horregatik, digitalizazioan aurrera egiteak ez du esan nahi inor baztertu behar denik. Adierazi duenez, aurrez aurreko arreta mantendu eta indartu behar dugu, teknologia autonomiarako tresna bihurtzeko, eta beste oztopo bat ez izateko.

Azkenik, inkestak erakusten du zahartzaroa etapa neutrotzat edo positibotzat jotzen dela gehienbat, batez ere adintsuenen artean, eta adostasun sozial zabala dagoela adinekoek eurekin dakarten balioari eta esperientziari buruz. Halere, oraindik ere egiturazko beldurrek tinko diraute, hala nola osasunak oker egiteari, mendekotasunari, zama bihurtzeari edo kontuan hartua ez izateari zaion beldurrak, eta adinagatiko bazterkeria-egoerak ere bizi izaten dituzte.


Bideoak


Audioak