Elkarrizketa

BizkaiKOAren izaera berritzailea eta ahalmen handia nabarmenduko nituzke... Asier Madarieta, BizkaiKOAren zuzendari kudeatzailea.

Nori egokitu zaio ´BizkaiKOA´ proiektua gauzatzea eta abian jartzea?
Bizkaiko Foru Aldundiari.
Labur-labur… Zertarako sortu da BizkaiKOA? Zeintzuk dira bere misioa eta xedeak?
Ondarea ezagutarazteko bitarteko bat sortzea, non museoak lan horretan aktore nagusi bilakatzen iren. Bide horri jarraituz, BizkaiKOAren helburuak, alde batetik, Foru Aldundiaren museoen kudeaketa erraztea, eta bestetik, Lurralde Historikoko gainontzeko museoei, euren funtzionamendua hobetzeko, zerbitzu ezberdinak eskaintzea dira, horrela, denen politikak bateratuz eta jada baditugun baliabideak aprobetxatuz.
 

Bere egitekoak hauek dira:

  • BizkaiKOAren eta bertako langileen zuzendaritza.
  • Jarduteko plan orokorren betearazpena, kontrola eta jarraipena.
  • Erakundearen izenean kontratuak, hitzarmenak, protokoloak eta bestelako lotura juridikoak harpidetzea.
  • Gastuak ezartzea eta kobratzekoak zein ordaintzekoak agintzea.
  • Sarreren kudeaketa eta kontrola.
Zein da plangintza estrategikoa? Zertan datza Zerbitzuko beste sailekin egindako elkarlanak?
Erakundea abian jartzeko beharrezkoak diren pausuak jarraitzean datza, hau da, erakundearen egituraketan, baita BFAri eta Bizkaiko gainontzeko museoei aurkeztean ere. Kultura Zerbitzuarekin elkarlana, noski, oso estua da, batez ere, gure helburua gure Lurraldeko kultura ondarearen baliabideak ezagutaraztea delako eta zerbitzu honek baliabide horiei buruzko ezagutza sakona duelako, BizkaiKOArentzat oso garrantzitsua dena. Elkarlan hori museoen bidez ematen da bereziki, baina baita ere Ondarearen Europar Jardunaldiak edo indusketa arkeologikoekin erlazionatutako ekintzen bidez, adibidez. Benetan eskertzekoa da euren kolaborazioa.
 
Ondare Aretoan: Bilboko Kontsulatua erakusketaren inaugurazioa
Zein baliabide dituzue?
Gaur egun, erakundea hamasei kidek osatzen dugu eta egoitza, bulegoak, María Díaz de Haro kaleko 11.zenbakiko zortzigarren solairuan dago, BFAren Kultura Ondare Zerbitzua dagoen leku berean. Diru aldetik, BizkaiKOAk BFAk esleitutako diru kopuru jakin bat jasotzen du eta horretaz gain, kide diren museoen sarreren eta merchandising-aren salmentatik ere dirua jasotzen dugu.
Zeintzuk dira lanerako arlo nagusienak eta zein zati/epetan betetzeko asmoa duzue?
Lan-arlo ezberdinak hiru atal nagusitan bana genitzake: Zerbitzu Orokorrak, Proiektuak eta Lan-Mahaiak. Lehenengoak, Zabalkundea eta Komunikazioa, Programaketa, Argitalpenak, Didaktika, Erakusketak zein Idazkaritza eta Finantzazio arloak hartzen ditu barne. Bigarrenean, hau da, Proiektuak atalean, BFArenak diren eta BizkaiKOA osatzen duten museoekin zein gainontzeko kultura-azpiegiturekin zerikusia dutenak sartzen dira, beraz: Arrantzale Museoa, Euskal Herria Museoa, Europako Herrien Parkea, Santimamiñe, Foruko Erromatar Aztarnategia, Arkeologi Museoa, Muñatones Gaztelua, El Pobaleko Burdindegia, baita Rekalde eta Ondare erakusketa aretoak ere. Azkenik, Mahaiei dagokienez, Finantziazioa, Didaktika, Biltegia edo Kalitatea bezalako esparru espezifikoak lantzeko taldeez ari gara, zeinak BizkaiKOAko pertsonal teknikoak eta Bizkaiko museoetako profesionalek osatzen dituzten.
Zeintzuk esango zenuke direla erakundearen alderdi esanguratsuenak? Zeintzuk lirateke, epe motzera, ertainera eta luzera, erronkarik handienak?
Alderdi esanguratsuenak izaera berritzailea eta daukan ahalmena direla esango nuke. Erronkei dagokienez, epe laburrean erakundea abian jartzea izan dela uste dut. Epe ertain eta luzera, esango nuke, museoetan espezializatutako ´zerbitzu-gutun´ bat diseinatzea eta eskaintzea izango dela erronka, halaber, Bizkaiko museo guztiekin elkarlana sustatzea.
 

ESALDIAK

  • BFAren Kultura Ondarearen Zerbitzuarekin elkarlana oso estua da.
  • BizkaiKOAk BFAk esleitutako diru kopuru jakin bat jasotzen du.
  • BizkaiKOAk duen izaera berritzailea eta ahalmen handia nabarmenduko nituzke.
  • Erakundeak eskainiko dituen zerbitzu-gutuna osatzen hasi gara.
  • Bereziki garrantzitsua deritzot gure lanean alderdi berritzaileak sartzeari.
Zure ustez, zein eragin izango du esperientzia honek zure ibilbide profesionalean?
Guztiz aberasgarria izango delakoan nago. Ni bezala, hamaika urtez testuinguru honetan lanean aritu den pertsona batentzat, oso berezia da Bizkaiko museoengan eragina duen eta benetan berritzailea den mota honetako proiektu profesional bateko kide izatea.
 
Aritu izan al zara lehenago honelako kargu /lanpostu baten?
2008tik Bilboko Artelan Berreginen Museoko zuzendari izan nintzen. Lehenago, urte horretara arte, enpresa pribatu batentzat lanean aritu nintzen eta Bizkaiko zenbait museotan koordinazio-arduradun izan nintzen.
Zein itxaropen dituzu?
Alde batetik, epe ertainera, bizkaitarrek BizkaiKOA jadanik dauden baliabideen kudeaketa egokia sustatzen duen erakunde gisa ezagutzea gustatuko litzaidake. Bestetik, Bizkaiko museoek euren konfiantza gugan ezartzea eta guri buruzko balorazio positiboak egitea espero dut. Nire iritziz, horren adierazgarri argiena BizkaiKOArekin elkarlanean aritzea izango litzateke.
Zertan datza zure lanak? Zertan zabiltza lanean orain, hasiera baten?
Zuzendari-kudeatzaileari BizkaiKOAren sorkuntzaz, egituraketaz eta koordinazioaz arduratzea dagokio, baita abian jartzeaz eta helburuak betetzeaz ere. Zehatzago esanda, egun, erakundea Bizkaian interesa duten agente guztiei ezagutzera ematen dihardugu. Bestalde, eguneroko lanari dagokionez, erakundeak eskainiko dituen zerbitzuen gutuna prestatzen hasi gara eta horretaz gain, 2012rako ekintzen behin betiko programaketak diseinatu ditugu.
Zure karguaren zein alderdi iruditzen zaizkizu interesgarrien?
Bereziki garrantzitsua deritzot gure lanean alderdi berritzaileak sartzeari, bai kudeaketa ekonomikoari edo programaketari, zein zabaltzeari, didaktikari edota arduradun garen beste edozein lan esparruri dagokionez.
Zeintzuk dira zuzentzen duzun erakundean epe ertainera eta luzera dituen planak?
Aurrerago esan bezala: epe ertainera, zerbitzu-gutuna abian jartzea, eta epe luzera, Bizkaiko museo guztiekin elkarlana sustatzea eta lortzea.